Gizartea eta museoak

Gizartea eta museoak –

Aurreko astean Euskadi Irratiko Faktoria programan, Xabier Gantzarain eta Haizea Barcenilla entzun nituen museoei buruzko elkarrizketa oso interesgarri batean, Gantzarainek Jakinen egindako artikulu interesgarri baten harira eta Barcenillak eta Garazi Ansak erakusketa batzuen komisariatuez egindako kritikak kontuan hartuta.

Gizartea eta museoak

Arte museoez ari ziren artikuluak (nahiz irratsaioan museo hitza baino ez zuten aipatu, beste motako museoak aipatu gabe, ez borondate txarrez) eta aipatzen zuten ze garrantzi duten museoek gizartearentzat ondare artistikoaren gordailu eta erakusle moduan. Kritikatzen zen nola bertako artistak eta, areago, emakumeak bazter utzita zeuden museo horietan. Are gehiago, Guggeheimen eraginez, esaten zuten ikusgarritasuna markan dagoela eta ez benetan bilduma eta erakusketetan: deigarria izan behar da, erakargarria, modakoa eta star system-ean sartzen dena (ingelesez nahita jarri dut). Ados nago ziotenarekin: hori interesgarria da, baina ezin da helburu bakarra izan: edukia, ikuspegi kritikoa eta bildumaren funtzioa ahazten da eta efektismoa eta itxura bilatu (asko sinplifikatuz).

Oso interesgarria zen irratian esan eta artikuluetan idatzi zutena.

Aldi berean oso penatuta geratu nintzen. Euskal Herriko arte museo batzuk (ez denak) aipatu zituzten, Arabako Artium ere bai (hobetu daitekeen arren, bilduma bikaina daukana, jabego publikoduna eta gestioa Fundazio bidez egin arren, diru publikoz mantendua). Baina ez ziren Araban dauden beste museo publikoak aipatu: zuzenean Arabako Foru Aldundiak kudeatzen dituenak: haien artean zerrenda horretan falta zen Arabako Arte Ederren museoa, hark daukan bilduma bikainarekin, batez ere XIX. mendeko arabar pinturaz; Natur Zientzia museoa, zeinetan nazioartean ikertua eta aipatua den Arabako anbareaz informazioa daukan; hain ezaguna ez den Arma Museoa, bere bilduma bereziarekin; edo Fournierren bilduman oinarritutako Karta Museoa, mundu mailan bakanetakoa eta bereizenetakoa; eta, azkenik, aurrekoarekin batera BIBAT eraikinean dagoen Arkeologia Museoa, Nafarroaren ostean, Euskal Herriko bilduma arkeologiko interesgarriena daukana gure historia ezagutzeko.

Baina izan gaitezen zintzoak, nola iritsiko zaio haien berri gizarteari edo espezialistei, nahiz sarrera doan izan eta beren ezagutza denen eskura egon, bere kudeaketa duen erakundeak ez dituenean merezi duten distirarekin ezagutzera ematen aukera daukan plazetan? Bertakook akaso ere kasu gehixeago egin beharko genioke geureari, beti kanpokoari begira egon ordez.

Gizartea eta museoak