Euskal katea ez da eten (behar)

Euskal katea ez da eten (behar) – 

Denborak gauzen, pertsonen, taldeen… aldaketak eta horien ondorengo bilakaera direla-eta baino ez du zentzurik. Denbora eta aldaketa, hortaz, estuki elkarrekiko harremanean daude. Historiak ere denborarekin du zerikusirik. Izanez ere, zer dugu historia, iragandako denboran zehar dimentsio komunitario batetik bizitako gertakarien segidaren oroitzapen kolektiboa ez bada. Eta zer dugu gure historia, edo herri baten historia, gure aurretikoek elkarrekin urraturiko denbora harian emaniko gertakarien segida oroitua ez bada. Halaxe da, nahiz-eta asko-askotan bertsio berberak ez diren zertan eman gertakari dena delakoaren aurrean, talde batek edo beste batek non kokatzen den horren aurrean. Adostasun falta, edota bertsio bateratuaren fala delakoa gizarte beraren baitan ematen baldin bada, kontua ez da hutsala batere. Horregatik bada, gurean, Euskal Herrian, ustez jada itxitzat-edo jo litekeen bortxazko denboraldi garaikiearen gaineko errelatoa jorratzeak berak hautsak harrotzen ditu, ondo harrotu ere. Ez da hutsala kontua, ez. Eta norbaitek edo norbaitzuek hori pentsarazi nahi badigu, ziurrenik, gu lasaitu bezain pronto, oharkabean bere errelatoa noiz sartuko zain egongo da.

Historia baina, ikuspegi ezberdinetatik begiztatu daiteke. Ez da soilik errelato kontu huts. Historiaz mintzo gara. Eta historiaz hitz eginez gero, iraganak egungo egunean esku artean legatuan utzi dugun horretaz arituko gara. Alabaina, horrez gain, historiak ere badu beste dimentsio bat, hitz egitezkoa ez dena, egitezkoa baizik. Historia egin egiten da, egunez egun, denbora hariak ekarriak izan garen aldetik eta berorretan ezinbestez kokatuak gauden aldetik. Historiaz hitz egiten dugu, baina orainaldiaz hitz egin dezakegun modu berberean. Historiaz hitz egin dezakegu, eta hitz egin behar dugu, baina, oroz gain, historiak egin gaitu eta gu geu ari gara une oro historia egiten. Ezker Berrietatik ondo baino hobeto jabetu ziren horretaz. Izanez ere, historiaren etenak “historiaratzeak” filosofikoki oinarritzen eta, hurren, politikoki bultzatzen ondo ahalegindu ziren.

Honen adibide ezin idartsuagotzat jo genezakeen Badiouren pentsamendu filosofiko politikoa hona ekarri nuen aurreko artikulu batean. Nolanahi ere, historiaren linealtasun progresibo eta jarraitua berez ematen da, hau da, bilakaeraz eta “zerotiko” hastapen berrietara bortxatuko duten etenik gabe berez ematen da. Besterik da urte garaikideetan ideologia berrien artifizioz kulturalki historiaren etenak historiara berara eraman nahi izana eta gertakari hau “zero” unetzat fundatu-finkatu nahi izana. Alabaina, esanda moduan, herri eta kultura baten historia kate bat da, non eman-jaso egokitu-eman segidazko haria iraganalditik etorkizunera doan hausturarik gabe. Aurreko artikuluetan Arizmendiarrietaren pentsamenduaz aritu nitzela, bera horren oso jakitun izan zela eman nahi izan nuen aditzera. Izanez ere, Arizmendiarrietak hausturarik gabeko denbora oso aintzat izan zuen. Gauzak ez dira berez gertatzen. Atergabe aldaketak eta eraldaketak berekin dakarren hausturarik gabeko denbora segidaren defentsa une oro dago presente Arizmendiarrietaren zenbait eta zenbait testutan (REKONDO, J. Matxinada contra Auzolan, 47. or.). Esanda moduan, bere ikusian, gauzak ez dira berez eta hala-hola suertatzen. Hori da hain justu ere kultura; berau jorratu ahala gertakariak ez dira bere kaxa suertatzen. Denbora, aipatu zentzu honetan aintzat harturiko “Denbora”, alegia, hizki larriz hartu beharreko denbora hori, behar besteko garrantziaz eta arretaz gogoetatu ez izana penagarria iruditu zitzaion Arizmendiarrietari. Pertsona “denboratik at eta bere berdinkideen laguntzaz ez bada, ez litzateke den hori izango”, halaxe zioskun Arizmendiarrietak. Beroiek gabe ez du bere beharrizanak asebetetzerik, inondik ere. Denboraren kontsiderazio solidarioa, elkartasunezkoa, du, hortaz, Arizmendiarrietak. Elkartasunaren plano berberean jartzen ditu komunitatea eta denbora, bi-biak. “Giza garapenerako eta eraldaketa sozialerako oinarrizko faktoretzat ditu biak ala biak, eta inondik ere halabeharrezko gertakari akzidentaltzat”.

