Cannes, Euskal Zinemarentzako ezinbesteko hitzordua

Cannes, Euskal Zinemarentzako ezinbesteko hitzordua –

Asteon hasi dira nazioarteko zinemagintzako bi hitzordu garrantzitsuenetakoak: Cannesko Zinemaldia eta bere industria atala, Marché de Film. Azoka ospetsua maiatzaren 24ra arte egingo da eta euskal ordezkaritza izango du berriro hainbat sailetan. Gainera, Frantziako hitzordu paregabe horretaz gozatzera hurbilduko diren euskal profesional ugari ere bertaratuko dira.

Cannes, Euskal Zinemarentzako ezinbesteko hitzorduaAlde batetik, Sitgeseko Zinemaldiak Carlota Peredak zuzendu eta Bixagu Entertainmentek ekoitzitako ‘La ermita’ proiektua aukeratu du Fantastic 7 atalean parte hartzeko. Sail horretarako, mundu osoko zazpi jaialdi ospetsuk proiektu bat aukeratu dute, inbertitzaileen, ekoizleen, banatzaileen eta nazioarteko salmenta-agenteen aurrean pitching baten bidez aurkeztuak izateko. Gainera, nabarmendu behar da sail honek Alex de la Iglesia zinemagile bilbotarra hautatu duela edizio honetako aitabitxi gisa.

Bestalde, ZINEBIk film luze dokumentaleko lau proiektu aurkeztuko ditu Cannesen, eta hautatutako lanen artean ‘Itoiz_Udako Sesioak’ dago, Larraitz Zuazo zuzendariaren eta Doxa Producciones ekoiztetxearen pelikula. Mutrikuko eta Ondarroako bost gaztek osatutako talde historikoaren aztarna material guztiak biltzen dituen dokumentala da.

Ezin bestela, azken urteetan indarberritu den euskal animazioa Marché du Film azokan egongo da, eta bertan bi parte-hartzaile izango ditugu 2cool4school atalean. Mundu osoko talentu gazteenen graduazio lanak ikusarazteko balio duen sail honek Pablo Rioren (DigiPen Institute of Technology Bilbao) ‘Conej Steps Out’ eta Laura Ibañez Lópezen (Elías Querejeta Zine Eskola) ‘Corpúsculos’ aukeratu ditu. Gainera, Revelations. New Spanish Animation Short Films atalean Martin Romeroren ‘To Bird Or Not to Bird’ proiektua hautatu dute; Bilboko Uniko enpresaren hurrengo ekoizpenetako bat.

ICEXen eskutik, eta aurten Espainia Ohorezko Herrialde Gonbidatua dela kontuan hartuta, Basque. Audiovisual. ekimenak berriz ere stand bat izango du, hitzordura joan diren euskal lanei buruzko informazioa emateko. Horretarako, jaialdi bakoitzari dagokion katalogo digitala egin da eta, aldi berean, azokan izango diren lanak aurkezten dituen bideo txiki bat ere proiektatuko da stand-ean. Proiektu hauei buruzko informazioa ezagutu ahal izango dute bertaratuek: Iratxe Fresnedaren ‘All The Roads Are Open’ (Pimpi & Nella Films); María Elorzaren ‘Caro Bastiano’ (Txintxua Films); Laida Lertxundiren eta Ren Ebelen ‘In A Nearby Field’ (Doxa Producciones); Aitor Altuna Izaren ‘Karmele’ (Gastibeltza Filmak eta Txintxua Films); Xabier Iriondoren ‘Spiked Bracelet’ (Txintxua Films); Iratxe Fresnedaren ‘Tetuán’ (Marmoka Films, Pimpi & Nella eta Arena Comunicación); Koldo Almandozen ‘The Last Goodbye’ (Txintxua Films); Patxi del Camporen ‘Tuning Silences’ (Maluta Films eta Arteman – Komunikazioaren Artisauak); Baltasar Kormákurren ‘Whalemen (At The Ends Of The Earth)’ (Euskadi Movier AIE); Albertina Carriren ‘White Roses, Fall!’ (Doxa Producciones) eta Lara Izagirreren ‘Yerma’ (Gariza Films).

Gainera, ostegunean, hilak 18, Palais Stage-n eta Fantastic Pavillion Conferencen barne, euskal profesionalek ‘Basque Country – The Land of the Fantastic’ hitzaldia eskainiko dute. Solasaldian parte hartuko dute Josemi Beltran Donostiako Udaleko Zinema Unitateko arduradunak, Iñaki Gomez Irusoineko ekoizleak, Carlota Pereda zuzendariak eta Paul Urkijo ‘Irati’ o ‘Errementari’ filmen zuzendariak. Bertan, Euskal Herriko industria zinematografikoaren egoeraz eztabaidatuko dute Mónica García Massagué Sitges Fundazioko zuzendariak moderatutako hitzaldi batean.

.

Kritikaren astean ere

Cannesko Kritikaren Astea jaialditik kanpo egiten den topaketa bat da, eta bertan talentu berriek aukera dute beren lanak publiko eta kritikari erakusteko. Film laburren eta lehen edo bigarren luzeen aukeraketa bat egongo da ikusgai. Joan den urtean Estibaliz Urresola Solagurenen ‘Cuerdas’ film labur arrakastatsua izan zen han, eta oraingo honetan antolatzaileek Irati Gorostidiren ‘Contadores’ (Apellaniz y de Sosa) aukeratu dute. Errealizadore nafarraren lan hau 70eko hamarkadako negoziazio sindikal bati buruzkoa da, eta aktore ez-profesionalek osatutako castinga du.

Cannes, Euskal Zinemarentzako ezinbesteko hitzordua