Giro goxo eta sanoa, EHZ

Giro goxo eta sanoa, EHZ –

Giro goxo eta sanoa, EHZEuskal Herria Zuzenean festibalaren 28. edizioa, lehena Arberatzen eta Amikuzen, giro goxo eta sanoan iragan da. Hiru egunez, milaka festibalari bildu dira Arberatzeko plazan eta pentzean. Herri aldaketaren desafioa goiz eta arrats txandakatu diren 600 laguntzaileei esker gainditu du EHZak. Eta argi dugu: transmititua izan zaigun tresnak gure artean ehunduz, gazteriak guregain hartuz eta gureganatuz, urtez urte ibiltzen gira harremanak josten, arnasgune dugun urteroko hitzordua da EHZ.

Broken Brothers Brass Band txarangak festibalaren lehen doinuak bota zituen Arberatzeko plazan, eta Euskabaret-ek ederki segitu zuen, «harrotasunez» plaza mila kolorez apainduz. Tshegue taldearen kontzertua ostiraleko gaualdiaren momentu azkarra izan zen, beste hainbaten artean.

Lehen gaualdia laino grisen artean iragan bada, Euskal Herria Zuzeneko festibalariak oihaletxe eta autoak bustirik iratzarri ziren larunbatean. Euri tanta batzu erori arren, eguneko programazio osoa mantendua izan da plazan. Gauean, Gorka Urbizu, Nakar eta Su Ta Gar taldeen kontzertuek giroa berotu zuten.

Gaitero eta ziganteek eman zioten azken egunari hasiera eta eguerdi hirian Euskal Herriko Laborantza Ganbarako zikiro tradizionala bete da. Gauean, Rüdiger, Vincen Garcia eta Bloñ kontzertuek ikusmin haundia sortuko dute eta Old School Funky Familyk aurtengo edizioa hetsiko.

.

Aldarriz josia

Hiru egun hauetan, EHZ hainbat borroken topaleku izan da eta hainbat balore eta aldarri argitan ezarri ditu.

Hausnartzeko tartea izan dute festibalariek Arberatzeko eskolan. Larunbatean, Frantziako immigrazio legea eta Europako paktuari buruzko hitzaldira jende anitz hurbildu zen. Ondotik, Eider Beobidek itzuli eta Xalba Ramirez-ek musikatu duen Mohammed el-Kurd poeta palestinarraren RIFQA poesia bildumaren irakurketa izan da, besteak beste. Igandean Livani Angajoxue kanakiar militante independentista bere herriaren egoeraz mintzatzera etorri zen.

.

Hemendik aniztasunaz irauli kultura erein!

Hamar urte pasa dira EHZak «Aniztasunaz irauli, kultura erein» lemapean antolatu zuen ediziotik. Eta 2014ko urte hartan, halaxe zioten festibaleko militanteek: «gure leloa sinplea bezain garrantzitsua da: ez da populu ala kultura bat bestea baino gehiago balio duenik». Hamar urte berantago, testuinguru politiko ilun eta nahasi huntan, hitz horiek oihartzun haundiagoa dute oraindik.

Sortu denetik, EHZak hainbat balore eta ideia defenditzen ditu eta bere heinean praktikarat eramaiten: kultur aniztasuna, euskara, feminismoa, ekologia, antikapitalismoa, elkartasuna, justizia soziala. Aurten ere, ehunka gazte militanteek Euskal Herria Zuzenean eraikitzen dugu, auzolanean eta elkartasunez, jendarte eredu alternatibo baten hedatzeko asmoz.

Eskuin muturraren munduaren ikuskera arrazista, matxista, autoritarioa eta zapaltzailea normalizatu egin den heinean, Euskal Herritik, EHZtik, Hemendik, eskuin muturraren ideien kontra borrokatzeko engaiatzen gira, kulturgintzatik, euskaratik, bai eta ere gure arteko harremanak sendotuz eta indartuz.

Giro goxo eta sanoa, EHZ

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude