Kritika Zinematografikoa: “Et la fête cuntinue!”

Kritika Zinematografikoa: “Et la fête cuntinue!” –
Kritika Zinematografikoa: "Et la fête cuntinue!"

Zuzendaria: Robert Guédiguian
Urtea: 2023
Herrialdea: Frantzia

Kritika Zinematografikoa: "Et la fête cuntinue!"

-Mundua begiratu, auzotik bertatik-

Homero poetak inguruan gertatutakoak ikusi baino entzun egiten zituela diote. Eta horiek jaso ostean zabaldu. Marseillan, hiriko kaleak nahasten diren bidegurutze batean, bada Homeroren marmolezko busto umil bat, isil isilik dagoena, ezustean baina, hitza hartzera animatu dena. Robert Guédiguian herriko zinemagile kuttunari esker gauzatu da miraria; beti bezain sotil, karga politiko eta sozial bizia duen bere film berrienean itsu dagoenak bezain ongi inork ikusten ez duela aldarrikatu digu.

Eta ardura hartu ezean, akabo festa. Akabo demokrazia, akabo giza eskubideak, akabo gizabanako ororen duintasuna. 2018ko azaroaren 5a du ET LA FÊTE CONTINUE!-k abiapuntu, egoera kaxkarrean zeuden bi etxebizitza-bloke ziplo eroriko direnean. Hondamendiaren artxiboko irudiak erakutsiz ekingo dio filmak, eta hildakoen memoria gogoratuz borobilduko du, poeta greziarra lekuko duen plazan bertan.

Mediterraneoko hiri argitsuari dion maitasun leiala ageriko egin du beste behin zinemagile marseillarrak. Ia bere filmografia guztia girotu du bertan, betiere, Europa zaharreko arazo, auzi edota konfliktoen erakusgarri delarik. Kultur aniztasuna, elkarkidetasuna, justizia soziala eta langileria erretratatu ditu, betiko aktore-taldea erabiliz. Bada, ET LA FÊTE CONTINUE!-n ezagun ditugu Ariande Ascaride, Jean-Pierre Darroussin eta Gérard Meylan; beraiekin batera hazi eta hezi gara gu ere, baina hamarkadak luze doaz, eta badirudi nekea pilatzen hasi dela horiengan. Aldaketa beharra nabari zaie.

Hala gertatuko zaio Rosa (Ascaride) protagonistari bereziki. Bizitza osoa familiaren zaintza lanei eta politikari eskaini dien erizaina da. Hauteskunde-kanpaina bete-betean, herriarengan sinesten duen bakarra dela dirudi, ezkerreko taldeen batasuna lortu nahian dabil, baina erretiratzear da, eta amore eman nahi du, komunistek, sozialistek zein ekologistek beren interes propioen alde egiten dutela ikusirik. Historian etengabe errepikatu den zatiketa ideologikoa gainditzera dei egingo digu Guédiguianek, eskuin muturraren gorakada errealitate bilakatu den honetan -genozidio etnikoak inpunitate osoz burutzen diren honetan-,  alerta gorria berandu baino lehen aktibatzera, begiak irekitzera.

Ekintza txikiek gidatuko dute ET LA FÊTE CONTINUE!. Zinemagile politikoa izanik, marseillarra ez da batere panfletario edo didaktikoa. Bizitzaren parte da politika, banaezinak dira, maitasuna bezala. Puzzlearen piezak mimoz kokatzen badakizki zuzendariak, melodia armoniatsuak konposatzen maisua da; nabarmenkeriak baztertzen, naturaltasuna, freskotasuna, arintasuna transmititzen. Sinpletasunean erori gabe, bizitza bera eszenaratzearen -artelanaren, zinemaren- menpe jarriz ondu du Guédiguianek bere obrarik erromantikoena eta konprometituena.

Gizakiaren fede onean sinesten du, hartu-emanean, solidaritatean. Baina belaunaldi berrien esku dago jada etorkizuna, orain arte dena eman dutenek atseden hartzeko eskubidea baitaukate. Eta baikor da. Aktore izateko amets frustratua duen Alice  (Lola Naymark) ekintzailerengan -Rosaren semea den Sarkisengan (Robinson Stévenin)- konfiantza du Guédiguianek, gu guztiongan, alegia. Gauzak aldatzeko duen kemenaz eta indarraz kutsa gaitezen nahi du, herria herritarrek salba dezaketela jabetzea, auzoetatik bertatik mundua begiratu eta aldatu dezakegula sinestea.

.

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika Zinematografikoa: "Et la fête cuntinue!"

Kritika Zinematografikoa: “Et la fête cuntinue!”

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude