Euskal Herria tropikalizatzen, Descarga Libre
Descarga Libre, Euskal Herria tropikalizatzen –
Jimmy Bidaurreta eta Mikel Makala musikarekiko grinak batutako lagunak dira, musika latindarrak, zehatzago. Bata Gasteiz Big Bandeko zuzendaria da, disko jartzailea bestea. Elkarrekin argitaratuak dituzte egitasmo pare bat, orain gutxi azkena, “Descarga Libre” (Orrua Diskak).
Latindar musikariek “descarga” esaten ei diete lagunarteko saioei, eta kontzeptua gurera ekarri nahi izan dutenez, “libre” gehitu diote bukaeran Makala eta Bidaurreta eskarmentu handiko musika eragileek, disko jartzaileak berak adierazi digunez. «Mende honen hasieran ezagutu genuen elkar Jimmy eta biok, zaletasun bera genuela eta: latin jazz edo musika lantindarra. Hau entzunda, askori reggaetoia etorriko zaio burura… eta ez! Guk atsegin ditugunak 60-70eko hamarkadan sortu ziren, ez bakarrik Kuban, baita Puerto Ricon eta New York hiriko Harlem auzoan ere, latindarrek “El Barrio” deitzen dutena».
Makalak, irribarre zabala ahoan, patxadaz ematen dizkigu zehaztapenak, ohituta dagoenaren seinale. «Nuyorican salsa bilakatu zen soinu hori, eta oso ospetsu bihurtu zen Fania diskoetxeak argitaratzen zuen. Hector Lavoe, Ismael Miranda, Ray Barretto… perkusio eta tronpeta joleak…; izugarrizko mugimendua piztu zen, aldarrikatzailea, etorkinen ikuspuntua jorratzen zuena». Eta Makala zein Bidaurretak mugimendu harekiko jakinmin bizia dutenez, orduko soinuak berreskuratu dituzte, «iturriak ahaztu gabe baina ukitu berritzaile bat emanez, XXI. mendeko jantziekin», alegia, musika elektronikoa, dantzagarria, alaia.
Bikoteak “Vamos a comer” izeneko ep bat grabatu zuen 2010ean Madrileko Lovemonk zigiluarekin, gero “Unexpected tapas” disko luze bihurtuko zena, “Bacalao al pil-pil” ezaguna tartean zela. «Eta orain, XXI. mendeko bigarren hamarkada honetan aproposa iruditu zaigu zikloa ixtea, paradoxikoki interesa piztu genuelako, hainbat ekoizle, irrati esatari eta disko jartzailerena, eta ez bakarrik hemen, baita nazioartean ere -Japonetik ere eskatzen ei dizkiete biniloak-. Jimmy eta biok argi dugu gure formulak funtzionatzen duela!».
.
Euskal Herria-Kuba konexioa
Gasteiz Big Bandeko zuzendaria eta zarauztar disko-jartzailea “saltseroak” dira, hau da, salsa musika arakatu, aztertu eta ikertu dute, maite dutelako. Eta «Euskal Herria tropikalizatzea» dute aldarri.
Duela bizpahiru urte Descarga Libre izeneko laukotea sortu zuen Makala eta Bidaurretak, eta zuzenean seikotea dira egun, hiru euskal herritarrek eta hiru kubatarrek osatua. Makalak abestu egiten du, Bidaurretak teklatuak eta Jon Oiartzun Jomesek baxua jo; horra euskaldun atala. Leonel Oliva tronpeta joleak, Denis Barzaga eta Eduardo Lazaga perkusio joleek osatzen dute bigarren hirukotea, kubatarra.
«Ematen du ezetz baina beti izan ditugu logura zuzenak Kubarekin, gure kideen abizenei erreparatzea besterik ez dago -Barzaga eta Larzagari buruz ari da-. Gainera, gu euskaldunak gara baina gaztelera ere badakigu, eta gazteleraz egiten da salsa musika, Europa iparralderantz joaten garenean ere izugarrizko harrera izaten duena; atsegin dute».
Eta Euskal Herrian? «Noski badagoela musika hau maite duen entzulea, binilo zalea, klub eszena esaten diogunera bideratua dagoena, dantzara. Potatok jamaikar erara egin zuen bezala, badira lehen txantxetan esan dugun bezala, Euskal Herria tropikalizatzen diharduten taldeak, eta reggae musika jotzen ez dutenak: Sonora Kandela bere garaian, Tik-Tara, La Jodedera… Eta harrigarria iruditzen zait musika latindar gehiago ez ekoiztea eta argitaratzea euskaraz. Ondo legoke!».
Jimmy Bidaurretak, teklatuak jotzeaz gain, “Descarga Libre”-ko zazpi kantuak ondu ditu Mikel Makalarekin batera. Argitaratu berri duten lanari buruz galdetu eta, «soinu hauekin hamarkada batez izan dugun harremana ixten du diskoak», aitortu digu.
Kantei dagokienez, «oso abiapuntu ezberdina dute guztiek ere -diosku-. Esate baterako, bidaian geundeneko ateraldi batetik sortua da bat; “tinta tin, tinta negra” bururatu eta, lelo hartatik tiraka, osatu genuen kantua. Eta “Playing Lecuona” filma ikustetik bestea. Nik ordurako ikertua nuen musikari kubatarraren lana, eta omenaldi bat egin nahi nion». Eta soinua? «Kubatar musika alaia izan ohi da, baina guk nuyorica soinua gura genuen -Willie Colonena metaletan-, ez dena hain bukolikoa, hain dirdiratsua, ez bada hiritarra, gogorragoa eta oldarkorragoa, Fania diskoetxeko lanen tankerakoa».
