[EHZ, bilana] Eta azkenak hastapena

Eta azkenak hastapena –

[EHZ, bilana] Eta azkenak hastapenaEHZren 27. edizioa arrakastatsua izan da. Hiru egunez, goiz eta arrats, 12 000 jende bildu da Irisarriko plazan eta pentzean. Publiko jendetsuaz gain, azpimarratzekoa da 500 laguntzaileek egindako lana, izan sukaldean, ostatuan, gunearen garbiketan, erasoen kontrako brigadan, eszena gibelean, zirkulazioan etab.

Ostiralean, Habia hirukotearen doinuek harrera goxo bat egin zieten lehen festibalarieri Irisarriko plazan, akanpalekua oihal etxez betetzen hasten zen bitartean. Publikoa pentzera jautsi zen gero, Baigura eta Basaburu eszenetan ziren kontzertuetaz gozatzeko. Maleruski, Belako-k ezbehar batengatik bere kontzertua ezeztatu behar izan zuen eta Lukiek taldeak ausarki ordezkatu zuen.

EHZko bigarren eguna bertsutan ireki da larunbatean eta Ospitalea kultur etxean ziren hitzaldi, tailer eta mahain inguruek goiza markatu dute. Ospitalean izan ez ezik, hainbat animazio ere izan dira egun, euri tanta zonbaitzu erori badira ere, horien artean: Rap Tailerra Zizpa (RTZ) kolektiboko kontzertua, Txiki-ren bakarrizketa edota Hika Teatroa & Oinkaridantza taldeen “Gazte” ikusgarria. Gauean, berriz, jende ainitz hurbildu da Zetak eta Gatibu-ren kontzertuentzat, eta ondotik Toulouse-eko Krav Boca-k sekulako txinparta eragin du oholtza gainean, zentzu figuratiboan zein zuzenean.

Gaitero eta ziganteek eman zioten azken egunari hasiera eta eguerdi hirian Euskal Herriko Laborantxa Ganbarako zikiro tradizionala bete da Airoski gelan. Gauean, Soulfly-en kontzertua ikusmina haundia sortuko du eta FM Belfast-eko Islandiarrek dute aurtengo edizioa hetsiko.

.

EHZak Irisarri agurtu du hastapen baten zaporea zuen bukaera batekin

Larunbatean EHZko kideak eszena hartu zuten, Irisarriri azken agurra emaiteko: “Belaunaldi transmisioa laguntzaileen xokoko sukaldean hasten da” hasi ziren hizlariak, baina erronka hori gaindituta, galdera batzuk gelditzen dira beti airean. “Egiazki eman zaie hala nahi dutenei, hemen 3 egunez belarriprest izateko parada? Seguraski ez dira guti hunat jinik euskal kulturari buruz zituzten aurreiritziak aldatu zaizkienak”.

Irisarrin, sekulan gurutzatuko ez ziren laguntzaileak eskuz esku aritu dira ere lanean: “Irisarriko erretretadun bat Hendaiako 20 urteko gazte batekin”. Eta akanpalekuan berdin, EHZak “Mitikiletar bat, Tafallar bat eta Galdakoztar bat” elkartzeko bidea ideki du.

Nun izanen da heldu den urteko festibala? Ondoko hilabeteetan laguntzaileek erabakiko dute hurrengo geltokia. Eta gauza bat segur da: “nun izan ere, herri berrian ehundaka laguntzailek dinamika sortuko dugula eta EHZ festibaletik herria eraikitzen segituko dugula”. Hitzartzea Irisarriri agurrarekin burutu zuten: “Milesker Irisarri eta betira arte”.

[EHZ, bilana] Eta azkenak hastapena