Eta Ruperrek jan gintuen…
Lehen kantua Martin Larralde. Hasieratik emozioz mukuru, irria ezin ezkutatu, alboko lagunari ukondoarekin joaz: “buah! hau duk kanta!”, ahapeka.
Azken diskoa ezin hobe aurkeztu zuen Arkaitz Miner (Bandolina, Kitarra eta Bibolina) , Lutxo Neira (Baxua) eta Hasier Oleaga (Bateria) musikarien laguntzaz. Profeta bati begiratzen zaion bezala begiratzen genion Ordorikari, adi ginen zer zihoen… adi zer keinu egiten zituen.
Lasaitasuna eta ikutu rockeroagoak konbinatu zituen bere estilo intimistaz, eta ikuslegoarekin bat egin zuen inolako arazorik gabe. Kantu bakoitzaren amaiera txalo zaparrada eta oihu burrunbada bat zen, admirazioak eta musika onak eragindakoa. Musikariek nola bizi zuten ikusteak ere, barren-barreneko sentimenduak azaleratzen zizkigun; batez ere, Hasier Oleagaren espresio ikaragarriak, dambor hots bakoitza laztan sotil bilakatuaz. Sentituaz eta senti araziaz.
Amaiera partean Bixente Martinez igo zen tabladura, eta bi lagun zahar ikusi genituen akzioan. Ondoren etorriko ziren bi bisen aurretik amaitzeko era bikaina. Jendeak gehiago nahi zuen, gehiago nahi genuen, eta Ruperrek eman zigun, nola ez. Ez zuen bukatu emanaldia denok irentsi arte.
Irudia | Ruper Ordorika Lizardi Antzokian kantuan, atzean Arkaitz Miner | Oier Aranzabal | Creative Commons By SA
Irudia | Bixente Martinez Lizardi Antzokian | Oier Aranzabal | Creative Commons By SA