Geuretik Sortuak egitasmoaren bigarren edizioa, martxan

Geuretik Sortuak egitasmoaren bigarren edizioa, martxan –

Geuretik Sortuak egitasmoaren bigarren edizioa martxan da: sortzaileentzako beka zabalik!

Bigarren edizio honek arte alor berri bat gehituko du: literatura, zinegintza eta antzerkigintzako lanez gain, komiki lanak ere diruz lagunduko dira.

Aurreko edizioan bezala, proiektu honek sortzaileak eta euskal udalerriak uztartuko ditu, sormen egonaldiak sustatuz, euskarazko lanak garatzeko.

Proiektuak 2023 eta 2024 urteak hartuko ditu: lehen urtea egonaldien eta sormenaren urtea izango da; bigarrenean, aldiz, kultur zirkuitua osatuko da ekimenean parte hartu duten udalerrietan zehar, lanak hedatzeko.

Geuretik Sortuak egitasmoaren bigarren edizioa, martxanAurreko edizioaren arrakastak bultzatuta, eta hainbat hilabetez luzatu den prestaketa garai baten ostean, martxan da berriro ere Geuretik Sortuak ekimena. Euskaraz sortutako artea sustatu eta hedatzea helburu duen egitasmo honek bigarren edizioa izango du, 2023. eta 2024. urteetan zehar luzatuko dena. Zinegintzan, Antzerkigintzan, Literaturan eta, estreinakoz, Komikigintzan aritzen diren sortzaileei zuzendutako beka deialdia gaur zabaldu du Udalbiltzak, eta Buletin Ofizialetan argitaratzen den unetik hilabetez egongo da zabalik (epemuga laster jakinaraziko da, Udalbiltzaren gardentasun atalean).

Aurreneko edizioan bezala, ireki berri den beka deialdiak honakoa sustatuko du: goian aipatutako arte alorretako sortzaileek, euren bizilekua ez den herri batean hiru astera bitarteko egonaldia egingo dute, bertako errealitatean modu askean oinarrituta, herritarrekin harremanean, euskarazko sormen lan bat garatzeko. Hautatua den sortzaile bakoitzari bi beka eskainiko zaizkio: bata lanaren sormen, garapen edota ekoizpenerako; eta bestea, ostera etorriko den hedapen fasean sortzaileek egingo dituzten aurkezpen/emanaldien ordainsari gisa (azken hau emanaldi kopuruaren araberakoa izango da). Bi beka hauez gain, egitasmoak sortzaileen egonaldiko dietak, ostatua eta garraio-gastuak ere estaliko ditu.

Deialdian ez da edizio honetan parte hartuko duten udalerrien zerrenda argitaratuko. Bertara aurkezten diren sortzaileek, eurek garatu nahiko luketen proiektuaren proposamen ireki bat aurkeztu beharko dute, baita eremu ezberdinetara egokitzeko gaitasuna eta malgutasuna adierazten duen beste dokumentu bat ere. Herri bakoitzari hoberen dagokion artista eta proposamena esleitzeko Balioespen Batzordea osatuko da, behin deialdia amaituta.

Hautatu eta garatzen diren literatur lanak ipuin luzeak izango dira; behin amaituta, lehenengo edizioan bezala, bilduma batean argitaratuko direnak. Komikigintzarekin berdin egingo da, sortzen diren lanak bilduma batean argitaratuz. Horrez gain, alor honetako lanen prozesua dokumentatuko duen erakusketa ibiltari bat antolatuko da. Antzerki lanak bakoitza bere aldetik aurkeztuko dira emanaldi zirkuituan; eta, azkenik, zinegintzaren arloan, lehengo urtean ez bezala, film laburrak ez dira film luze bakarrean ekoitziko. Bakoitzak bizitza propioa izango du, nahiz batera aurkeztuko diren.

Sormen lanak amaituta entregatu ahal izateko, kultur arlo bakoitzeko epe ezberdina izango dute artista horiek: ipuinen eta komiki-lanen kasuan, 2023ko irailaren 22a; antzezlanen kasuan, 2023ko azaroaren 24a; eta film laburren kasuan, 2023ko abenduaren 23a.

.

Hedapen-zirkuituan aldaketak

2024. urtean egingo den hedapen zirkuituak aurreko edizioarekiko ekarriko duen beste aldaketa bat esklusibotasun-eza izango da.  Zirkuituaren epemugen baitan, sortzaileek proiektuan parte hartuko duten udalerriak ez diren beste eremuetan aurkeztu ahal izango dute lana. Beti ere, baldintza batzuk bete beharko dira kasu hauetan: egitasmoan sartuta dauden udalerriei lehentasuna emango zaie egitaraua zehazteko, egonaldia egin den lekuan aurkeztu beharko da lehen aldiz sormen lana eta, antzerkiaren kasuan, ekimenetik kanpoko udalerrietan egiten diren aurkezpenetan %15ean handitu beharko dute katxeta.

Horrez gain, bigarren edizio honek hedapen fasean izango duen beste aldaketa batek zirkuituaren moldagarritasunean datza. Herri bakoitzak ez du zertan sortutako lan guztien emanaldiak hartu; bai ordea, sortutako lanen erdia gutxienez. Aukeraketaren arabera, zirkuitu moldagarri eta parekide bat sortuko da lan guztien artean.

.

Deialdia zabalik

Deialdia gaurtik aurrera dago zabalik. Oinarriak eta eranskinak Udalbiltzaren webguneko gardentasun atalean aurkitu ahal izango dira. Beka-eskaerak egiteko epemuga, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hilabeteko epean izango da. Argitaratzen den unean jakinaraziko du Udalbiltzak epemuga, gardentasun atalean baita ere.

Deialdiaren oinarrietan eskatzen diren dokumentuak honako helbideetara bidali ahal izango dira: 

– Posta arrunt bidez Udalbiltzaren Erregistrora: Doneztebe plaza 1, 20180 Oiartzun.

– Posta elektronikoz: udalbiltza@udalbiltza.eus helbidera.

Geuretik Sortuak egitasmoaren bigarren edizioa, martxan

Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra