Euskal sorkuntzari ateak irekiko dizkiote Bogotako hainbat kultur gunek

Euskal sorkuntzari ateak irekiko dizkiote Bogotako hainbat kultur gunek –

‘Nuevo Cine Vasco’ izenburupean, Bogotako Zinematekak azken urteetan ekoitzitako euskarazko sei film aurkeztuko ditu bihartik otsailaren 26ra bitarte.

Maiatzean gatazka eta bizikidetza ardatz duten pelikula sorta eskainiko da “Que haiga paz: campo visual, conflicto y memoria” programaren baitan.

Tanttaka Teatroa eta Kukai Dantza Teatro Mayor antzokiko oholtzan arituko dira apirila eta abuztuan, eta Oreka Tx Bime Bogotá topaketan maiatzean.

Euskal sorkuntzari ateak irekiko dizkiote Bogotako hainbat kultur gunekKolonbiako hiriburuko hainbat kultur gunek euskal sorkuntzari ateak irekiko dizkiote datozen hilabeteetan Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzarekin. Horrela, bertako ikuslegoak Euskal Herrian egindako zinema, musika, dantza eta antzerkia ezagutzeko aukera izango du, 2022. urtean hasitako ibilbideari jarraipena emanez. 

Lehenbiziko hitzordua otsailaren 21etik 26ra Bogotako Zinematekan egingo den ‘Nuevo Cine Vasco’ zikloa izango da. Proposamen honek azken urteetan euskaraz ekoitzitako lan esanguratsuenetako batzuk ezagutzera gonbidatu nahi du publikoa ekuazio sinple batean oinarrituta: ikuspegi, estilo eta gaien aniztasuna. Aurkeztuko diren filmak lehen aldiz ikusiko dira Kolonbian, 12 emanalditan.

.

  • ‘Erlauntza’, (Mireia Gabilondo, 2021)
    Otsailaren 21ean 19:00etan, Bogotako Zinematekako Sala Capital aretoan.
    Otsailaren 24ean 14:00etan, Bogotako Zinematekako 3. aretoan. 
  • ‘Amama’ (Asier Altuna, 2015)
    Otsailaren 22an 17:00etan, Bogotako Zinematekako 3. aretoan.
    Otsailaren 24ean 17:30ean, Bogotako Zinematekako Sala Capital aretoan.
  • ‘Black is Beltza’, (Fermin Muguruza, 2018)
    Otsailaren 22an 19:30ean, ogotako Zinematekako 2. aretoan.
    Otsailaren 25ean 20:00etan, Bogotako Zinematekako Sala Capital aretoan.
  • ‘Oreina’, (Koldo Almandoz, 2018)
    Otsailaren 23an 15:00etan, Bogotako Zinematekako 2. aretoan.
    Otsailaren 26an 19:30ean, Bogotako Zinematekako 2. aretoan. 
  • ‘Handia’, (Jon Garaño eta Aitor Arregi, 2017)
    Otsailaren 23an 15:00etan, Bogotako Zinematekako Sala Capital aretoan. 
    Otsailaren 25ean 18:30ean, Bogotako Zinematekako 3. aretoan. 
  • ‘Dantza’, (Telmo Esnal, 2018)
    Otsailaren 23an 17:00etan, Bogotako Filmotekako Sala Capital aretoan.
    Otsailaren 26an 15:30ean, Bogotako Filmotekako 2. aretoan.

Zinemarekin jarraituz, gatazka eta bizikidetza ardatz duten zazpi euskal ekoizpen ikusi ahalko dira maiatzean, hauek ere, Bogotako Zinematekan. Film hauek Kolonbiako Egiaren Batzordeak eta Arteen Institutu Distritalak (Idartes, gaztelaniazko siglatan) antolatutako programa zabalago baten parte izango dira, “Que haiga paz: campo visual, conflicto y memoria” izena duena. Egitasmoaren helburua da zinemaren inguruan elkarrizketa bat sortzea, honek Kolonbiako gatazka armatuan duen lekuaz, bere balio narratiboaz eta egiari aurre egiteko gizartearentzat duen garrantziaz hausnartzeko. Kolonbiar gizarteari gertatutakoaz hausnarketa bultzatu nahi du, horrela, adiskidetzerantz bidea egiteko. Programazioaren baitan, hilero, elkarrizketa sozialari ekarpenak egingo dizkioten bertako eta nazioarteko ikus-entzunezko lanak aurkezten dira. Testuinguru horretan, euskal gatazka eta bizikidetzaren gaiari heltzen dioten zazpi film  programatu dituzte: ‘La Fuga de Segovia’, (Imanol Uribe, 1981); ‘Yoyes’, (Elena Taberna, 2000); ‘La pelota vasca’, (Julio Medem, 2003); ‘Asier eta biok’, (Aitor/Amaia Merino, 2014); ‘Lasa eta Zabala’, (Pablo Palo, 2014); ‘Negociador’, (Borja Cobeaga, 2014) eta ‘Maixabel’, (Iciar Bollaín, 2021). Ziklo honen komisariotzan Jose Luis Rebordinos (Donostia Zinemaldia), Joxean Fernandez (Euskadiko Filmategia), Vanesa Fernandez (Zinebi) eta Pilar Rodriguezek (Deustuko Unibertsitatea) hartu dute parte.

