Fiesta eta Erle langileen amodioak
Fiesta eta Erle langileen amodioak –
E. Hemingway: Fiesta (Itzul.: Koro Navarro) & A. Kollontai: Erle langileen amodioak (Itzul.: Aroa Uharte)
Irakurri ditudan hurrenkerari jarraikiz, Iruñeko sanferminak lau haizeetara zabaltzeko ekarpen handia egin zuen E. Hemingway estatubatuarraren Fiesta Eguzkia jaikitzen da nobela komentatuko dut laburkiro lehenik, eta ondotik, Aleksandra Kollontai errusiar feminista-marxistaren Erle langileen amodioak.
Iazko abenduan argitaratu zen emakume errusiarrarena, eta oraindik orain gizon estatubatuarrarena. Biak ala biak euskaldunontzat itzuliak, eta euskal literaturan bete-betean sartzen direnak; hala izanagatik, oker ez banago, euskal hedabideetan propaganda gutxiago egin zaie erdarazko literaturak gizentzen dituzten euskaldun batzuen lanei baino. Gustu handiz leitu ditut, eta merezi dute aipatuak eta goraipatuak izatea.
Oso errealista, eta oso zehatza da 25 bat urte zituela Hemingwayek idatzi zuen testua. Pelikula bat egiteko erraztasunak eta xehetasunak ematen ariko balitz bezala kontatzen ditu Jake Barnes narratzaileak bere lagun amerikar kazetarien zurrutak eta festa gogoak. Beti zurrutean dira, ez dago edari alkoholdunik dastatzen ez dutenik -sanferminetan eta sanferminetatik kanpo-; bitalismoa, besteak beste, alkoholarekin lotzen dute, eta festarekin, jakina; eta, narratzaileak, Hemingway pertsonak bezala, heriotzarekiko, beren burua hiltzeko arriskuan jartzen duten toreroen alderako interes eta miresmen berezia erakusten du, eta korridako zenbait trantze; batez ere, zezenak pikadorearen zaldia erasotzen duenekoa (zaldiaren heriotza-arriskua), eta zezenketaria zezena hiltzera doanekoa (toreroarena), konkretutasun osoz eta karga emotibo handiz kontatzen ditu.
Bestera etorriz, narratzaileak Baionatik Iruiñera egitean, Frantziatik Espainiara egiten du, eta bereziki Iruiñeko bazterrak, kaleak eta tabernak xehe-xehe marrazten dizkigu, eta euskaldunekiko topadarik kontatzen du? Bai, Iruñetik Auritzera arrantzan egitera joateko autobusa hartzen dute Iruiñean, eta dena betea doanez, goiko teilatuan egokitzen dira eta han mendialdera zihoazen euskaldun baserritar xalo, jator, adeitsuekin egin zuten topo. Bateko ardoz beteriko zahagia, hurrengo zahatoa eskaintzen diete euskaldunek amerikar turista aberatsei -aberatsak euskaldun baserritarren aldean-; gaztelaniaz egiten diete noski; eta bidean, herri bateko ostatu baten gelditurik, han euskaldunek kopa batera gonbidatzen dituzte, eta ingelesez pixka bat egiten zuen indiano batek ingelesez hitz egiten die, eta beste euskaldunak harriturik ingelesez ari delako beren moduko indiano hori, harik eta ingelesez egiteaz nekaturik, isilik gelditzen den arte. Horiexek dira narratzaileak euskaldunei buruz ikusiak, bizitakoak eta jasoak. Bi hitzetan: mendialdeko baserritar jatorrak.
Emakume protagonista bat dago nobelan: Brett. Edalea da, bere gizon lagunak bezala. Beraz enamoratua den judu bat baztertzen du -lagunek ere ez dute judua maite-; torero gazte on eta eder batekin maitemintzen da…, ez nadin espoilerr(egi)a izan! Gizon ikuspegitik trazaturiko pertsonaia da.
