Gizarte-sareak eta hezkuntza
Ikuspegi apokaliptikoa
Gizarte sareak oso arriskutsuak dira. Gazteekin kontuz, edo hobe, gazteei erakutsi behar zaie zenbat eta urrunago hobe. Txikitan entxufeekin eta suarekin bezala: ez ukitu! Fú!! Familiei ere erakutsi behar zaie interneten zenbat arrisku dauden. Grooming eta ciberbullying zer den ondo ez dakien batek nola opari diezaioke semeari edo alabari gailu elektroniko madarikatu horietako bat? Etxeetan, ordenagailua egotekotan, korridorean edo sukaldean, betiere, une oro, nagusien begi bistan, segundo pare batean ere ez galdu helduen kontrola. Nagusiek interneteko seguritateari buruz hamaika ikastaro egin baino lehenago eta ondo jantzita egon baino lehenago, etxean gailurik ez, eta gero, hobe adin gutxienekoei giltzarrapo gotorrak jartzea. Pasahitzak. 23 K@raKteret@ko#aK, gutxienez. Webgunerik galbidetsuenak, arriskutsuenak, saihesteko iragazkirik onenak. Antibirus onenak eta beti eguneratuak eta, batez ere, serio demonio debekatu Tuenti, Orkut, Facebook, Twitter eta Guatxap horiek guztiak!
- Ume bat telefono inteligentearekin jolasten.
- Argazkilaria: Biswarup Ganguly GFDL – CC-BY-3.0 via Wikimedia Commons.
Arriskutsuena: zenbait trepeta dauzkaten bideo-kamera horiek. Horien aurrean, hoberena: kamerak, hasiera-hasieratik, erabilezin uztea. Bideo-kamera bat + interneteko konexioa nerabe bati uztea 750 cc motorra kaskorik gabe uztea baino arriskutsuagoa.
Ordenagailua erabiltzeko ordutegi zorrotzak ezarri. Arrisku berriak egunero, gauero, agertuko direnez, adi-adi ze Etsaia beti dago adi.
Antikristoa dagoeneko gure artean dago, gure etxeetan gizarte-sareen bidez sartuko zaigu.
Ikuspegi ezkorra
Gizarte-sareen erruz gure ikasleek gero eta gutxiago irakurtzen dute. Horrela segituz gero analfabeto funtzional bilakatuko dira.
Gure garaian liburuak, egunkariak, aldizkariak irakurtzen genituen. Duela urte gutxi batzuk blog mezuak irakurtzen hasi ginen. Egun 140 karakteretako mezuak, besterik ez dituzte irakurtzen…
Ortografia, gramatika arauak-eta, etengabe hausten ari dira eta gehiago irakurtzen dira testu okerreak ereduzko testuak baino. Lastr inok eztu idzten #hacking-go!
Ikuspegi zuhurra
Gizarte-sareen gaia gai konplexua da. Hezkuntzan aprobetxagarri egon daitekeen alderik balego, lehenenik, profesionalen trebakuntza sakona beharko genuke. Gero, familiei ere trebakuntza sakona. Azkenik, agian, ikastetxe pilotu batzuetan gela pilotu batzuk ezar litezke. Horietan, astean hamar minutuz-edo, hasteko, konfiantzazko enpresa batek hezkuntza sailerako beren beregi sorturiko gizarte-sare emulatzaile kontrolatu eta seguru batekin esperimenta genezake. Esperimentu horietarako, jakina, aurretik familia guztien, ikas-komunitate osoaren inplikazio osoa beharko genuke.
Ezer baino lehen, eduki publiko eta pribatuaren arteko aldea argi geratu behar, mugak non dauden. Esaterako, argazkiak jartzerakoan, argazkietako pertsona bakoitzaren baiezkoa beharko da, idatzizko baiezkoa ahal bada, bestela, intimitatea urratzea dakarrelako.
