Gerra garaiko dantza eta kantuen bidez korapilotu zen maitasun istorioa zinera dakar Karmelek
Gerra garaiko dantza eta kantuen bidez korapilotu zen maitasun istorioa zinera dakar Karmelek –
Dantzan.eus ataritik jasoa.
“Dantzaren bidez aukera duzu transmititzeko poza, tentsioa, dramatismoa, borroka… Niretzako dantza batekin transmititzea sentimendu oso potentea da”. Koreografo baten hitzak izan zitezkeen, baina zine zuzendari batenak dira. Asier Altunaren hitzak dira eta grabatu berri duten Karmele filmean dantzak jokatzen duen funtzioaz ari da. Zinerako baliabide oparotzat du dantza Altunak. Politikarako ere jokoa eman izan du dantzak berarekin den Jexux Larrearen hitzetan, “Oso adierazgarria da dantza erabili izana propaganda politikoa egiteko. Erabaki zuten kultura izatea propaganda politikorako tresna eta nola ez dantza. Hor ikusten da herri honetan ematen diogun inportantzia dantzari”.
Altuna eta taldea azken ukituekin ari dira; Txintxua ekoiztetxera bertaratu gara. Jexux Larrearekin elkartua da pelikula ikusteko, “Asierrek hots egin zidan proiektu honen berri emanez, dantza tradizionalarekin zerikusia zuen partea zuela eta ea horretaz arduratuko nintzen. Eta nola ez, pozik gainera”. Larrea dantza-maisua da, Argia dantzari taldekoa, eta Karmele filmerako dantza prestatzeaz arduratu da.
.
Zer kontatzen duen Karmelek
“Karmele ezagutzen dugu argazkietatik eta Kirmen Uribek liburuan jasotako familien kontakizunetatik. Argazkitan batez ere koroan ikusten da, baina guk dantzan ipini dugu. Jaso dugu alaia eta nortasun indartsukoa zela, beraz dantzan ikusten genuen”. Asier Altunaren azken filma da Karmele. Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian oinarritutako filma da, “historia handi eta potoloa da, baina gu mugatu gara Karmele pertsonaian. Musikaz, dantzaz eta batez ere pertsonaien arteko harremanez betetako istorioa da”.
Karmele (Jone Laspiur) erizain euskaldun bat da, 1936ko gerraren ondorioz erbesteratu dena. Eresoinka kantu eta dantza euskal konpainia nazionalaren inguruan Txomin ezagutzen du (Eneko Sagardoy), tronpetista birtuoso bat. Bikoteak maitasun eta konpromiso politikoko istorioa biziko du Paris, Caracas eta Euskal Herria artean.
.
Kultura gerraren aurka
Karmele Urrestik Eresoinkan parte hartu zuen eta han ezagutu zuen bere senarra izango zen Txomin Letamendia; “Eresoinka Agirrek [Lehendakariak] sortu zuen taldea da frankisten estatu kolpearen berri emateko Europan. Europako gobernu demokratikoak euren alde ipini eta kolpea salatzeko”, kokatu gaitu Altunak. 1937an Eusko Jaurlaritzak sortu zuen dantza eta abesbatza konpainia nazionala da. Hango eta hemengo 100 musikari eta dantzaritik gora batu zituen Jaurlaritzak Saran (Lapurdi). Erbesteratuz osatutako enbaxada kultural hark, 1937ko iraila eta 1939ko ekaina bitartean Frantzia, Belgika, Holanda eta Ingalaterran, ehun emanalditik gora eman zituzten. Euskal dantza eta musika ikuskizun haien helburua zen nazioartean Hego Euskal Herrian gertatzen ari zenaren berri ematea.
Bai Larreak eta bai Altunak nabarmendu dute garai hartan kultura erabili izana tresna politiko gisa. Gerraren kontra kultura erabili nahi izan zutela dio Altunak, “momentuan amets egitea ere interesgarria da. Kulturak, kasu honetan dantzak eta musikak gaitasuna duela gauzak aldatzeko, hori gauza handia da”.
