Estreinaldiak: abuztuak 7
The Way Back
Mendekotasun egoera beldurgarrian murgilduta dagoen eta zorigaitzean eroritako saskibaloiko izar ohi bat bere jarrera zuzentzen saiatuko da. Horretarako, institutuko ikasle talde baten entrenatzaile bilakatuko da.
.
Military Wives
AEBetako militarren emazte talde batek abesbatza bat sortzea erabakiko du, beraien arteko harremana sendotzeko asmoz. Euren gizonak Afganistanera bidaltzen dituzten bakoitzean sentitzen duten beldurra gainditzen saiatzeko musikari helduko diote.
.
Color Out of Space
Meteorito bat gardnertarren etxaldetik gertu lurreratuko da, familiako bizimodu lasaia amesgaizto koloretsu eta haluzinogeno bihurtuko duen organismo estralurtar bat askatuz.
H.P Lovecraft idazlearen kontakizun esanguratsuenetako bat da Scarlett Amarisek eta Richard Stanleyk zinemarako egokitu dutena. Filmak Nicolas Cage aktore ezaguna izango du protagonista.
.
Papicha
90eko hamarkada Algerian. Nedjma 18 urteko ikasle bat da estilista izateko ametsa duena. