Euskadiko Filmategiak Nafarrako ikazkinak (1981) zaharberritu du

Euskadiko Filmategiak Nafarrako ikazkinak (1981) zaharberritu du –

Euskadiko Filmategiak Nafarrako ikazkinak -Carboneros de Navarra- (1981) zaharberritu du, eta Montxo Armendárizek aurkeztuko du Donostian, Tasio (1984) filmarekin batera

Euskadiko Filmategiaren Kontserbazio sailaren lan hori zuzendari nafarrak gainbegiratu du, eta Tasio (1984) filmarekin batera proiektatuko da, abenduaren 15ean (igandea) Tabakaleran eta 22an Artium Museoan.

Tasioren zaharberritzea hainbat jaialditan ikusi ahal izan da aurten: Cannes, Bolonia, Donostia, Lyon… Bestalde, nazioarteko zinemateka ospetsuetan ere proiektatu da.

Euskadiko Filmategiaren Kontserbazio sailak beraren lehen zaharberritze-proiektua bukatu du: Montxo Armendarizek 1981ean zuzendutako Nafarrako ikazkinak -Carboneros de Navarra- dokumentala. Lan horren azken bertsioa abenduaren 15ean (igandea) aurkeztuko da jendaurrean. Tabakaleran (Donostia) izango da, 19:00etan, eta proiekzio berezia izango da: Tasio (1984) ere emango da, eta errealizadore nafarra ere bertan izango da. Gainera, Artium Museoan (Gasteiz) ere egingo dute emanaldi bikoitz hau, abenduaren 22an (igandea), 19:00etan.

Nafarrako ikazkinak –Carboneros de Navarra- zaharberritzeko lanak Spinner S eskanerrarekin egin dira. Euskadiko Filmategiak 2023ko amaieran eskuratu zuen MWA enpresa alemaniarraren ekipo aurreratu hori, lehiaketa publiko baten bidez eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketarekin. Aparatu horrek formatu guztietan digitaliza dezake, eta 13,5 K arteko kalitatea lortzen du. Ezaugarri horiei esker, zehaztasun handienarekin digitalizatu eta zaharberritu ahal izan dira obra honen fotogramak, irudien eta soinuaren kalitateak Armendárizen jatorrizko asmoa fideltasunez islatzen duela ziurtatuz.

Nafarrako ikazkinak –Carboneros de Navarra- dokumentalak Nafarroako mendietako azken ikazkinen bizitza erakusten du, eta Lokiz mendilerroko tradizioen eta giza paisaiaren testigantza bat da. Lan hau egiten ari zela, zuzendari nafarrak Anastasio Ochoa ezagutu zuen, eta hark Tasio (1984) filmeko pertsonaia nagusia inspiratu zuen gerora.

Zinemagile ospetsua da Montxo Armendáriz, euskal zinematografian funtsezkoa. Tasio filmaren berrogeigarren urteurrena ospatzeko, Euskadiko Filmategiak Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategietan zaharberritu duen bertsioa proiektatu du aurten zenbait jaialditan —Cannes, Bolonia, Donostia, Lyon— eta hainbat hiritan— Paris, New York, Madril, Sevilla, Valentzia, besteak beste—.

Lan horrek inflexio-puntu bat markatzen du euskal ikus-entzunezkoen ondarea kontserbatzeko zereginean, eta Euskadiko Filmategiak gure memoria filmikoa zaintzeko eta zabaltzeko duen konpromisoa berresten du.

Euskadiko Filmategiak Nafarrako ikazkinak (1981) zaharberritu du

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude