Etxeberria anaiak, Alberdi, Etxegoien, Epaltza, Jaio eta Jimenez 2009ko Beterriko Liburua irabazteko bidean

111 Akademia 2009ko Beterriko Liburu izendatuko den obra aukeratzeko jardunbidean murgilduta dago bete-betean. Joan den urtarrilaren amaieran zabaldu zen lehen bozketa txanda, eta bertan 2009ko libururik gogokoenaren aldeko botoa bidaltzeko eskatu zitzaien 147 akademiakideei. Akademiaren arautegiaren arabera, lehenengo txanda horretan obra batek jasotako botoen %30a bereganatu behar du Beterriko Liburu izendatua izan dadin. Ez zen, ordea, halakorik gertatu, eta beraz, akademiako Batzorde Eragileak lehen saio horretan boto gehien jaso zuten lehenengo sei obrak akademiakideen irizmenpean jarri ditu bigarren txanda batean:

 – Martin eta Xabier Etxeberriaren ARRAIN ABISALAK.

– Uxue Alberdiren AULKI-JOKOA.

– Fermin Etxegoienen AUTOKARABANA.

– Aingeru Epaltzaren IZAN BAININTZEN NAFARROAKO ERREGE.

– Karmele Jaioren MUSIKA AIREAN.

– Irati Jimenezen NORA EZ DAKIZUN HORI.

Beraz, martxoaren 30a bitartean zabalik egongo den bozketa txandan sei horietako baten alde egin beharko dute akademiakideek. Bigarren horretan obra batek jasotako botoen %40a bereganatuko balu, akademiako Batzorde Eragileak huraxe izendatuko luke 2009ko Beterriko Liburu; kopuru horretara iritsi den obrarik ez balego, boto gehien jaso duten lehenengo bi lanak hirugarren txandara pasako lirateke, eta babes gehien jasotzen duenak irabaziko luke saria.

Hirugarren urtez, 111 Akademiak txanda sistemaren aldeko apustua egin du Beterriko Liburua aipamena jasoko duen obra izendatzeko; izan ere, sistema honek saritutako obra ahalik eta akademiakide gehienek irakurtzea ahalbidetzen du, eta beraz, babes handiagoz izendatzen da sariduna. Akademiakideen parte hartzeak garrantzi handia du, hortaz, sari honen hautaketan. Maila eta mota guztietako irakurleak  onartzen ditu 111 Akademiak, baina urtean zehar egiten duten irakurketaren emaitza akademiarekin partekatzea eskatzen zaie, iritzi eta botoak bidaliz, bereziki.

MTc3OQ==

Irudia | 111akademia | zz | Creative Commons By SA