Euskaldunon programa: Demokrazia Linguistikoa, eta harago

Sergis blog - Euskaldunon programa: Demokrazia Linguistikoa, eta harago

Hizkuntz Demokrazia euskaldunontzat. Sinple eta argi. Ez gutxiago.

 

1. Herritar guztik jakin behar du, ikasi, euskara

Behingoz, euskal herritar guztik onartu behar du, eta norberak barneratu, herri honetan denok dugula, gizalegez, euskara “jakiteko betebeharra eta erabiltzeko eskubidea”. Eta legeak ere aitortu behar du hori. Gutxienez, iparraldean frantsesa, hegoaldean espainola, eskatzen diguten neurri berean.

Ze “hemen euskaraz ez dakienak ez digu uzten euskaraz egiten”, ez bizitzen, berarekin.

Aldiz hemen, mundu osoko espainol/frantsesak bizi litezke erabateko askatasunean beren hizkuntzan. Legez behartu gaituztelako beren erdara ikasten, askotan euskara galtzen.

Euskaldunontzako ez da demokrazia linguistikorik herritar guztiok euskaraz (ere) mintzatzen ikasi arte. Gero, askatasunean, erabili, edo ez erabili. Euskaldun sentitu, espainol, frantses edo japoniar. Eta borondate oneko lehen pauso ezinbesteko, euskaraz, gutxienez, ulertu behar digu.

Inposaketa? Bai. Baina bi aldeen inposaketa, = demokrazia? Bakarrarena…, dictatorship?

 

2. Zerbitzu guztiak euskaraz (behintzat)

Euskal Herrian gizarte zerbitzu publiko zein pribatu guztiak eskaini behar zaizkigu euskaldunoi euskaraz, gutxienez, espainolez edo frantsesez eskaintzen zaizkigun neurri berean. Zaila, edo erraza. Baina aratz, bitartean ez da demokrazia linguistikorik euskaldunontzako.

Noski, administrazioan. Eta egun, Euskal Herriko egungo administrazioek espres euskaraz (<%1) ez darabilten beste diru guztia (>%99) espainolez erabiltzen da / frantsesez. Ez da neutroa. Hizkuntzok bultzatuz erabiltzen da euskaldunon kaltean.

Eta publiko edo pribatu, espres hitza darabilten hedabideak Euskal Herrian? Prentsa, irrati, telebista, zinema, enpresen komunikazio zerbitzu…? Franko hil eta 36 urtera, iparralde “demokratikoan”, non dago guztiak behartuko dituen legea/praktika euskara, frantsesaren / espainolaren neurrian erabiltzera, gutxienez? Non da demokrazia euskaldunontzako?

 

3. Diskriminazio positiboa euskaldunontzako, bertako hiztunontzako

Demokrazia linguistikoak gutxieneko eskatzen du pareko trataera ematea euskarari eta espainolari (frantsesari). Baina eskatzen du ere ordaina, azken lau-bost mendeetan, eta hegoaldean oso bereziki Francoren diktadurapean, Espainia-Frantziako estatuek euskaldunon aurka ezarritako politika glotozida aktiboak, hizkuntz ordezkatze etengabeak, oraindik desagerrarazi ez bagaituzte ere, euskara eta euskaldunon erabateko minorizazioa eta auto-estimu galera eragin dutenak.

Lege onean, estatuok, eta Euskal Herri bertako botereek, askoz indar gehiagoz abiatu beharko lukete, demokratikoki, bertako hizkuntza gutxitu eta euskaldun minorizatuon aldeko diskriminazio politika positibo aktiboa, erabat zabaldu/inposatua den estatu-hizkuntzaren gainetik, gure hizkuntzaren normalizazioa eta gure auto-estimua berreskuratu arte.

Estatu-haizeak ordea ez dabiltza bide horretan. Ezta bertako botereek ere, nahiz EAEn aldekoago izan. Hori ordea ez da demokrazia euskaldunontzako.

 

4. Euskaldun bihotzekoak

Hegoaldean, EAEn ere, belaunaldi berrietan eginiko ahaleginek ez dute oraindik fruitu betea eman. Emango dute. Oraintxe ordea, Hegoaldean, belaun heldua da inoiz izan dugun gizaldirik erdaldunduena. Frankismokoa. Espainiako etorkinena. Ezin belaunaldi berriek eredu onik jaso hauetatik. Gazteon erakusle, inoiz baino beharrezkoago dugu betiko euskaldun bihotzekoen eredua:

1. Euskaraz, euskaraz dakien guztiari. Orain artean besterik erabili badugu ere. Solaskideak espainol-frantsesez segituko badigu ere. Euskañolik gabe (esaldi bat euskaraz, 5, eta grazia, espainolez).

2. Euskaraz, euskaraz ulertzen duen guztiari (biztanleen erdia). Nahiz solaskideek erdaraz segitu, euskaraz ezinda. Hau berria da. Baina ikasi behar dugu elkarrizketa asimetrikoak eramaten. Ez da hobe biok erdaraz aritzea. Etorriko da bestea pixkanaka.

