Euskal sukaldaritzaz, zer?
Diputatuen Kongresuak, Espainiako Gastronomia, Babestutako Ondare Ez-material bihurtzeko legea onartu berri du. Kongresuko kultura batzordeak, Gastronomiaren Erret Akademiak abian jarritako eskaerari men egin dio. Honekin, sukaldaritzaren aniztasuna bateratu eta hainbat urteetan tokikotasunaren berezitasunaren alde dihardutenen ahalegina, homogeneizatu egin da. Kasu, Cuina Catalanak azken hamarkadetan eginiko hausnarketa, lanketa eta ezagutzaren gizarteratzea. Erakunde eta eragile publiko zein pribatuek elkarlanean dihardute. UNESCOren Gizateriaren Ondare izateko hautagaitzarako, Kataluniako Parlamentuak Kataluniako Sukaldaritza Tradizionalari, Kultur-Ondare Ez-Material gisa egindako errekonozimendua dugu adibide.
Fundació Insitut Catalá de la Cuina i de la Cultura Gastronómicak, herri proiektu bihurtu du kataluniar kultura gastronomikoa guztion ondare eta zaindu beharreko ondasuna dena prestigiatzeko. Ondare bizia da, dinamikoa, egunerokoa eta herritar ororen parte hartzea ezinbestekoa duena herri baten kulturaren elementu garrantzitsua den heinean. Ikerketa zientifikoa: sukaldaritzaren historia eta korpusa garatzeko. Sentsibilizazio soziala: bertako sukaldaritza, elikagaiak, tradizioa edota ezagutza soziala balorean jartzeko. Ez dago, chef edota sukaldaritzako izar handien goraipamenerako espaziorik. Elkarlanerako gunea da. Eragile ezberdinen arteko sarea osatu eta helburu soziala duena. Eta Euskal Herrian zer?
Euskal gastronomia, euskal sukaldaritza … Zer da baina euskal sukaldaritza? Euskal hori, hutsik dago. Hustuta. Edukirik gabeko kontzeptua bilakatu da. Marketing eta publizitaterako amu erakargarria da gastronomia munduan ere, eta zer esanik ez herria saldu nahi denean. Euskal sukaldariak prestigio handiko enbaxadore bihurtu dira. Ba al dakigu ordea zer den euskal kultura gastronomikoa? Nola definitzen da? Ba al du definiziorik? Ez dugu, gure sukaldaritza kulturaren bilakaera eta historiaren ezagupenik. Ez dago korpus bateraturik. Kontrara, gure herriaren ezaugarri garrantzitsu bezala saltzen dugu mundu osora. Ekonomia aktibatzaile garrantzitsua da, izan ere. Baina hutsala. Azalekoa.
Erakunde publiko zein pribatuen interesa beste nonbaiten dago. Ikerketa zientifikoa, konpromisoa, ezagutzaren demokratizazioa eta sentsibilizazioan lanean ariko den erakunderik ez dugu. Amen-amek, gure amonen-amek garatutako ondarea ez da kontenplatzen inon. Isilean da haien lana. Eurak izan ziren ezagutzaren sortzaile eta belaunaldi arteko transmisioa bermatu zutenak. Elikagaien urritasuna. Gobernatzeko familia handiak. Historia berak mugarri jarritako gertaera sozialak gure elikadura eta sukaldaritzaren jatorria eta bilakaera ezagutzeko gako garrantzitsuak dira. Interesa eta kezka duenarentzat.
Meritu handiko euskal sukaldari handiei bere lana aitortzen zaie. Goi mailaraino eraman dute euskal sukaldaritza. Sukaldaritza eskolak ere ugari badira. Unibertsitatea ere sortu da. Isilean lanean diharduten sukaldari eta norbanako ugari ere badago, eguneroko praktikarekin ezagutza tradizionalari eusten diotenak. Gure elikadura kulturaren edota gastronomiaren ezagutza sukaldari izatetik haratago doa ordea. Tradizionala, garaikidea eta bizirik dagoen ondarea herritar ororena den heinean, eragile publiko zein pribatu, norbanako zein elkarteei dagokigu babesa, zaintza eta bermea. Komunitatearen elkarbizitzan hain sustraitua dugunaren iraunkortasuna herritarrei, eta erakunde publikoei ere badagokie. Bada garaia, interes partikularrak lehenetsi ordez, sukaldaritzak eta gastronomiak laguntzat duen euskal hori erro sendoz finkatu eta edukiz osatzeko.