Kritika Zinematografikoa: “Gelditasuna ekaitzean”
Kritika Zinematografikoa: “Gelditasuna ekaitzean” –
Zuzendaria: Alberto Gastesi
Urtea: 2022
Herrialdea: Euskal Herria
Alberto Gastesiren lehen pelikula plano itxi batekin hasten da. Lararen (Loreto Mauleon) aurpegia da, baina ezin dugu argitasunez ikusi. Zerbaiten atzean dago, zuhaitz baten orriak islatzen dituen kristala dago gure begiradaren eta bere aurpegiaren artean. Auto baten barruan dago, bere bikote Telmoren (Aitor Beltran) zain. Aurpegia nebulosa baten erdian egote horrek pertsonaiaren koordenadetan jarriko gaitu eta halaber, irudi ‘transluzido’ bezala har dezakegun honek, pelikularen ezinegonen unibertsora eramango gaitu.
Gelditasuna ekaitzean filmaren estruktura bera soila da hasiera batean, baina, ondoren, kipula balitz bezala, kapak gainezarriko zaizkio, eta ikusleak aktiboki erabaki beharko du gauzak noiz eta nola gertatu diren. Ardatza bi bikoteren inguruko kontaketa da, aipatutako Lara eta Telmo eta Daniel eta Vera (Iñigo Gastesi eta Vera Milán) eta bi erlazioek protagonismoa kideetako bati uzten diote. Bi bikoteotan dauden arrakalak interesgarriak dira, baina pelikularen sakoneko bihotza hirugarren (ez)bikote batetan ezkutatuko da, hain zuzen ere Daniel eta Lararen artean eratzen den horretan. Lau egunetan ematen den pelikula da berez gertakarietan izango duguna, baina denboran egiten diren ihesaldiak dira hausnarketaren ardatza. Etxe huts batetarako pasillo luze eta iluna. Lararen urratsen soinuak eramango gaitu sakoneko egongelako argira, baina aldi berean iraganerako pasadizo ere bada bi pertsonak elkar aurkituko duten unea. Kortesiazko irribarrearen atzean zer ote dago? Pelikularen misterioetako bat da, akaso nagusiena, istorio paralelo baten hazi narratiboa izango baita elkarri zuzendutako begirada hori, flashbackean euripeko arratsalde batetara eramango gaituena. Pelikulan esplizituki adierazten den bezala, “denboran galduta” egongo gara hemendik aurrera, nora eza gustagarrian erantzunak aurkitu nahian.
Alberto Gastesiri ezingo zaio leporatu ausardiaz jokatzen ez duenik, eduki eta forman arrisku nabarmeneko erabakiz josita baitago filma. Bere plasmazio iruditik bertatik, Esteban Ramosen argazkilaritza nortasun handikoa da, zuri beltz eder baina pisutsu baten arduraduna da. Irudiak batzuetan gainezka egiten duenaren sentsazioa izan dezake ikusleak, baina ondorioa estilo pertsonaleko filmea da, Donostia era freskoan irudikatzen duena, nolabait nouvelle vagueeko, Rohmer edo Truffauten filmen, Paris bailitzan. Bestalde, pelikularen gaiak garatzeko bideak, itxuraz pelikularen erritmoaren aurkako urratsak izan daitezke zenbaitetan, tartean eszenak luzeegiak ez izatearen arau ez idatzia hautsi egiten da. Esaterako, filmaren bi poloak lirateke pertsonaia nagusien artean ematen diren bi elkarrizketak (euskaraz/gaztelaniaz, nerabeak/helduak, kanpoaldean/barnealdean, kontraste elementuak ugariak dira), biak nabarmenki luzeak, eta oro har, plano orokorraren eta lehen planoen bitartez grabatuak. Gastesik, edonola, erabateko konfiantza du bai zuzendariak berak Alex Merinorekin idatzitako testuan, bai bere aktoreen intentsitate mailan, eta eszenok funtziona dezaten lortzen du; eta azkenik, bere irudien natura erabat barneratzen ez dugula egingo dugu aurrera filmaren pasarte luze batetan, errealitate susmagarrien iradokizuna, kutsu onirikoko eszenak nola txertatzen diren aurkitu nahian. Edonola, eremu honetan ere apustua ongi aterako zaio Gastesiri, eta proposatutako erantzunak baliozkoak izango dira.
Batzuetan eman dezake pelikulak saturazio puntu bat izan dezakeela, esaterako pertsonaien arteko hartu-emanetan, izan ere, ederrak badira ere, literarioegiak suerta litezke hainbat kasutan eta pelikulak bere baitan duen naturalismo ‘rohmeriano’ ederra desitxura dezakete. Eta maila sinbolikoan ere, ugariak dira jolaserako proposatzen diren elementuak, hala nola, leihoa, hondartzan azaltzen den balea, funikularra, edo izenburuak adierazten duen ekaitza hori. Pertsonaiak adieraz betetzen dira, konplexuagoak bilakatu, baina pelikulak sinpleagoa izaten ere funtziona zezakeenaren sentsazioa dago.
(…)
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Gelditasuna ekaitzean”