Euskaraz bizi nahi dut liburuaren aurkezpena egin du Kontseiluak Ahotsenean
Euskaraz bizitzearen aldeko dinamikaren barnean hainbat arloko jendea egiten ari da ekarpena, horien artean, gai honen harira hogeita bat idazlek eta beste hainbat ilustratzailek sortutako testuekin eta marrazkiekin osatutako liburua aurkeztu da gaur, Durangoko Ahotsenean.
Euskaraz bizi nahi dut dinamikan eragile guztiak zipriztinduz euskaraz bizitzearen nahia aldarrikatzea da helburua, “hamaika modu dago euskaraz bizitzeko nahia agertzeko, baina are garrantzitsuagoa dena, hamaika modu dago euskaraz bizitzeko hautua egikaritzeko” adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak, Paul Bilbaok.
Euskaraz bizi nahi dut liburua hemendik aste batzuetara argitaratuko den arren aurkezpen-aurrerapen bat egin da Durangoko Azokan. Liburuan parte hartu duten hogeita bat idazle horietatik lau gonbidatu izan dira aurkezpen honetan: Aurelia Arkotxa, Yolanda Arrieta, Unai Elorriaga eta Castillo Suarez. Idazle bakoitzak liburuan argitaratuko den bere testua irakurri du, euskaraz bizitzeko nahi hori islatzen dute testuetan.
Amaieran Bilbaok eskerrak eman dizkie proiektu honetan parte hartu duten guztiei, batez ere Castillo Suarezi eta Elkar fundazioari proiektuan laguntza handia eskaini dutelako. Ondoren, idazleen hitzak iruditara eraman dituzten ilustratzaileen marrazkietako batzuk proiektatu dira.
“Euskaraz bizi nahi dut liburu hau berriki hasitako dinamika baten beste ekarpen bat izango da. Euskararen aldekotasunetik haratago doan dinamika bat hain zuzen ere. Finean gure nahia errealitate bihurtzea da dinamika honen azken helburua” adierazi du Bilbaok.
Gure herrian garai berriak zabaldu dira, eta euskararentzat ere aro berria zabaldu dela adierazi dute, idazleek idazkien bidez azaldu dute euskaraz bizitzeko nahia, ilustratzaileek marrazki bidez, “akaso orain herritarrok pentsatu beharko dugu gutako bakoitzak nola adieraziko duen euskaraz bizitzeko nahi hori” argitu du Bilbaok eta Miren Agur Meaberen idazkitik hartutako esaldi batekin amaitu du aurkezpena: Tori landare hau bihotzean landatzeko, zelai arrotzetatik salbu. Landu dezagun guztiok landarea, euskaraz bizitzeko nahia, uzta ederra izango baitugu.