Estreinaldiak: Urriak 11
Estreinaldiak: Urriak 11 –
Estreinaldiak: Urriak 11
.
O que arde (Lo que arde)
Cannesko zinema jaialdiko Un Certain Regard sailean epaimahaiaren saria jaso zuen Oliver Laxeren film galiziarrak. Donostia Zinemaldian, halaber, Perlak sailean aurkeztu zuten, eta kritika onak jaso zituen. Lanak Amadorren itzulera izango du ardatz. Sute bat eragiteagatik espetxeratu zuten, eta bertan kondena konplitu ostean, Benedicta amaren etxera itzuliko da, Portugalgo mendietara. Naturaren erritmora bizitzen hasiko da orduan, lasai, auzokoek gauzak zailduko dizkioten arren, baina sute arriskutsu batek ingurua suntsituko du, eta Amador izango da susmagarri nagusia. Amador Arias eta Benedicta Sanchez dira filmeko aktore nagusiak, eta zuzendariaren sentikortasuna nabarmendu dute bereziki ikusleek.
.
Light of my Life (La luz de mi vida)
Donostia Zinemaldiko Perlak sailean, baita ere, aurkeztu zuten irailean Casey Affleckek gidatutako bigarren film luzea, fikziozko lehena. Aurretik Berlingo zinema jaialdian hartu zuen parte. Ia emakumerik gabeko fikziozko gizarte batean girotuta dago; andrazkoen heriotza eragiten zuen birus bat tarteko, munduko ia emakume guztiak hil egin ziren hamar urte lehenago, eta aita batek bere alaba mutikoa bailitzan tratatu beharko du jendaurrean, bestela, harrapatu eta bunker batera eramango dutelako. Casey Afflek bera eta Anna Pniowsky dira aktore nagusiak, eta filmaren argazkia eta errealizazioa txukunak badira ere, ez du ezer berririk eskainiko.
.
A Rainy Day in New York
Woody Allenen urteko filma, Hollywoodeko izar esanguratsuz jositakoa. Besteak beste, Timothee Chalamet, Elle Fanning eta Selena Gomez gazteek hartu dute parte, Jude Law, Annaleigh Ashford, Rebecca Hall eta dozenaka aurpegi ezagunekin batera. Oraingoan, New Yorkera asteburu pasa joango den bikotea gaztea da filmeko protagonista, Chalamet eta Fanningek antzeztutakoa. Neska gazteak Rolad Pollard zinemagilea elkarrizketatu beharko du, eta haren bidez Francisco Vega aktore erakargarriarengana helduko da. Mutilak, halaber, Chan izeneko neska gaztearekin egingo du topo, eta urtekabeko elkartzez eta gaizki-ulertzez jositako asteburua biziko dute New Yorken, euripean. Komedia erromantikoak ez ditu adituak konbentzitu.
.
Ready or Not (Noche de bodas)
Tyler Gillett eta Matt Bettinelli-Olpin zinemagileen beldurrezko thrillerrak, ostera, sorpresa ederra eragin du ikusleen artean. Filmeko protagonista Samara Weaving aktoreak antzeztutako emakumezkoa izango da. Eztei-gauean, senarraren familia aberats eta eszentrikoak arbasoen usadio batean parte hartzera gonbidatuko du, eta pixkanaka, joko hilgarria murgilduko da. Beldur apur bat pasatzeko prest bazaude, komedia beltz honekin gozatuko duzu.
.
Abominabale
DreamWorks Animation faktoriaren ekoizpen berrienak, bere aldetik, Shanghain bizi den Yi nerabearen eta etxeko teilatuan topatuko duen Yetiaren istorioa pantailaratuko du. Laborategi batetik egin du ihes, eta hiri osoa haren bila ariko da. Hala, Yik eta haren lagun Jin eta Pengek Everest izena jarriko diote, eta Himalayara, familiarengana, itzultzen lagunduko diote. Txina eta AEBen arteko ekoizpena da, eta Jill Culton eta Todd Wilderman arduratu dira zuzendaritza lanaz.
.
Gemini Man (Geminis)
Will Smith eta Clive Owen aktoreen berriena, Ang Leek zuzendutao zientzia fikziozko thrillerra. Soldatapeko hiltzaile batek lana utzi nahiko, baina erabakia ez da horren erraza izango, bere gaztetako klonari aurre egin beharko diolako. Filmak harrera oso hotza izan du AEBetan.
.
@buelos
Santiago Requejoren komedia espainiarrak zahartzaroari eta krisi ekonomikoak 50 urtetik gorakoei eragindako errealitate ezberdinei buruzko gogoetak plazaratuko ditu. Isidro Hernandez 59 urteko langabea da. Krisi ekonomikoa tarteko, lantegitik kaleratu zuten, eta azken bi urteetan ez du beste lanposturik topatu. Hala, Arturo eta Desiderio lagunekin haurtzaindegi bat jarri nahiko du martxan, eta horretarako, gaztez jositako coworking batean emango dute izena, ekintzaile sena suspertzeko. Carlos Iglesias, Roberto Alvarez eta Ramon Barea dira filmeko aktore nagusiak.
.
Paradise Hills
Sundanceko zinema jaialdiko Next ataletik igaro ostean, zinema aretoetan estreinatuko da Alice Waddintonek zuzendutako eta Nostromo Pictures ekoiztetxe espainiarrak landutako zientzia fikzioa. Filmari izena ematen dion barnetegira bidaliko dute Uma izeneko neskatila aberatsa. Bera bezalako neska gaztez josita dago lekua, andrazko perfektuak bihurtzeko asmoz bidaltzen baitituzte bertara gurasoek, baina pixkanaka ohartuko da uharteak sekretu ilun bat gordetzen duela. Emma Roberts aktoreak antzeztuko du pertsonaia nagusiaren papera.