.
Dantza Karmelen
“Kontua ez da izan Eresoinkaren emanaldi bat egitea zehatz-mehatz, zuzendarirekin eta taldearekin adostu behar zen zer izango litzatekeen egokiena filmerako”, dantzen aukeraketan eta dantzarien prestaketan lagundu du Larreak. Azaldu digu batez ere argazkietatik eta programetan jasotako informaziotik tira dutela, “dena dokumentatuta dago ikuskizunetan hasi eta buka zer dantzatzen zuten”. Argia dantzari taldearen bueltan ibiltzen diren dantzariekin eta musikariekin prestatu ditu dantza eszenak. Astigarragako, Donostialdeko eta Elgoibarko dantzariek hartu dute pelikulan, baita Elgoibarko txistulariek eta Mikel Urbeltz eta Ander Blasko musikariek ere.
Filmean paper nagusia jokatzen duen Jone Laspiur aktore ere dantzan aritu da. Aktorea dantzan eta dantzariak antzezten. Izan ere, filmean parte hartu duten dantzariak figurante lanetan ere aritu dira; Eresoinkan Karmeleren bueltan bili zen jende asko bere bizitzako beste pasarteetan ere agertzen baitira.
Eresoinka-ren irudikapenak pelikularen zati txikitxo bat hartzen dute, baina ez dira pelikulako dantza irudi bakarrak, “badago eszena bat jende helduagoa behar zena dantzarako, 60 urtetik gorakoak edo”. Larrea ez da ausartu informazio gehiagorik ematen, baina Altunak aurreratu digu ezkontza baten irudikapena dela. “Erbestean, Ipar Euskal Herrian kokatzen dira, baina gazte gutxi agertzen dira, gehienak gerran baitira”. Euskal dantzez gain beste dantza batzuk ere agertzen direla azaldu digu zuzendariak, “Karmelek eta Txominek urteak pasa zituzten Caracasen. Txomin tronpetista profesional zen eta lan egiten zuen bertako klub potentenean. Lokal horretako anbientazioan ere ikusten da dantza”.
.
Zinea eta dantza
Orduko Jaurlaritzak ikusi zuen dantzaren erabilgarritasuna plano politikoan; Altunak, berriz, plano zinematografikoan: “Agirrek erabili zuen dantzak duen indar, argitasun eta kolore hori jendea bereganatzeko eta hasieratik ni emozionatuta nengoen hori neukalako pelikula elikatzeko”. Elkarrizketak baino askotan irudiak nahiago dituela dio, beraz, dantza pare-pareko errekurtsoa izan du, argi du dantzak eta gorputzak potentzialitate handia dutela emozioak transmititzeko.
“Ikusten genuen, adibidez, kaxarrankak ematen diola dramatismo bat eta pelikularako interesgarria izan zitekeela, uztai-dantzan ematen diren kolpeak ere soinuari dagozkionez oso interesgarriak iruditu zitzaizkigun. Gero, adibidez, banangoko hanka jasotzea ere erakutsi nahi genuen nonbait”. Dantza oso ikusgarria geratu dela uste du Altunak, dantzez aparte, Eresoinkaren ikuskizunetan erabiltzen zituzten dekoratu ikusgarriak ere jaso nahi izan dituzte. Jantziak ere inportantzia izan du, “argazkietatik oinarritu gara, zuri-beltzeko dira, ordea, argazkiak. Errealitatera hurbiltzeko, Ane Albisuren aholkuak jaso ditugu”.
Pantaila aurrean utzi ditugu Altuna eta Larrea dantza eszenak orrazten. Ez dela ezer falta dio Altunak, oso gustura dago emaitzarekin eta 2025 hasieran edo estreinatzea aurreikusten dute.
Gerra garaiko dantza eta kantuen bidez