Arte eszenikoen alorrean Teatro Mayor Julio Mario Santo Domingo antzokiak hartuko du lekukoa. 2022an eskainitako ‘Ventana Vasca’ foku bereziari jarraipena emanez, aurten Tanttaka Teatroa eta Kukai Dantza arituko dira Kolonbiako hiriburuko erreferentziazko kultur gune honetako oholtzan. Fernando Bernués eta Mireia Gabilondok gidatutako antzerki konpainiak bi lan aurkeztuko ditu apirilaren 25etik 29ra: ‘Sexberdinak’ (‘Sexpiertos’), Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta Goya saritua protagonista dituen hazkunde pertsonaleko istorioa, eta ‘Semea pixka bat motelago dabil soilik’ (‘Mi hijo sólo camina un poco más lento’), Ivor Martinic antzerkigile kroaziarraren testu arrakastatsuan oinarritutako muntaia.

Kukaik berriz ‘Desde mi txoko’ eta ‘Yarin’ lanak taularatuko ditu abuztuaren 22etik 26ra. Lehenbizikoan, Jon Maya dantzariak bere alderdirik intimoena erakusten du, dantza tradizionaletik dantza garaikidera doan bidaian. ‘Yarin’-ek aldiz kulturen arteko topaketa proposatzen du, zeinetan Jon Maya dantzaria eta Andrés Marín bailaorea, Julen Achiary-ren zuzeneko musikaz lagunduta, elkarrizketa zintzo batean topatzen diren.

Musikari dagokionez, Bime Bogotá egingo da, bigarren aldiz, maiatzaren 3tik 6ra. Bilbon egiten den musika industriaren nazioarteko topaketaren Amerikako edizio honetan Oreka Tx taldeak hartuko du parte Basque. Music.-ek sustatutako showcasean. Euskal Herriko musika nazioartekotzeko Musika Bulegoak, Etxepare Euskal Institutuak eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen duten plataforma Kolonbiako hitzordu honetan egongo da beste behin Latinoamerika eta Euskadiren arteko zubi artistiko eta profesionalak eraikitzeko helburuz. 

.

Cundinamarca, lehentasunezko eskualdea

Bogota, Kolonbiako hiriburua izateaz gain, Cundinamarca eskualdearen hiriburua ere bada, Eusko Jaurlaritzaren Euskadi – Basque Country nazioartekotze estrategiak lehentasunezko eskualde bezala azpimarratzen duena. 2017an Eusko Jaurlaritzak eta Cundinamarca Departamentuak elkar aditze memorandum bat sinatu zuten, eta ordutik Euskadiren Aliantza Estrategikoen sarean dago. 

Gauzak horrela, Etxepare Euskal Institutuak eskualde horretako kultur eragile eta profesionalekin loturak estutzeko lanean dihardu. Pasa den urtean hainbat musika, dantza eta antzerki emanaldi antolatu zituen Teatro Mayor Julio Mario Santo Domingo antzokiarekin lankidetzan, Basque. Music.-ek Bime Bogota-ko lehen edizioan hartu zuen parte, eta Institutuko arduradunek Cundinamarca eskualdeko hainbat erakunde, azpiegitura, jaialdi eta kultur guneekin bilerak egin zituzten euskal sorkuntza beste esparru batzuetara ere zabaltzeko. 2023. urtean Bogotako Zinematekan programatu diren euskal zine zikloak burututako lan horren emaitza dira.

.

Etxepare Euskal Institutua

Etxepare Euskal Institutua Eusko Jaurlaritzaren erakunde publiko bat da. Bere helburua da nazioartean euskara eta euskal kultura eta sorkuntza sustatu eta ezagutzera ematea, eta horien bidez, beste herrialde eta kulturekin harreman iraunkorrak eraikitzea. Horretarako, besteak beste, kalitatezko jarduera artistikoak sustatu; sortzaile, artista eta kultura-sektoreetako profesionalen mugikortasuna bultzatu; eta euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntza bideratzen du. Halaber, nazioarteko erakunde eta eragileekin lankidetza bultzatzen du eremu kultural eta akademikoan. 

Euskal sorkuntzari ateak irekiko dizkiote Bogotako hainbat kultur gunek