Euskadiko Orkestrak Glanerten ‘Perkusiorako Kontzertua’ estreinatuko du
Euskadiko Orkestrak Glanerten ‘Perkusiorako Kontzertua’ estreinatuko du –
Euskadiko Orkestrak Glanerten ‘Perkusiorako Kontzertua’ estreinatuko du Christoph Sietzen bakarlariarekin hurrengo kontzertu-programan
Euskadiko Orkestrak, Stuttgarteko Irratiko Orkestra Sinfonikoak eta Artikoko Orkestra Filarmonikoak enkargatutako obra honen Estatuko estreinaldia izango da. Christoph-Mathias Mueller alemaniarraren gidaritzapean, Euskadiko Orkestrak Brahmsen ‘2. Sinfonia’ interpretatuko du programaren bigarren zatian. Kontzertuak martxoaren 13tik 19ra izango dira Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñean, eta sarrerak salgai daude 10 eurotik 40 eurora.
Euskadiko Orkestrak ostegun honetatik aurrera 24/25 Kontzertu Denboraldiko zortzigarren programari aurre egingo dio, ‘Glanert/Brahms’ izenekoa. Kontzertuak datozen egunetan izango dira ohiko lau hiriburuetan: ostegunean, martxoak 13, Donostiako Kursaal Auditoriumean; larunbatean, martxoak 15, Bilboko Euskalduna Jauregian; astelehenean, martxoak 17, Donostiako Kursaal Auditoriumean berriz; asteartean, martxoak 18, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan; eta asteazkenean, martxoak 19, Iruñeko Baluarte Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira. EROSI SARRERAK HEMEN
Perkusiorako Kontzertua Euskadiko Orkestrak, Stuttgarteko Irratiko Orkestra Sinfonikoak eta Artikoko Orkestra Filarmonikoak elkarrekin egindako enkarguaren ondorioz sortu zuen Glanertek. Hain zuzen ere, Norvegiako orkestra horrek egin zuen obraren erabateko estreinaldia 2024ko maiatzaren 24an, eta orain interpretatuko duen bakarlariarekin, Christoph Sietzenekin, batera. Sietzen Salzburgoko Jaialdian 12 urterekin debuta egin zuenetik sariak etengabe jaso dituen perkusioko gazte prodijioa da.
Detlev Glanertek Mahler eta Ravel aipatzen ditu eragin nagusi gisa bere konpositore formazioan. Mahlerrek musikaren zentzu sinple eta dramatikoagatik eragin zion, eta Ravelek, berriz, soinuen maskarada artifizialagatik. Hans Werner Henze figura garrantzitsua izan zen Glanertentzat, eta formatu handiko bere lehen opera idazten lagundu zion, bere ibilbidean zehar arrakasta gehien ekarri dion generora bideratuz. Opera konpositore handia den aldetik, Glanertek inoiz azaldu du bere konposizioak irudimenezko antzerki-eszena gisa ulertzen dituela, heroi eta bilauekin, elkarrizketekin, krisiekin eta gatazkekin. Eta Perkusiorako Kontzertuak badu zerbait horretatik, elkarrekin konektatutako hiru mugimenduek ‘pertsonaia’ bera erretratatzen baitute bertsio desberdinetan. Lehen mugimenduak, adibidez, asko erabiltzen ditu xafla-instrumentuak, hala nola bibrafonoa, eta Big Banden musikaren eragina du. Bigarren mugimendua, tentsioa murrizteko, ereserki baten antzeko estiloan mugitzen da. Eta hirugarrena, azkenik, tempo azkarreko lasterketa da, bakarlariari bere birtuosismo guztia erakusteko aukera ematen diona. Bigarren zatian, orkestra Johannes Brahmsen 2. Sinfoniako harmonia erromantikoetan murgilduko da.
Euskadiko Orkestrarekin 2023an debuta egin ondoren, programa honetan itzuliko da bere Denboraldira egungo zuzendari suitzar entzutetsuenetako bat: Christoph-Mathias Mueller. Suitzan eta Estatu Batuetan ikasi zuen arren, Muellerrek nazioarteko ibilbide arrakastatsua egin du, batez ere Alemaniako bizitza musikalari eta oso ezagunak ez diren musikagileen defentsari lotuta. Euskadira egindako aurreko bisitan, Alexander Veprik aurkeztu zigun eta, oraingoan, Detlev Glanerten musikaren txanda izango da, Alemaniako gaur egungo konpositore garrantzitsuenetako bat.
Bi hasiera ezberdin
Obra nagusiak partekatuak izango diren arren, Donostiako eta Bilboko kontzertuek, batetik, eta Gasteiz eta Iruñekoek, bestetik, kontzertu-hasiera ezberdina izango dute.
Donostian eta Bilbon, kontzertuen lehen hamabost minutuetan, Abestu Euskadiko Orkestrarekin proiektuaren lehen edizioaren emaitza aurkeztuko da. Proiektu parte-hartzaile horretan, abeslari ez-profesionalek Euskadiko Orkestrarekin bat egiteko aukera paregabea izango dute eszenatoki gainean. Informazio gehiago hemen.
Gasteizen eta Iruñean, arrazoi teknikoengatik, Abestu Euskadiko Orkestrarekin abesbatza herritarrak ezin izango du kontzerturik eman, baina horren ordainetan Carl Maria von Weberrek konposatu eta Gustav Mahlerrek osatu zuen Die drei Pintos opera komikoarekin hasiko dira kontzertuak.
Sarrerak salgai
Kontzertu guztietarako sarrerak salgai daude, Gasteizkorako izan ezik, euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditoriumetako leihatila eta webguneetan, 10 eurotik aurrera.