Atentzioa eman dit itzultzaileak zenbat hitz arrunt, ahoz maiz erabiliak baina idatziz gutxiago erabiliak usatu dituen: leitu, entenditu, enamoratu-desenamoratu, mostradore, baso (edalontzi), korriden inguruko hiztegi berezituaz gain: korrida, pikadore, banderillero, eta hitz etzanetan: paseo eta abar. Baten bat oraindik Euskaltzaindiak bere hiztegian onartu gabea, bihar onartuko dituenak seguru asko, kasu: pisu (“etxebizitza” adieran). Aparta da hitanoko formak ikasteko. Gustura leitzen da.
Aroa Uhartek itzulitako liburuan, berriz, narratzailea orojakilea da eta protagonistak emakumeak dira; garai historikoa Errusiako Iraultza da, eta gizonak emakume ikuspegiz kontatuak dira. Emakume horiek iraultzaile dira, kolektibitatearentzat lanean dihardute, jendarte berria sortzeko beren alea jartzen, eta iraultza ez da politikoa eta ekonomikoa bakarrik, baizik eta bete-betean harrapatzen ditu gizon eta emakume arteko harremanak (LGTB kolektibokorik ez da ageri).
Hiru istorio ditu liburuak eta lehenbizikoan, emakume iraultzailea da protagonista eta ahaldun; ideologikoki gizon batekin esposatua da, baina sentimendu edo bestelako irrikei men eginik maitalea du, eta tirabira horretan ez du batarengana edo bestearengana egin nahi, amak diotson bezala; hiru belaunalditako emakumeengan, istorioak tirabira hori du ardatz; eta, azkenean, ematen du pasiozko maitasunaren alde egiten duela.
Bigarren istorioan, emakume protagonista iraultzaren eta gizon “desleialaren” biktima da; eta hirugarrenean, luzeen eta landuenean, emakume protagonista errusiar indiano –Ameriketan urte batzuetan egona– anarkista batez maitemintzen da; iraultzako lanek bereizten dituzte eta bereizketa horretan errusiaramerikanoa desleiala zaio, eta horretaz gainera, ustelkeriaz akusatzen dute, eta emakume protagonistari bi nahigabe sortzen zaizkio: maitearen desleialtasunarena eta iraultzaileak injustuak izan daitezkeenarena. Merezi du bilakaera jarraitzea.
Ez dakit errusieratik ongi itzulia dagoen baina bai euskaraz gustura irakurtzen dela.
Liburu batean, gizon estatubatuar bat, duela kasik ehun urte Iruiñeko sanferminetan, festaren eta heriotza-arriskuaren artean; eta, bestean, Errusiako Iraultzaren ingurumarian, emakume aske bat, narrazioen bitartez harreman ekonomiko-politikoetan ez ezik iraultza gizakien arteko harremanetan ere jokatzen dela esanka, emakume ikuspegitik. Biak euskal literatura. Biak gomendagarriak.
Milesker Pako zure irakurketa inpresioak gurekin partekatu nahi izaiteagatik, eta batez ere horretarako bi itzulpen hautatu izanagatik. Izan ere gero ta gehiago ohartzen naiz itzulpengintzaren garrantzia guretako. Ezinbestekoa da, eta arrazoi oinarrizko batzuengatik, sinetsi eta parte hartu nahi badugu gure hizkuntzaren eta herriaren biziraupenean. Berez, baginuke hor artikulu baten gaia.
Milesker Beñat.
“Ez dakit errusieratik ongi itzulia dagoen baina bai euskaraz gustura irakurtzen dela” dizu Pako
Esaldi horretan dago itzultzailearen misioa. Jatorrizko obraren egilea ongi ulertzea eta bere pentsakera transmititu euskara argi batean. Hizkuntza guziak oso bereziak eta desberdinak izanki, alde batetik irakurtzeko erraztasunagatik ezin da hitzez hitzekoa pratikatu eta bestetik arriskuak daude egilearen esanguraren nabardurak galtzea baita haren estiloa galtzea ere. Dena batera untsa egitea biziki zaila da baina beharrezkoa.zeren hautu tragiko baten aurreangertatuko baigira : oraindik gehiago erdaldundu ala baliagarri litzaizgukeen obren ignorantzian egon.