Bi osai horien arteko bat egiteaz “denboran zehar gauzatutako solidaritatea” den hori sortuz joaten da. Bateko, parez pare, era horizontal batean, gauzatzen den solidaritatea dugu, alegia, elkarren garaikideak izanik, partekatutako bizipenetatik segitzen den hori. Baina, besteko, bertikalki, edota lehendik gaur egun artean, gauzatzen den hori dugu, hau da, denbora historikoaren bidez belaunaldiz belaunaldiko solidaritatea.

Mundu-zabalean emaniko migrazioak oso presente ditugu. Hor, etorkinak ditugu egoera larrietatik ihes eginda, beren jatorrizko herrialdeetatik etorrita. Bada, denborari dagokionean ere, denboratik kanpo, denboratik ihes egin nahian ere jardun dezakegu. Denboratik iheska dabiltzan horiek ezin dute ezertxo ere irakatsi. Izanez ere, bizitza iragana, oraina eta geroaren artean bilbaturiko mihise moduko bat dugu, eta ez ezerezetik eraikitako zerbait, zioskun zuzen onez Arizmendiarrietak.

Orain honi, gaurkoz, buru emate aldera, Rekondoren eta Arizmendiarrietaren testuetatik pixka bat aldenduta agian, baina beroiek gai honen gainean esandakoarekin bat-bat eginik, dakardan honekikoan Krutwig-en hitz ezin adierazgarriago jarraiko hauek:

… Denboran aitzinerat egin ahala, gauzak gero eta zaharragoak (aitzinekoagoak) dira. Horrengatikan, “geroaldi objectivatu” hori “joatekotan” dagoen zerbait da (guregandikan joatekotan dagoen zerbait); ez da “etortzekotan” dagoen zerbait. Euskaraz joankizuna erranen genuke. Aldiz, “etortzekotan” dagoena, etorkizuna, gure bizkarraren gibelean dago. Izatez, gibelerantz ikusten dakiten persona bakarrak sortzaileak dira. Garondoan hirugarren begi bat ukanen balute bezala, edo ispilu retrovisore bat erabiliko balute bezala, sortzaileak geroaldiko etorkizuna ikustekotz gai dira. Behin gauzak objectivatzen direnean, gauza horiek jada ezin dira aldatu, eta gauza horien gainean jada ezin da ekin. Hori ulertuta, hagitz garrantzitsua den gauza batetarat iristen ari gara” (KRUTWIG, F., Computer Shock-a Euskari-a, 68. or.)

Igor Goitia

Euskal katea ez da eten (behar)

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

4 pentsamendu “Euskal katea ez da eten (behar)”-ri buruz

  • Beñat Castorene 2025-03-16 15:13

    Kaixo Igor
    “Horrengatikan, “geroaldi objectivatu” hori “joatekotan” dagoen zerbait da (guregandikan joatekotan dagoen zerbait); ez da “etortzekotan” dagoen zerbait.”
    Ez dakit ulertu ditutzun bi esaldi hauek?

  • Igor Goitia Mora 2025-03-16 19:17

    Bai, arrazoia duzu, Beñant. Diozun moduan ““Horrengatikan, “geroaldi objectivatu” hori “joatekotan” dagoen zerbait da (guregandikan joatekotan dagoen zerbait); ez da “etortzekotan” dagoen zerbait.”
    Agian sartu dudan zita hori nahagarri samar izan daiteke goian aipatu dudana aipatuta. Horretan ulertzen dut diostazun hori, alegia, agian eman dezakeela gaizki,edo ez behar den moduan, ulertu dudala Krutwig-en aiderazpen horiek.

