Gabonak, egunerokoa ezohiko bilakatzen deneko aldia (Bitoriano Gandiaga)
Gabonak, egunerokoa ezohiko bilakatzen deneko aldia (Bitoriano Gandiaga) –
Aurreko artikuluan jada aurkeztu nuen, baina goazen, han esandakotik pixkatxo bat tira eginaz, Gandiagak duen erlijio molde oso berezkoaz hausnarketa batzuk egitera. Bere sinismen eraz zer edo zer esan nahi dugula esan dezakegu, baina, egia esatera, bere bizi-ikuspegiaz, bizitzaz bere orokorrean zuen ikuspegiaz ere arituko gara derrigor bateratsu, batak bestea dakar-eta.
Izanez ere, eta jada aurrekoan adierazia utzi nuen moduan, oso bat-bat eginik daude bere sinismen moldea eta bere pertsona, bere fede moldea eta bizialdiko egoerek alderik alde zeharkatu, baldintzatu eta zer-nolakotutako pertsona. Bizitzaren baita-baitatik, berak sakon-sakon bizi duen bizitzatik ditu ulertu-sentitzen bere fede sineskizun kanonikoki ezarriak, maizenean, ziur berarentzat, halaber guziontzat, teorikoegiak-edo diren fede sineskizun horiek guztiak hain justu.
Bizitza eta erlijioaren arteko elkarrekikotasun harreman eredugarria aurki dezakegu Gandiagarengan. Nolako bizitza, halako erljio-molde, eta kontrara. Ez baina horretaz teoria korapilatsuen jardun ohi zuelako, ez, bere adierazpenez eta, oroz gain, bere olerkiez arian-arian eta naturaltasun ezinago handiz ondo eta zintzo-zintzoki adierazi zigulako atergabe. Bizitzak erlijiora eta erlijioak bizitzara bultzatzen zuten une oro Gandiaga, elkarrekikotasun estu-estu batez bultzatu ere. Liturgia, eta liturgia gertakariak, ustez edo berenez horietarako propio diren eremu formal horietatik kanpoko egunerokotasunaren muinera eramaten ditu, eginahal behartuen beharrik batere gabe, baizik-eta barne-barneko konbentzimendu natural eta berezko batez.
Aurreko artikuluan jada adierazita moduan, Gabonak eta San Joanak zituen Gandiagak urteko ospakizunetan ospakizun. Eta ospakizun-mugarri dituen hauexek urtean zeharreko martxan atseden une izango ditu, urtean zeharreko egunerokoan eten bat egin eta garen hori guztiori sakon pentsatzeko, sentitzeko. Horren adierazgarrietariko batto-edo, zer nola gogorarazten dioten jai eta mugarri hauek bere jatorria, nondik datorren, berea ere zer den; mendi artean galduriko bere baserri maitea ekarriko diote gogora aipatu jai hauek: “Zulo bat egingo dut. Aldia dut zulatuko aspaldian zehar, harik eta haurtzaroko Gabonen bazterra ikustera heldu arte”. Festa hauek bere baitan zuten oihartzun guztizkoa hemen egoki jasotzen Iñaki Sarriugarte Irigoinenek:
“Izadiminez” liburuko “Amets baten kronika” kontakizunean San Juan bezperako suaz dihardu Gandiagak eta Arantzazu inguruko suek umetako su alai, pozkor eta magikoak dakartsoez poetari, seminarioko gorengo terrazatik Aizkorri, Gomistegi, Zelaizabal, Goikobentako… suak gar bizietatik txingar geldietara zelan diran ikusten dauan bitartean:
“Orain berak bakarrik ikusten du San Juan suen ikuskaria, bakarrik hitz egiten du eta bakarrik edaten txakolin botila osoa. Orain ez du nori kontaturik umetan eta baserri bakartian zelan prestatzen zuten San Juan sua”. ( Hitz lauz idazten, 23. orr.)
Orain, egun hauetako Gabonekikoetan, zer esan?… bada, beroietan, aurreko prestaketetan, ospakizunean bertan, eta horrek guztiorrek zekarren guztian, inoizkorik sakonen, bizi-bizi eta egunerokoan baino askoz gar handiagoz, bizi zituela baserriko bizipen guztiak Gandiagak. Bizi-bizi, inoizkorik bizienik sentitzen zuen baserriko sutondoko “beheko sua”; hain bizi sentitu ere, zera ere eman baitzezakeen, sua fisikoki handituta ere, zein handitu izan gabe ere, berorrekiko begirada eta begiztatze-eraren aldaketak egiten zuela handiago su harako hori, espiritualki handiago, berez agian lehengo berean zirauen su hori. Liturgia formalpean sakramentuek arrunta bedeinkatu, sakratu bilakarazten duen modu berberean, Gandiagak baserriko familiarteko giroaren epelean ikusten du bedeinkatze efektu hori, non sua Gabonen erasanez suertatzen da eraldatua, eta non su guztiz eraldatu horrek ogi egin berriaren lehendabiziko zatiari eite sakratu bat eransten dion. Gandiagak zioen moduan, “mendi artean galdutako baserri zaharkin hartan sua zen Gabongo misterio guztiaren sakramentu”. Esandako honen guztiaren adierazgarri ezin hobea Gandiagaren beraren segidako hitz eder hauexek:
“Gabon baino askoz lehenago ekartzen genituen Gabon gauaz hasita Gabon-jaiak zehar erreko genituen mukurrak. Olio-azak, barraskiloak, txitxarroak, gabonmadariekin egindako konpotak-eta baino suak demait atentzioa. Betikoa zen gurean beheko sua, baina ez Gabonetan halakoa. Gabonetan ogi eginberriaren lehenengo zatia kontu handiz gordetz enzen eta su apartekoa egiten, zerbait berezia adierazi sua, Sanjuanetan goiko soro-ertzean egiten genuenaren antzeko zerbait-edo adierazi nahi zuena. Mendi artean galdutako baserri zaharkin hartan sua zen Gabongo misterio guztiaren sakramentu eta aldamenean gu inoiz baino argitasun handiagoaren barruan errosario, afari eta poz luzean. Aitak eta amak nahi izaten ziguten guri poz eman eta halatsuko giroz eta inguruz ematen ziguten.” (Gabon dut anuntzio, 24-25. orr.)
Gabonak, egunerokoa ezohiko bilakatzen deneko aldia (Bitoriano Gandiaga)