Fermin Muguruza Victoria Eugenia gaztetxean
Fermin Muguruza Victoria Eugenia gaztetxean
Fermin Muguruzak Adarra Saria jaso zuen atzo, Donostiako udalak ibilbide oso bateko lana saritzeko ematen duena -datozen urteetarako, Udalak pentsatu beharko luke ea saria merezi duen emakumerik ez dagoen-. Pozik jaso ere, aurretik Benito Lertxundik, Ruper Ordorikak eta Mikel Laboak jaso zutela-eta, harro.
Saria jaso orduko, Espainian saritua izan zeneko gertakaria akordura ekarriz hasi zuen berbaldia musikariak, oraingoan txisturik jaso ez zuela-eta, gustura. Tronpatu zen Muguruza, atzo ere izan baitziren txistuak bera oholtzaratu baino lehen; Eneko Goia alkateak eraman zituen guztiak.
Victoria Eugenia ederrean izan zen ekitaldia, eta dotore agertu zen oholtzara irundarra, crooner bat bailitzan, alkondara grisa eta txalekoa soinean. Baina oraingoan ez zeu tronpatu, irakurle, antzokiko argipean dir-dirka egonda ere, nondik datorren eta nora doan argi utzi baitzuen Muguruzak, ahoa ireki orduko. Gaztetxeei eskaini zien saria, eta Donostian azkenekoz Kortxoeneako teilatuan jo zuela gogorarazi zigun, ondoan zuen Eneko Goiari so.
.
Hemen duzu Muguruzaren hitzartze osoa (harrigarriro laburra):
.
Artega baino kitzikatua sumatu genuen Fermin, bere urtebetetze festarako gonbidatuen zain dagoen umea bezala. Eta omenaldiarekin bat egiteagatik zerbait ezberdina eskaini nahi izan zigunez, Micaela Chalmeta Big Band – Taller de Músics Barcelonako kideekin jo zuen -hogei musikari inguru, Haizea Martiartu euskalduna tarteko, bi ezik guztiak emakumeak-, hitzordurako propio prestatutako ikuskizunean.
Izen apalez idatzi dugu lehen, Fermin, eta ez Muguruza, Victoria Eugenia bete zuten lagun guztiek elkar ezagutzen ez zuten arren -baziren ehundaka batzuk, adinez aiton-amonak zein ilobak-, berak bai ezagutzen zituelako bertan ziren gehienak, izen abizenez asko. Batzuk bidaide izan ditu modu batera eta bestera, eta makina bati dei egin zien kanten arteko etenetan, antzokiko argiak pizteko eta non zeuden esateko eskatuta. Eider Rodriguezengandik Jon Maia/Mayaraino; familia, lagun, teknikari eta artista franko ekarri zituen akordura, zenduak asko, gure maisu Hasier Etxeberria tarteko; hunkitu zen Amaia Apaolaza aipatzean.
Kortatuko garaietatik New Orleanseko egitasmoraino egindakoaren lagin bat oholtzaratzeaz aparte, nola ez, esku artean duen egitasmoaren berri eman zigun -animaziozko filma!-, ohiko aldarri internazionalistak egin zituen -zaleek Palestinako bandera atera eta agudo eskatu zuen oholtzarako-, eta bitxikeriaren bat edo beste ere argitu zuen, bere kantuen ingurukoa -nola biretatik etxera bueltatzen zirenerako aitak sagardo botilak freskatzen jartzen zituen…-.
“Esan Ozenki”rekin abiatu zuen big-bandarekin bere ibilbideari eman zion errepasoa -jakina da metalen sonoritateetara lerrokatu dela azken aldian-, euskalduna izatearen harrotasuna argi utziz. Eta “Gora Herria”rekin bukatu, ohiko musikari taldea oholtzara gonbidatu baino lehen: Sorkun, Kaki, Mikel Bap!, Mikel Anestesia, Ines Gose, metal hirukote eroa eta… anaia Iñigo, han ziren denak!
Begitandu zitzaigun, hasieran, Fermin saiatu zela lasai hartu eta ahotsa gozotzen, melodiak zainduz. Baita oinak lurrera josita kantatzen ere. Baina airera ostikadarik bota ez bazuen ere, laster zen dantzan, kasik arnasestuka bukatu arte. “In-komunikazioa”, “Etxerat”, “Black is beltza”, “After Boltxebike”... eta beste kantu asko jo zituen, ez errenkada horretan, batzuk beste batzuk baino identifikagarriagoak, estilo eta erritmoak gora behera. Guk, esaterako, DUT taldearekin batera plazaratu zuen artefakto hartako “Lukrezia” asko gozatu genuen, baita Gloria Maurel i Peraire bateria jolearen jardunarekin ere. Alta, zahartzen hasiak jada, batzuetan ozenegia ere suertatu zitzaigun zuzenekoa, nahasi samarra soinua.
RATMren “Killing in the Name“k ez zion, sorpresa izanagatik, espero bezala su eman aretoari, baina bukaeran eta lagunez inguratuta, besaulkien arteko korridoreetan zehar joz bukatu zuten musikariek ospakizuna, jada ezin eutsirik, zutunik dantzan ziren zaleen artean.
Zorionak Fermin, adarra zorroztu!
.