Gasteizko Udalari eskaera atzerapen gehiago gabe zabaltzeko Euskararen Etxea. Eta Donostian?
Gasteizko Udalari eskaera atzerapen gehiago gabe zabaltzeko Euskararen Etxea. Eta Donostian? –
Martxoaren 14an zabaldu dute Gasteizko Aleak eta Berriak bederen, nola euskalgintzako eragileek egindako eskaerari jarraituz (Alea, martxoak 6) kultura, kazetaritza eta euskalgintzako ehun lagunek baino gehiagok eskaera egin dioten Gasteizko Udalari gutun publiko baten bitartez (sinatu nahi izanez gero) Euskararen Etxea lehenbailehen zabaldu dezan (Gasteiz Antzokia zena, eta orain Izaskun Arrue Kulturgunea izena daramakeena nonbait). Antzokia nahi eta behar dugulako oharrean sinatzaileek salatzen dute proiektuak daraman “atzerapen luzea” eta oraindik “irekiera datarik gabe jarraitzen duela”.
Besteak beste horrela diote Gasteizerako, Donostiarako are premia handiagokoa duguna: «Kultur sortzaileek sorgunea behar dugulako, kulturzaleek eskaintza bat behar dugulako, eragileek topaketarako gune bat behar dugulako, herritarrek plaza bat behar dugulako eta euskarak bere tokia behar duelako, adierazpen hau sinatzen dugunok Gasteizko Udalari [hau da, Donostiako Udalari] eskatzen diogu Gasteiz Antzokia [Antzoki Zaharreko Euskararen Etxea] martxan jartzeko neurriak berehalakoan har ditzala eta lehentasunez joka dezala Gasteizek [Donostiak, eta Gipuzkoak, eta Donostiak jokatu lezakeen Iparraldeko, Nafarroa Garaiko, eta behintzat Gipuzkoako euskal kultura erdigunea] beharrezko duen proiektua berandu baino lehen abian izateko».
Hori Gasteizen… Eta Donostian, gehiengo abertzaleko udalerrian, hiriburutik euskaldunenean, zer? Zertan ari gara abertzaleok, euskaltzaleok?
Horrela hasten da Antzokia nahi eta behar dugulako oharra, zuzen aldatu litekeena Donostiara: «Euskarak, azken urteotan, Gasteizen [Donostian] izan duen susperraldia goraipatzekoa izan da. Euskaldunak, egunez egun, gero eta gehiago gara gure hirian, eta, ezagutzatik harago, erabileran emandako aurrerapausoa ere nabarmena izan da, eredugarri izateraino. / Argi dago egoera hau ez litzatekeela posible izango eragileen esfortzu, erakundeen babes eta norbanakoen inplikaziorik gabe. Guztiok bide berean emandako urratsek ahalbidetu dute bilakaera positibo hori, eta hala izaten jarrai dezan desio dugu. / Tamalez, kezkaz bizi dugu azken hilabete hauetan gasteiztarrontzat [urte hauetan guztiotan donostiarrontzat] erreferente izan beharko lukeen Antzokia eta Euskararen Etxea [Antzoki Zaharra eta Euskararen Etxea] gure bizimoduetatik desagerrarazi izana [gure bizimoduetan ez sartu izana]».
Eta horrela segi genezake. Gasteizko eskaera abiatu dute Gasteizko GEU Elkarteak [Bagera elkartea], Arabako ALEA [Hirutxuloko Hitza], Gasteizko AEK [Donostiako AEK], Gasteizko euskaltegiek [Donostiako euskaltegiek], Gasteizko auzoetako Euskara Taldeak [Donostiako auzoetako Euskara Taldeak], Gasteizko Kultur Elkarteek [Donostiako Kultur Elkarteek], eta bere egingo lukete Donostiako Ikastolek, Donostiako D ereduko ikastetxeek, Donostiako herritarrek (behintzat Donostiako herritar abertzale eta euskaltzaleek), Donostiako gazte euskaldunek, gazte euskaltzaleek, eta are Donostiako merkatariek, Donostiako ostalaritzak. Eta Donostiako Udalak? Eta Donostiako ‘euskalgintzako eragileek’? Bagara, edo ez gara?
Guneak ez dauka zertan izan Antzoki Zaharra, baina beti pentsatu izan dut oso leku aproposa dela Donostiako Erdialdeko Euskal Gunea biltzeko, bere taberna eta jatetxea izateko, bere kontzertuak antolatzeko, hitzaldiak, mahai inguruak, antzerki obrak, filmak, eta leku handiagoa behar dugunerako dugu bertan Zumardia…
Bagenuke garaia hasteko, eta behingoz lortzeko. Sinadura bilketa egin beharko dugu, Donostiako ‘euskalgintzako eragileek’ abian jarri beharko dugu?