Elena Irureta eta Ane Gabarain, Euskal Zinemaren Begirada Saria
Euskal Zine Bilera berrikuntzaz josita dator –
Lekeitioko zine jaialdiak Elena Irureta eta Ane Gabaraini emango dio Euskal Zinemaren Begirada saria, euskal zinemagintzan egin duten ekarpena omentzeko asmoz.
Garaikur berriak emango dira aurtengo jaialdian, Sahatsa Jauregi artistak egindakoak hain zuzen.
Lekeitioko Euskal Zine Bilera hasteko egun batzuk baino ez dira geratzen eta jaialdiak bere aurtengo berrikuntzak eman ditu ezagutzera.
Edizio honetan jaialdiak ondare gisa duen balioa goraipatu nahi du Euskal Zine Bilerak. Aurtengoa 46. edizioa izango da, eta ibilbide luze honetan zehar emandako pausoak mahai gainean jarriko dira. “Jarraitu zinearen lorratza” da jaialdia borobilduko duen lema, atzera begirada egitea bide berriak zabaltzeko.
.
Euskal Zinemaren Begirada saria
Euskal zinemagintzari norbaitek eman badio ospea horiek gure aktoreak izan dira. Ikuspegi horretatik, Euskal Zine Bilerak urtero jartzen du bere begirada euskal ikus-entzunezkoen alorrean ekarpen berezia egin duen eragile edo pertsona batengan. Aurten, bi aktore handiren bideak berriz gurutzatu nahi ditu eta merezi duten aitortza egin eta ospatu. Hamarkada guzti hauetan, gure iruditegia osatzeko egindako ekarpena eta euskal ikus entzunezko ondarean utzitako lorratzaren gainean jarriko dugu Euskal Zinemaren Begirada. Zehazki saria Ane Gabarain Gaztelumendi (Donostia, 1963) eta Elena Irureta Azanza (Zumaia, 1955) aktoreentzat izango. Biak bietara euskal zein Euskal Herritik kanpoko iruditegian lekua egin duten aktoreak dira.
.
Pantaila irekia
Euskal Zine Bilerak euskarazko zinemagintza bultzatu eta sustatzeko lana egiten du eta badaude antzerako helburua duten beste eragile batzuk ere. Hori dela eta, garrantzitsutzat ematen da horiekin ere elkarlana sustatzea. Edizio honetan asko izango dira bidelagunak baina, berrikuntza gisa, Gasteizko Artium Museoarekin partekatuko dugu tarte berezi bat. Pantaila irekia ekimenaren barnean euskal kulturgintzaren alorreko erakundea den Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoarekin elkarlanean abiatzen da “Zine Elkarrizketak” egitasmoaren bidez. Artium Museoko “Z” aretoan erakutsitako hiru euskal sortzaileren lanen aukeraketa bat proiektatuko da eta egileekin elkarrizketa egingo da ostean. Ainara Elgoibar-en “Gold 20”, Maddi Barber eta Marina Lameiro-ren “Paraíso” eta Irati Gorostidi eta Mirari Echavarri-ren “San Simon 62” filmak ikusi ahalko dira.
.
Garaikur berria
Euskal Zine Bilerak zinemagintzaz gain, artearen esparru ezberdinetara zabaldu nahi ditu bere mugak. Hau kontuan izanik, jaialdiaren garaikurra berritzeko deialdia egin zuen duela hilabete batzuk. Gainera, 2023tik aurrera euskal artista batek hartuko du garaikurra diseinatzeko enkargua, eta hiru urtero beste sortzaile bati pasako dio testigua. 46. edizio honetako garaikurra Sahatsa Jauregi artistak (Taparica, Brasil, 1984) egin du. Ezezaguna eta ezagunaren, hurbilekoa eta urrunekoaren arteko harremanean oinarritutako pieza bat aurkeztu du Sahatsak. Julio Medem-en “Vacas” filma ere abiapuntutzat hartuta, EZBko urrezko antzarra testuinguru berritu batean jartzeko.
.
Andrezaharraren Manifestua
Mari Luz Estabanek idatzitako «Andrezaharraren manifestua» zine bilakatuta. Manifestu bat da esanguraz bete nahi den aldarri bat gai, arlo, eremu batean non esanahiak kerratuz doazen eta errealitate berriak isilik ere garrasika hasten diren. Lehiaketaz kanpo emango den film honek Mari Luz Esteban antropologarekin solasean aritzeko aukera emango du.
Esan bezala, aurtengo jaialdiak bidelagun asko izango ditu eta baita zenbait sorpresa. Gogoratu, Euskal Zine Bilera urriaren 19tik 22ra ospatuko dela Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan. Informazio gehiago www.zinebilera.eus orrialdean. Zatoz eta jarraitu zinearen lorratza!