    Patxada handiagoz begiratu diot kontuari eta hauxe da nik behintzat Kurtwig-i ulertu uste diodana (zuzenduko didazu bestela, kontua ez da-eta horren sinplea):

    1)Krutwig-entzat, joankizuna gauza objektibatuen denbora da, lehenaldia eta orainaldia barne hartzen dituena . “Geroaldi objectibatu” gisa ere aipatzen da, guregandikan joatekotan dagoen zerbait bezala deskribatuz, ez “etortzekotan” dagoen zerbait bezala (etorkizuna). Iraganean gertatu eta orainaldira iristen den prozesua, baina etorkizunetik urruntzen ari dena.

    2)Bestetik, badirudi, Krutwig-en ikusirako “joankizuna” (gure euskaraz “joatear” edota “joateko zorian” den hori) gauza objektibatu edo finkatuen eremua ere badela ….

    Orain NEURETIK eta arikuluan diodanaren harira:

    Gure kultura pilatutakoan denboraren eragin progresiboa, mailaz mailakoa eta lineala deskribatzen ahalegindu naiz artikulu honetan. Etenik gabeko denbora lineal baten alde ere egin dut. Hein horretan, denboraren pixnakako eraginari dagokionean, denboraren indar eraldatzailerari dagokionean, oso baliogarria da Krutwig-en zita hori.
    Alabaina, komentario-azalpen bat eskatzen du:

    Guk, gure kultura eta filosofia mendebaldarrak, historia aurrerantz doan prozesu progresibotzat ulertzen du, non guk, historiarekin batera, bere norabidean, eta bere norantzan aurrerantz goazen.

    Krutwig-ek, aldiz, historiak gugan duen eragina berdin-berdin aitortuta (objektibazio kulturala ematen den aldetik), bestela ulertzen dudenboraren nondik-norakoa iragana-oraina-geroa koordenadei dagokienean. Krutwig-entzat etorkizuna gugana dator, gure kontra, guganantz…horregatik da joankin, gugunantz joan doalako (subjektu autonomo bezala), eta behin “orainetik” pasata, uzten gaitu eta bere joanari ekiten dio (joankizun).

    Etorkizunak, geroak, aldiz, ez du hainbesteko garrantzirik Krutwig-entzat. Izanez ere, Krutwig-entat etorkizuna etortzear den geroa litzake, baina geuretik ikusita, geu denboari begira gaudela, eta ez denbora gure begira.

    Alabaina, Krutwig-en pentsamenduan badirudi subjektu nagusia lehengoa dela (denbora) eta ez bigarrena (gu), horregatik denbora gehienbat joankizun da eta hainbeste etorkizun.

    Mila esker Beñat, ea zer edo zer aportatu dudan…Bestela, zure erantzunaren zain

  • Beñat Castorene 2025-03-16 22:07

    Milesker Igor, iduritzen zait itxindiak erdikusten ditudala orai ilunean.
    Krutwigentzat denbora ez ote da, errekan zaudela, menditik zure gana jausten den eta zu pasatzen zaituen ura bezala? dena goitik beher joankin?
    Espero dut umilki ez dudala astakeria bat erran
    Baina aldi huntako nahikoa egin duzu enetzat.
    Orai eni dagokit ene kabuz konprenitzea zer ekartzen digun denboraren kontzepzio horrek errealitatea ulertzeari eta ekintzari buruz.
    Justu artetik erraiteko bukaeran “…horregatik denbora gehienbat joankizun da eta (ez?) hainbeste etorkizun” ez ote da “ez” bat falta?
    Milesker eta gau on.
    Gau on

  • Igor goitia 2025-03-17 18:24

    Oso, oso ona ibaiaren irudia pertsona eta denboraren artekoa deskribatzeko. Horren arabera, denbora ibaia balitz, itsasora edota mendira begira ote gauden litzateke kontua…Orduan, nahiz eta urek aurrera egin, lehendabizi gure kontra eta gero gure atzean leudeke korrontearen kontra Jartzen bagara.
    Bestetik, diozun moduan, hor “ez” bat Jan dut.
    Mila esker

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude