Frankfurteko liburu azokak ateak zabaldu zituen atzo (euskal liburuen erakusmahaia bihar irekiko da)
Magdalena Faillacek Clarin egunkariaren gehigarrian, Frankfurtetik munduari literatura argentinarra ziztatuko zaiola. Ez da gutxiagorako: Frankfurtekoa munduko literatur azoka historiko eta garrantzitsuena da.
Cristina Fernandez de Kirchner, Argentinako presidenteak irakurri zuen sarrerako hitzaldia atzo. Eternautaren sortzailea omendu nahi izan zuen bertan, eta bere alargunari eskaini zion hitzaldiko pasarterik hunkigarriena: “Senarra eta lau semeak diktaduran galdu zenituenak, Argentinak bizitako garairik ilunenetan asko sufritu zuten idazle guztiak ordezkatzen dituzu gaur.”
Euskal presentzia
Euskal literaturak ere mundurako bere erakusleihoa izango du bertan Euskal Editoreen Elkarteak jarritako erakusmahai eta antolatutako ekitaldien bidez. Erakusmahaia bihar zabalduko dute eta hori baino lehen, Patxi Zubizarretak eta Irati Jimenezek hitzaldia emango dute.
Berria egunkarian iragartzen duenez, EEEko lehendakari den Gimenez Bechek, Europako nahiz Ameriketako 35 argitaletxetako arduradunekin hitzorduak finkatu dituztela jakinarazten du. Berripaperean zehazten denez, “bilera horietan Eskubide eskuragarrien gida-ren eta Haur eta gazteentzako euskal literaturako gida-ren edizio gaurkotuak aurkeztuko dizkiete atzerriko editoreei, euskal literaturako obrak itzultzeko dauden laguntzen berri emateaz gain.”
Lehen aldiz, Etxepare institutuko Aizpea Goenaga ere hurbilduko da Frankfurtera eta bere ondoan Mikel Toral, Eusko Jaurlaritzako Kultur edukien zabalpenerako zuzendaria izango du. Diario Vascon zehazten denez, euskarazko eta gaztelaniazko literaturako erakusmahaia konpartituko dute.
Feriaren zenbakiak
Feriak 171.790 metro karratuko azalera hartzen du eta 7533 erakusmahai daude zabalik. 111 herrialdetako literaturari egiten zaio lekua eta 300.000 bisitari jasotzen ditu. 10.000 kazetari daude akreditatuta Frankfurten gertatzen den oro jasotzeko.