Musika eta festa igandera arte Euskal Herria Zuzenean jaialdian

Manu Chao kontzertuan, by Surprise truck, Flickr
Manu Chao kontzertuan, by Surprise truck, Flickr

Modu potentean haisko da EHZ gaur, eszena nagusian Manu Chao eta Emir Kusturica & The No Smoking Orchestra izango baitira, besteak beste. Urteetan zehar askotan esan izan da, Manu Chaok EHZ-n parte hartuko zuela, eta azkenean badirudi zurrumurruak egi bilakatu direla. Duela aste bete eman zuten jakitera Tombolatour-en baitan etorriko dela Heletara Mano Negrako abeslari ohia, radio Bemba taldearekin batera.

Apirilean EHZ-ren 14. edizio honen egitaraua aurkeztu zutenean izen handiena zen Emir Kusturicarena, musikari eta zinema zuzendari serbiarrarena. Rock eta punk estiloak nahasten ditu. Bere hainbat filmen musika egin du The no Smoking Orchestra taldearekin batera. Besteak beste Chat noir, chat blanc film mitikoarena eta, baita La vie est un Miracle-rena.

Horrez gain, gaur, The Bellrays, eta Lapurdiko Willis Drummond ere ikusi ahal izango ditugu eszenatokian. Lehenak punk-rock eta soul doinuak ekarriko ditu, Lisa Kekaula abeslariaren ahots indartsuarekin batera.

Eszena ttipian eta musika kolektiboen eszenan, besteak beste, Safaa Arapiyat, Zura, Moskorri eta Milsup arituko dira. Esan bezala, ordea, ez da dena musika izango. Gaur, 17:00etan Fermin Muguruzak Palestinan egindako Checkpoint rock dokumentala aurkeztuko du eta ondoren, 18:45ean Nomadak TX filma ikusteko aukera egongo da.

Egunero egunero, antzerki lanak, ipun kontalariak eta dantza emanaldiak ere ikusi ahal izango dira Heletako kaleetan zehar.

Larunbata

Lehen egun potentearen ondoren jaialdiak erritmoari eutsiko dio Che Sudaka, We Are Standard, Puppetmastaz eta Beat Torrent taldeekin eszena nagusian. Bartzelonako eszenatoki guztiak zapalduta datoz Che Sudaka taldeko kideak rocka eta Patchanka estiloei eutsiz. Ez ditugu pertsonak ikusiko taula gainean Puppetmastaz taldearen kontzertuan, taldekideak, txotxongiloak baitira.

Deabruak teilatuetan, Des-kontrol edo A tant rever du roi taldeen emanaldiak ere bihar izango dira. Egunean zehar kontzertu lasaiagoak entzun ahal izango dira, gauerako indarrak gorde nahi dituztenentzat.

Haurrentzako txokoa ere egongo da hiru egunetan zehar, heletar baten etxean. EHZ-ren antolatzaileek azaldu dute familia osoak erakartzea helburuetako bat dela. Horrez gain, jaialdiaren antolaketan herritarrek parte hartze aktiboa izan dutela diote eta herriko hainbat gune jaialdiaren agertoki bilakatu dira.

Igandea, azken eguna

Bertako produktuak erosteko merkatua jarriko dute igandean eta pilota partiduak ere antolatu dituzte. Hala ere, igandean ere musika izango da protagonista, Seun Kuty and Egypt 80, The Congos, Sebastian Shuller, Mikel Hats edota Musik Herriaren eskutik.