Garaipenaren porrota, porrotaren garaipena

Garaipenaren porrota, porrotaren garaipena –

Garaipenaren porrota, porrotaren garaipena

Garaipenaren porrota

Dena loturik zenuen hartantxe,

bidea inoizkorik argien zenekusan hartan,

ordura artean urratutako guztiak bere emaitzarik borobilena ematen ari zirela zirudien hartan,

arrakastaren ate aurrean zeunden hartan,

estutasun ezin deskribatuzkoak zintuen harrapatu, fuerte harrapatu ere.

Handitu eta handitu zebilkizun estutasuna,

zarena izateko zapaldu beharreko lur sendoa ere kulunkatzen zitzaizun,

zinen hori ere lehendabizikoz inoizkorik ahulen, inoizkorik mendren bilakatzeraino…

Konplitua zegoen garaia,

konplitua bai,

arrakastarantz zinderamatzan garaiak bere betea emana zuen jada,

goia joa jende guztiaren ikusirako,

zu zinen hori ume babesgabeen izateraino eramango zintuen baina itxurazko begi-bistako garaipenak.

 

Porrotaren garaipena

Zaren  uste duzun horrek dardara egiten dizunean,

zaren bezalakoa izatera bultzagarri izan uste dituzun baldintzen atzean erdi atzeman ere ezin ditzakezun oso bestelako baldintzen usai apurñoa labainkor sentitu duzunean,

bizitzan harturiko erabaki sendo eta erabakiorrak, zureak zirelako konbentzimenduaz, zeharo bestelako zerbait direla argi ikusi duzunean,

besteren aurrean erreakzio eta kontra-erreakzioa baizik ez zarelako aurkikuntza etsigarria mutur aurrean duzunean,

zaren hori  ezin konta ahala puska nahasi eta ulertezin baino ez dela bihurtu dakusazunean,

orduan duzu, benaz, eginkizun estreinakoz eta erro-errotik Zure Burua…

Garaipenaren porrota, porrotaren garaipena

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.