Ikasleek bidaltzen dituzten mezu guztiak, jakina, pertsona heldu aditu batzuek iragazi beharko lituzkete. Kanpoko jendeari gure ikasleen mezuak irakurtzea galarazi beharko. Errespetuaren mugak, betiere, ondo zaindurik daudela ongi ziurtaturik beharko.
Libertadea ondo dago baina askatasunak ardura, arduratsu jokatzea, exijitzen du.
(Datuak Babesteko Euskal Agentzia: KontuzDatos )
Ikuspegi didaktikoa
Familiekin ezer gutxi egin daiteke, nahikoa lana daukagu ikasleekin. Nahikoa eta sobera. Ikuskaritzatik esaten bazaigu ikasleei erakutsi beharko zaiela hainbat gizarte-sare daudela-eta bada tira, programazioetan gaur egungo arazoei leku utzi beharko zaie. Ondo azaldu beharko da gizarte-sareen historia, gizarte-sare motak… Ikasleek bestela, nola jakingo dute gizarte-sare batzuk edukiak partekatzeko sortu zirela: flickr, youtube, slideshare… esaterako. Beste batzuk unean egiten ari zinen ekintzaren berri emateko: identi.ca, blogsoviet eta twitter kasu. Eta azkenik, beste sare batzuk pertsonen arteko harreman-sarea ehuntzeko sortu zirela: facebook, tuenti, orkut, etab.
Hasteko, ikasleekin ikasgelan gizarte-sareei buruzko testu bat irakurri ahal da, testu-liburu ofizialak horrela iradokitzen badu: taldean, ikasle bakoitzak paragrafo bana ozen eta bitartean hitzik zailenak arkatzez azpimarratu, irakasleak dena azaldu, ulermen-galdetegi bati ikasleek erantzun (astirik ez balego etxeko lan legez agindu) eta azkenik, azterketa. (Esate baterako, zerrendatu foro eta gizarte-sareen arteko 10 diferentziak, liburuan agertzen diren hamarrak, ez besterik, edo galdera inportanteagoa, 2 puntukoa izan daitekeena: zeintzuk dira gizarte-sareen arriskurik nabarmenenak; zerrendatu liburuko hamarrak, gutxienez).
Ikuspegi pragmatiko baikorra
Gizarte-sareak hortxe daude. Ikasleek erabiltzen dituzte eta gustukoak dituzte. Errealitate hori aldatzen saia gintezke edo abiapuntu horri etekina ateratzen saia gaitezke. Traol bat, hashtag bat, adostu eta lagunarteko hizkuntza-erregistroari jo ta fuego! Erabil ditzatela gizarte-sareak interneteko interesgarriena lagunekin partekatzeko. Horrela ere ikas daiteke.
Ikuspegi suharra
Gizarte-sareak hezkuntzarako berebiziko garrantzia izango dute etorkizun hurbilean. Twitter bera inoiz asmatu den hezkuntzako lanabesik emankorrena izan liteke. Ikasle bakoitzeko smartphone bat eskolaurretik hasita ezinbestekoa. Azkar ibili behar; Albertan, Finlandian, Singapurren, Korean, Shanghain… gure aurretik dabiltza kontu hauetan. Ezin gara atzean geratu. Irakaslerik onena internet bera da. Ondo trebaturiko interneteko natiboek hamaika gauza batera ikasten dituzte. Arakatzailean 34 fitxa batera kudeatzen dakiten ikasleak behar ditugu. Terminala, kontsola, zabaltzeko beldurrik ez duen gazteria.
Webcamik txarrena irakaslerik onena baino hobea da, zalantzarik ez. Arriskuak ñimiñoak dira. Esaterako, sexurik seguruena sexu birtuala da: ez eritasun benereorik, ez planifikaturik gabeko haurdunaldirik; Kaspersky, Avast, Norton edo McAfee antibirusek erraz sendatuko duten “gaixotasunak”, ez besterik. Gure umeek telefono inteligenteak, tabletak, sehaskan erabiltzen ikasiz gero… auskalo!
Etorkizuneko Bill Gates eta Mark Zuckberg horiek euskaldunak izan litezke!