Euskal eragileak
Euskal eragileak –
“Euskarazko produktu eta zerbitzu erabilgarri askoren ezagutza mugatua da… balizko erabiltzaile gehienok ez ditugu dauden aukerak ezagutzen… Euskarazko produktuen eskaintza sakabanatuta dago, erdarazko eskaintza erraldoiaren zirrikituetan ia-ia galdurik. Oraindik ez dago halakoak ezagutarazten eta bilatzen lagunduko digun gune erreferentzialik… Euskarazko produktu eta zerbitzu guztiak sistematikoki jasoko dituen aurkibide edo direktorio baten premia dugu, non erraz izango genukeen eskaintza zein aukeren berri. Hordagoa jotzeko ordua iritsi da…” dio Iñaki Martinez de Lunak. Argi dago: ez ditugu euskarazko produktu nahiz zerbitzuak ezagutzen, eta, JJ Agirrek dioen moduan, gainera, eskaintza hori oso urria da gaztelaniakoarekin alderatuta.
Kontua da, aurkibidearen ideia eraginkortzat dudan arren, ez dudala uste gazteengana euskal produktu eta zerbitzuak iristeko balio duenik. Eta gai horri bueltaka, nire gaurko hala moduzko harrikada eroa: eta euskarazko zerbitzu nahiz produktuek behar duten bultzada gazteongana iristeko modako “influencer”engan badago? Bai, “influencer”engan, sare sozialen bidez jende askorengan eragina duten pertsona horiengan. Nire ustez, gazteentzat haiek dira hoberen atondutako eta bozgoragailuz jositako erakusleihoak. Azken batean, eguneratutako kultura-erreferenteak dira: kultura-erreferente 2.0ak. Eta bozgorailuz jositakoak diot oihartzun handiko hotsa egiten dutelako eragileek —jar diezaiegun, bada, euskal izena—, haiek dira eta sare sozialen gizarte honen zuzendariak.
Kontua da egungo gazteek jarraitzen dituzten eragileek ez dutela, oro har, inongo zerikusirik euskararekin eta are gutxiago euskal kulturarekin (kirolari edo musikariren bat salbu, akaso). Bideoak Youtubera igotzen dituen gazte arrunt batena, bere soinekoen argazkiak partekatzen dituen neska pinpirin horrena… Haiena da 8. probintziako gazteen enparantzako kioskoa. Eta bai euskarak eta baita euskal kulturak ere eragile horiek lagun behar ditu.