Martxoko lehen estreinaldiak!
Martxoko lehen estreinaldiak! –
Estreinaldiak: Martxoak 1
At Eternity’s Gate
Inoizko margolari handienetako baten irudia ekarriko du pantaila handira. Herbereetako artista post-inpresionista laudatua, errepikaezina: Vincent Van Gogh.
1886ean, jatorrizko herrialdea atzean utzi eta Frantzia aldera lekualdatu zen. Bertan, garaiko abangoardiako artista ugarirekin egin zituen harremanak: Paul Gauguin, Cezanne, Toulouse-Lautrec… Horrekin batera, mundu osoan ezagunak diren bere obrarik handienak margotu zituen ere.
Artistaren bizitzaren pasarteak, bere obraren bilakaera… ikusiko ditugu iruditan, Willem Dafoe aktorearen lan bikainaz gozatzearen balio erantsiarekin. Izan ere, aktore estatubatuarra arduratu da margolaria maisuki gorpuzteaz.
Welcome to Marwen
2010 urtean errodatutako Marwencol dokumentalean oinarritutako fantasiazko lana. Istorio bitxia bezain ederra gordetzen du atzean, errealitateko gertakari batetik abiatutakoa. Mark Hogancamp da protagonista; eraso larri bat jasan ostean, koma egoeran igaro zituen bederatzi egun, eta bizirauteko nahikoa indar izan bazuen ere, arrasto larria utzi zuen ezbeharrak beregan: amnesia iraunkorra.
Aurrera egiteko modu bakarra topatu zuen: bere etxeko jardina gudu-zelai modura erabiliko zuela pentsatu zuen, eta II.Mundu Gerrako maketak eraikitzeari ekin zion.
Please Stand By
Wendy Walcott protagonistak 28 urte ditu. Biziki maite du bere iPod irakurgailuan musika ipini eta dantzan aritzea, eta jertseak josten ditu inguruko objektu bizigabeentzat. Wendy Walcott protagonista autista da.
Egun batean, ihes egingo du bizileku duen gaixoen egoitzatik, eta, ahizpari bere burua zaintzeko gai dela erakusteko, idazketa lehiaketa batera aurkeztuko da. Bere idazkera txukunak epaimahaia harrapatu eta lehiaketa irabazten badu, buru askia dela eta etxera itzuli daitekeela frogatuko du.
4 latas
Zer gertatzen da umore espainiarra, klasikoa, betikoa, eta nazioarteko aktore laudatuen interpretazioak nahasten direnean? Gai izango al gara bi osagairen zaporea dastatzeko nahasketak horiek ahuldu baino lehen?
Iritziak iritzi, esperimentatzeko aukera emango dizue Gerardo Olivaresek zuzenduriko filme honek: Joseba (Quique San Francisco) lagunaren gaixotasunaren berri izango dutenean, hari bisita egitea erabakiko dute Tochok (Khovik Keuchkerian) eta Jean Pierrek (Jean Reno). Iraganean hainbestetan egin bezala, kontinentea zeharkatuko duen bidai zoro bat egiteari ekingo diote.
Une année polaire (A Polar Year)
Lizentziatu berri den irakaslea da Anders protagonista. Unibertsitatea amaitu berriko ilusio eta indarrak bultzaturik, eta bere betiko ametsari jarraiki, Groenlandiara bidaiatuko du lan aukera baten bila. Aldaketa, ordea, ez da espero duena bezain naturala izango. Izan ere, distantziak, klima berezitasunak, biztanle kopuru murriztuak… biztanle komunitate erakargarri bezain itxia bilakatu du bertakoa.
Zirkustanzia txiki batzuen eraginez, Andersek zalantzan jarriko ditu bere europa-erdialdeko usteak, bizimodu berrira egokitzen joango da gutxinaka, eta, azkenean, hainbeste bilatutako tokia aurkituko du.
Zinemaren inguruko albiste gehiago ezagutzeko, zatoz ZINEAra!
“Une année polaire / Profesor en Groenlandia (A Polar Year)” ikusi jatorrizko bertsioan, ahal baduzue, groenlandierak bai baitu garrantzia filman.
Izugarria, filmaren hasiera:
-Groenlandiara noa, eta besteak beste, groenlandiera pixka bat ikasiko dut.
-Ez. Helburua kontrakoa da. Zuk haiei daniera irakastea. Groenlandierak ez du deustarako balio. 10 urtez bizitua naiz han, eta oso ongi moldatu naiz groenlandieraz jakin gabe.