3. Euskaraz, hemen bizituta, gizalegez eta bizikidetzaren alde, euskaraz, gutxienez, jada ulertu behar ligukeen guztiarekin. Hau gogorra izan liteke. Baina konflikto linguistikoa azalera ekarri behar dugu egunero. Ez zaigu komeni ezkutatzen jarraitzea. Ez da belaunaldi berrien eredu ona. Kalean zeinahirekin. Zer esanik ez, gure zergetatik bizi bada, edo teorian, gure zerbitzuan (funtzionario, saltzaile, mediku, udaltzain, guardia zibil…). Hemen euskararik batere ulertu gabe bizi direnek aurrez aurre sentitu behar dute behingoz konflikto linguistikoa. Ez gara gehiago gure hitzen itzultzaile izango. Zerbait galdu behar dute euskara gabe.

4. Espainola-frantsesa badira hemen euskaldunon lehiakide, “gure etsaiaren etsaia izango da gure lagun”. Mundua ingelesez lotzen da. Bihurtu dezagun ingelesa gure bigarren hizkuntza. Munduarekin joango gara. Euskara gordeko dugu lehen hizkuntza. Espainola-frantsesa ere bai, 3., 4., baina bide batez, 3. mailako “etsai” bihurtuko dugu gure gaurko etsai nagusia. Ez da apusturik alferrena. Bestela, gu bihurtuko gara espainolaren/frantsesaren azken gordeleku munduan. Libra gaitzatela jainkoek!

Euskaldunon programa: Demokrazia Linguistikoa, eta harago

4 pentsamendu “Euskaldunon programa: Demokrazia Linguistikoa, eta harago”-ri buruz

  • Aitzol Azurtza 2011-05-20 06:00

    Erabat ados nago Bittor Hidalgok “Euskaldunon programa: Demokrazia linguistikoa eta haratago” izenburuko sarreran dioenarekin. Hala ere adorea behar da, gero, berak dioena nork bere buruari betearazteko!

  • “Euskaraz, euskaraz ulertzen duen guztiari (biztanleen erdia). Nahiz solaskideek erdaraz segitu, euskaraz ezinda. Hau berria da.”
    Ni azken hamar urteotan egiten ari naizena, niretzat ez da berria… eta bai, piskanaka, jendea aldatzen da, gutxien espero nezakeena ere bai… tartean erantzun txarrak eta mingarriak jasoagatik sekula saiatuko ez direnengandik… aldaketa etorri eta odndoren, hala dirau…!

  • Kaixo; hizkuntzaren izaera estetikoan oinarriturik, hona hemen zenbait adibide sinple eta eguneroko:

    Elkarrizketa asko erdaraz egiten dira, baita hizketan ari diren guztiak euskaldunak izanda ere.

    Beste askotan, badira euskaldun batzuk nahikoa dutena, itxuraz, “guztiz euskalduntzat” jotzen ez duten norbait taldean antzematea, azkar eta pozik erdaraz hitz egiteari ekiteko. Erdaldun horrek taldeari ezer exijitzen ez badio ere, erdaldun askok ez baitute inongo arazorik euskaldunek euskaraz egin dezaten, eta pentsatzen ari naiz nirea bezalako herrietan -Oñati- gure kuadrilletan diren “euskaldun ez oso” askorengan; ez dute euskaraz hitz egiten, baina primeran iruditzen zaie “besteok” euskaraz egitea. Halere, harrigarria da, “ustez eta euskaldun oso direnetako asko” zein azkar eta pozik pasatzen diren erdarara, esan bezala inork behartzen ez dituenean ere.

    Zergatik gertatzen da hau guztia? Erantzun sinpleena, baita sakonena ere, ondorengo hau da:

    Euskaldun askori asko gustatzen zaigulako erderaz egitea, inkluso euskaraz egitea baino gehiago.

    Ideia horretan ez baduzue eraikitzen zuen estrategia linguistikoa, jai daukazue.

    Erdaraz hitz egitea mundu linguistiko eroso eta aberats batean erraztasun osoz murgiltzea da, hemengo hiztun askorentzat. Euskaraz hitz egitea ez bezala. Hau onartzeak ez du esan nahi euskara “gutxiago” denik; bai, baina, estrategia linguistikoak ezin duela ezikusiarena egin aipatutako ebidentzia horren aurrean.

    Modu berean akonplejaturik dago euskara errefusatzen duena “gutxiago” delakoan, nola euskara ez zabaltzearen erru osoa “erdaldunei” botatzen diena.

  • Aitzol Azurtza 2011-05-25 11:18

    ************************************************************************************************************************************************************************
    Fermin: Donostiar naizenez gero min eta haserrea sortzen dit probintziako jendeak euskararekiko halako jarrera ezkorra izan dezan. Geureak eta bi egin behar izaten ditugu Donostian euskaraz bizitzeko eta Donostia euskaldunan amets egiten dugu eta Gipuzkoako herri euskaldunenetan euskaldunek euskaldunen artean erdarara jotzeak amorru ikaragarria sortararazten dit, espainierak (hizkuntza eta tresna bezala) ez duelako euskarak ez duenik (besterik da espainierak sor dezaken lilura eta glamurra, hiztun kopuruaren eta hiztun elkartearen baliabide ekonomikoen ondorio dena, baina glamurrerako espainiera baino hizkuntza liluragarrigorik badago, frantsesa edo italiera kasu…) Ene, oraindik orain euskaldunen gutxiespen konplexuei aurre egin beharrak harritzen nau, uste nuen konplexuok aspaldi gainditu genituela!!! ************************************************************************************************************************************************************************