Etxegoienen liburuaz kritikak esan zuena
Hasier Etxeberria, Zuzeu, 2009-10-11
“Esan dezagun, existentzialismo cool baten iturritik etorritakoa dela nobelako ur hau. Tarteak tarte, Houellebecq, Roth, Murakami… ekarri dizkigu guri gogora, batzuetan gaiak, bestetan trataerak. Bada zerbait. Nire ustez bide bat argi markatzen duelako. Esan nahi dut, orain arte antiheroe garaikideak asko izan direla gurean, baina, irakurriak ditudan liburuetan, gai narratibo nagusia ez zen sekula hori izaten. Antiheroiak bazeukan beti beste zeregin bat, edo polizia zen, edo gaizkilea, edo abokatua, edo entomologoa, edota apaiza. Baina Autokarabanako protagonista antiheroia baizik ez da. Horixe bakarrik. Ez daki besterik egiten: gizarteak gurean dituen katramila arruntenetan harrapatuta bizi da, Bilbora joandako Etxegoienen antzeko oñatiar baten antzera. Ez dauka beste zereginik bere antiheroitasun horren amaraunean bizitzen jarraitzea baino, pultsio sexualei men egin eta emezkoekiko desberdintasun eta kontraesanak irentsita. Ez du deskubritu nahi inor, ez du aurkitu nahi azken gerran desagertutakorik, ezin du aberririk salbatu, aski du bere burua lepo gainean eramatearekin. Zela-hala. Antiheroi garaikideari buruzkoa du gaia esklusiboki.”
“Ez da galdu idazleok sarri galduta ibiltzen garen eremu eta sasietan. Ez da ahalegindu Euskal Literaturaren historia aldatuko duen zerbait edota forma aldetik izugarri berritzailea den ezer eraikitzen. Hizkuntzari dagokionean, euskarak ez du obsesionatu Etxegoien: euskaldun osoa eta normala da bera, eta bere modura kontatu ditu gauzak, euskaldun normal batek dituen erak erabilita eta ez hizkuntzarekin itsututako euskaltzainkume baten antzera. Bidenabar esan dezagun, horixe duela gai ederrenetako bat nobelak, nor ote den hemen euskaldun, edota ba ote den euskaldun normalik munduan. Geure antzera, baten bati zabarregia ere egin dakioke erabiltzen duen erregistroa tarteka. Baina ez da traba. Aitzitik, arazo eta korapilorik gabe gauzak kontatzeko tresna baizik ez da hizkuntza, espresabide soila. Hizkuntza, idazkera, ez da helburu, bitartekaria baizik ez da.”
Lander Garro, Zuzeu, 2009-12-08
“Fermin Etxegoienen Autokarabana liburua irakurri dut, harriduraz irakurri ere. Perfekziotik urrun egonagatik, txinparta askoko liburua da, zertzelada ederrak dituena, distiratsuak. Ideologikoki ‘alde’ egon ez arren, errespetuz jaso nituen bertan gordetako hainbat iritzi, euskarari buruzkoak adibidez, probokatzaileak eta azalekoak nire gusturako, baina errespetagarriak, eta fikzioaren testuinguruan ongi txertatzen zirenak. Idazle ezohikoa da Etxegoien, eta niri, ohiko idazleen galbahetik mundua ikusten dudan honi, zalantza asko sortu zizkidan bere liburuak. Katerik gabeko testua, hala definituko nuke, konplexurik gabea, eta, beraz, ongi hegaz egiten duena. Ez lagunei, ez kritikoei, ez idazleei: inori ez dio begiratzen liburuak, inori ez dio araurik edo molderik zor… hain da ezberdina, ze oso indartsua suertatzen baita, nobedosoa.”
Gorka Bereziartua, Boli gorria, 2010-10-22
“Nobelak alde makal asko ere baditu, ordea. Ez naiz Jesukristo, eta ez dut uste zurikeriatan ibili behar dudanik: idazkera bigarren mailako afera dela pentsatuta ere (eta nik ez dut hala pentsatzen), Autokarabanaren estiloa zaila da irensten momentu batzuetan. Gehiegi kontatzen duela ere esango nuke, arindu eder bat hartuta hobeto funtzionatuko lukeela. Eta pertsonaiak eta egoerak estereotipatuegiak dira. Parodiaren zerbitzurako, ados, baina nire gusturako, klixe gehiegi.”
Felipe Juaristi, El Diario Vasco, 2010-03-19
“Kontaera, dena dela, bizia da eta hurbila. Hizkuntza erabat komunikatiboa darabil Etxegoienek, erregistro markatua. Kaleko hizkera aukeratu du, eta badirudi, batzuetan, lagun arteko kontaera dela, taberna zulo bateko tertulia informal bateko solasaldia. Nork bere arazoak kontatuz, bere kezkak esanez, girotzen diren horietakoa, laguntza bainoago, entzuleak bilatzen dituen horietakoa. Ironia ere ez da falta; herri txikietan (fedeko kontuak izanagatik) sakratuak izatera iritsi diren sinesmen eta ohitura horiekiko nolabaiteko distantziamendua. Horrek, testuan, familiartasuna esan nahi du: beldurrik eza eta nork bere burua zalantzan jartzeko beharra.”
Mikel Asurmendi, Irunero, 2010-03
“Hilabete luzea da Autokarabana irakurri nuela. Gustura irakurri ere, trabarik gabe. Zenbaitetan, narrazioan, iragana eta orainaren arteko sinkronia eza edota hainbat esaldietan ukitu baten beharra faltan hartu nuen. Idazteko modu libre baten emaitza jo daiteke nobela, perfomance gisara idazten duenaren lana. Horiek horrela izanda ere, merezi duen nobela da.”