Lana deskribatzen hasita, eta kantu egilea den heinean, Bidaurretari “Descarga Libre” laneko zazpiak aurkez ditzala eskatu, eta fin bete digu eskaria:
“Descarga Libre”: Latin Jazz House askea, Omar Gonzalez Mesak abestua, Irakereren bidetik, zeharka bada ere, generoko klasikoei begiratzen diena.
“Baches y deseos”: Gaur egungo musika “uhinetara” gehien hurbiltzen den kanta, hau da, aldeak alde, reggaetoira; Fedzilla rap kantari txiletar alemaniarrarekin -etorkinen aldeko aldarri eta guzti-.
“Ganga”: 70eko hamarkadakoa erabat, boogaloo R&B latin soinua duena, ukitu modernoekin berritua.
“Tinta negra”: Salsara gehien hurbiltzen den kanta, eta seguruena diskoko hit nagusia, kubatar erara emana Omar lagunari esker.
“Irratian”: Kantarik jazzeroena da -euskaraz abestua-, guk etxeko egin duguna, Makalaren etxea baita irratia.
“Ancestros”: Hitz bakarrean, oso “aché” dela esango dizut, eta gero, zer esan nahi duen azaldu. Horixe da santeroek, Orishas-ei deitzen dietenean, osasuna esateko erabiltzen duten hitza. Eta noski, kubatarra den Denis Berzagak egina da, gu ez baikinen horrenbestera ausartuko.
“Leku Ona”: Enesto Lecuonaren omenez, aita Kanarietan jaioa bazuen ere, aztarna euskalduna nabaria baitu; bertakoak behar zituen arbasoak. Lotura hori berreskuratu nahi izan dugu, mende bat geroago. Kubatar musikagilearen “Danza de los Ñáñigos” piezaren atalak ditu kantuak.
.
Zuzenean
Makala eta Bidaurreta hasiak dira egitasmo berriarekin zuzenekoak jotzen, Euskal Herrian zein atzerrian. Martxoaren hasieran Be Bop izandako klubean jo zuten, Donostian, eta apirilaren 6an Kutxa Kulturren izango dira, berriro gipuzkoar hiriburuan. Eta bihar bertan, larunbatez, Iruñeko Cavas Discon.
“Descarga Libre” biniloan erosi, plataforma digitaletan entzun eta zuzenean dantza dezakezu. Eta eutsi ezinik bazabiltza, baita hementxe bertan ere:
(Nire ustez) Euskal Herria ez da tropikalizatu behar, Euskal Herriak helburu eduki behar ditu Europa iparreko herrialdeak.
Gogoan dut (seguru asko pasadizu faltsua da baina halazta errealitate bata adierazten du) irakurri nuela nonbaiten Markus Wolff Ekialdeko Alemania komunistaren zerbitzu sekretuen buruzagiak gomendio egin ziela ETAkoei jo behar zutela batetik arabiar-palestinen aldera eta bestetik Hego Ameriketara. Egia ala gezurra, horrelaxe gertatu da ezker abertzalearekin, bi aieka horietara jo duela buru belarri. Horregatik, ezker abertzalearen kultur kideok zabaldu nahi izan digute “nicaragua nicaraguita” eta orain “venezuela venezuelita” bezalako maitemintze internazionalistak eta komentzi arazi nahi digute euskaldunok (batez ere ideologikoki ezker abertzaleko peto bagara) berezkoa dugula gerriaren mugimendu lehuna eta hegoaldeko kadentziaren arnasa.
Egia guztiz kontrakoa da, euskal dantzek gerria ez mugitzea exigitzen dute, dantza gerreroak dira edota ipar herrietako dantza kortesauen imitazioa dira. Baina Hego Amerikako iraultzen mistikaz sukarturik, ezker abertzaleko akolitoek saltsodromoetara bultzatzen gaituzte, ron-a eta mulaten mugimenduen ondoan Maduroren diskurtso etengabeak irentsi ditzagun kultur arazorik gabe.
Euskaldunok ez ginen latinoak ni por el forro baina ideologikoki horrela izan behar garela esaten digute gaur egungo mandatari internazionalistek.
Ados zurekin, Bentazar.
Estereotipo merke gehiegi, ezta, Bentazar? Soberan, akaso, horrenbeste Le Carré, Rueda eta beste.
Eta zer esan tropikalizazioaren inguruko “gu euskaldunak gara baina gaztelera ere badakigu” horretaz?
Ez al da alderantzizkoa izango kontua? Gu gaztelaniadunak (espainolak) gara eta, hala-nola bada ere, euskaraz ere badakigu.
Misterio sakona izango da baina beti dugu aitzakiren bat gaztelaniara jotzeko: “gazteleraz egiten da salsa musika”, “bestela ez lukete ulertuko”, “nazioarteko elkartasunas”, “hedatuagoa da inperioko hizkuntza”…
Hemen ez zaigu inoiz gustatu Habanera, Charanga edo Parranda.
Geure musika Wartburgshtza da, Ario peto petoa.
Josemari Espartza idazle eta editoreari behin aditu nion hemen zamarra janzten dugula eta ez guayabera. Arrazoi zuen…