Kritika Zinematografikoa: “Extraña forma de vida”
Kritika Zinematografikoa: “Extraña forma de vida” –
Zuzendaria: Pedro Almodovar
Urtea: 2022
Herrialdea: Espainia
-Generoa birsortu (edo saiatu)-
Extraña forma de vida izenburuan adierazten duen arrarotasun hori maila guztietara hedatzeko borondatez jaio denaren sentsazioa dago. Homosexualitatea ardatzean duen western honetan dena suertatzen da artifizioso eta arrotza. Dena, paradoxikoki, salbuespen batekin, (ez)bikote gay honen (Ethan Hawke eta Pedro Pascal, biak zoragarriak) planteatzeak erabateko naturaltasunez eta frikzio gabe hornitzen baitu istorioa, filmak duen berezkotasun muina izateraino.
Nabarmendu litezkeen alorrak hala, ugariak dira. Agerikoena, iraupena. Nabarmen laburra, apenas ordu erdikoa, pelikula ‘arrunta’ zergatik bideratu ez den planteatzea izango da ikusle askoren berehalako galdera, pelikulatxo honetan eroso sentitzen garenerako “Directed by Pedro Almodóvar” errotulua azalduko baitzaigu, ezustean, istorioa itxi ez dela somatzen dugun une batetan. Anbizio falta? Finantzaketa arazoak (oso inprobablea)? Proiektuak zeukan potentziala aprobetxatu ez dela ematen du, edonola.
Abiapuntua bera erakargarria dela ezin uka. Almodovarren estilo filmikoa erabat deskontestualizatzearen ideia da atzealdeko teloia. Nolabait zuzendariaren melodrama urbanoak filtro gabe historia estatubatuarra ordezkatzen duen generora eraman balira bezala. Estilo postmodernoz zipriztindutako irudiek western manieristaren lurraldera garamatzate, non jantzitegi gehiegizko eta muturreraino dotoreek (Saint Laurent moda konpainia da pelikularen ekoizle) kutsu bizarroa emango dioten denari. Eta Almodovarrek konplexu gabe jokatzeak uzta emankorra emango du batzuetan, hain zuzen ere western-ak horren berezko ez dituen uneetan (pertsonaien arteko afaria eta biharamuneko elkarrizketak, tartean ohe inguruan ematen den eszenaren planifikazioa, bikainak dira; barne elkarrizketen maisua dela erakusten du berriro ere Almodovarrek, dinamismoa ezartzen pertsonaien mugimenduaren eta muntaiaren bitartez). Western eszenatoki propioenetan ez da horren ondo konponduko, momenturik ahulenak izango dira errebolberrak jokoan sartuko diren eszenak.
Bi pertsonaiaren inguruan biraka ari den istorioak arlo tematikoa era emankorrean arakatuko du. Soldatapeko pistolero izandako pertsonaiak sheriff eta cow-boy edo abeltzain izango dira, hurrenez hurren. Bilakaera handia izan da, baina iradokitzen den iragana dramatikoki boteretsua da, eta elkarbanatutako bizipenek idealizatutako paradisuaren kutsua hartzen dute (kutsu fisiko handiko flashback-a tarteko). Edonola, pronostiko guztien aurka, gidoia trakets samarra suerta liteke, sinesgarritasun eta koherentzia gutxikoa, eta tramak funtziona dezan ikusiko ez ditugun pertsonaia asko txertatzera behartua dago Almodovar (ohi bezala, gidoiaren egile da). Ohore eta justizia bezalako alorrak ere oso zeharka ukitzen dira, eta filmaren hausnarketa sinpleegia suertatzen da.
(…)
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Extraña forma de vida”