Ainara Maia, Gara, 2009-12-04
“Hizkuntzarekin jolas egiten du, ez preseski euskara jator edo zuzen batean; horrela euskarari buruzko iritziak botatzen ditu. Hasieratik nahastu ditut idazlea bera eta protagonista, lehen pertsonan idatzia dagoelako, eta gainera liburuaren amaiera aldera arte ez baitu aipatzen protagonistaren izenik: Elias Aldasoro. Gizonezkoaren ikuspegitik kontatzen du protagonistak 2007. urtea hasi berritan bere eguneroko bizitza pertsonal nahiz profesionala. Bizimodu modernoak ez du asetzen eta dena kritikatzen du, baita gizontasuna bera ere. Gaur egungo euskara planek gogaitzen dute, bere ama-hizkuntza euskara izan arren, erosoago sentitzen delako erdaraz. Hiriaren eta herriaren artean dago banatuta protagonistaren patua, baina ez dut nik eleberria kontatuko hemen. Bizimodu postmoderno hau kritikatzen du etengabe Eliasek; bizitza bakarra bizi dugun arren, kontrakoa sinetsarazten zaigulako haren ustez, hamaika batera bizi genitzakeela, autokarabanaren irudi zoragarriaz noranahi joan eta bizi alegia. Baina nora joan?”
E.B., Aizu, 2009-12
“Gure gizarte honetan egunero bizi ditugun hainbat eta hainbat egoera arrunt eta ez hain arrunt deskribatzen dizkigu, denetan ironia puntu bat eta ikuspegi pertsonala ezarrita. Hortxe dira hiria eta herriaren arteko berdintasun-desberdintasunak, herri eta hiri minak, bikote harremanak, zaharrak zein berriak, elkarrengandik aldendutako gurasoen gorabeherak, seme-alabekiko harremanak, lana eta langabezia, kooperatiben mundu zabal-itxia, edozertarako egin ohi diren “plan estrategiko” famatuak eta euskara… Euskararen inguruan, zenbat aipamen eta ikuspuntu!!! Euskaldun zaharrak, berriak, galdutakoak, berriz ikasitakoak, erraztasuna dutenak eta trakets dabiltzanak, euskara bizimodu dutenak, militantziarako erabiltzen dutenak, aitzakiatzat hartzen dutenak… Hainbeste gairen inguruan hausnarketarako balio duen eleberria, duda barik, norberak bere gustukotzat ala ez hartuko dituenak, baina, ziur gaude, edonori pentsaraziko diotenak.”
Javier Rojo, El Correo, 2009-11-28
“Autokarabanan berrogei urteko krisian sartuta dagoen gizon baten atsekabeak eta gorabeherak kontatzen zaizkigu. Gizona helduaroan murgilduta dago eta konturatu gabe ikusi du gaztaroa dagoeneko atzean utzi duela eta aurrean aurkezten zaiona maldan behera joate moduko bat baino ez dela. Alaba bat dauka, eta banatuta dago gizona, eta, kanpotik begiratuta behintzat, patetiko xamarra dirudi bere jokaerak. Pertsonaia konturatu da berrogei urte dituela eta bakarrik dagoela, bere inguruan jende asko badago ere. Bere gainean altxatzen den bakardade horren beldurrari aurka egiten saiatzen da, baina bere jokaera nerabe baten jokaeratik hurbilegi dago askotan. Beste aldetik, Deba Garaiko kooperatiba batean lan egiten du eta lantegia bere xixtrinkerietarako guda zelaia bihurtu du nahi gabe. Izan ere, bere bizitzan lan-harremanak eta harreman pertsonalak bereiztu gabe nahasten dira.
Nobela ironikoa da, batzuetan barregarria ere bai, eta etorkizunari begira ia proiekturik gabe krisian geratu den belaunaldi oso baten isla egin nahi izan duela esan daiteke. Horrexegatik, pertsonaiaren indibidualtasunetik harantzago joan nahi izan duelako, hainbat gauza nahasten dira nobela honetan, irudi topiko bat sartzeraino. Ohiturazko literatura moderno (”oraingo” esan nahi dut, bestela kontraesana baita) baten aurrean gaudela esan dezakegu.”
Bixente Serrano Izko, Berria, 2009-10-25
“Narrazioan, ezagutzen dizkiogun ikuskerak eta galderak barreiatzen ditu, ongi ere ongi txertatuak kontakizunen bilbean, eta bere ohiko estiloan: erranaldi motzak, paragrafo labur-laburrak, puntu eta apartez josiak orrialdeak. Inpresio, intuizio, uste, egiaztapen bakoitzari leku nabarmena eman nahian bezala, publizista bati dagokion moduan. Erritmo sinkopatua nagusitzen da irakurketan; ulerterraza hau, eta arina zentzu horretan, baina bere luzeran halako ezinegona sor diezagukeen erritmokoa. Estilo performatibo baten adibidetzat jo dezakegu, bizitzak berak, are gehiago krisialdietan, erritmo sinkopatuan eramaten baikaitu egunez egun.”
Kritikak osorik irakurri nahi dituenak, kritiken hemerotekan kontsulta ditzake
Eta irakurleen iritziak 111 akademiako webgunean.
[…] Horacio Quirogaren Eguzki kolpea-gatik. Atzo jakinarazi zutenez, Fermin Etxegoienen Autokarabanak irabazi du eusarazko saria eta Jose Fernandez de la Sotak gaztelaniazkoa. Hona hemen kritikak […]
[…] Autokarabanari buruzko kritiken bilketa Filed under literatura Egin klik hemen erantzuna bertan behera uzteko. […]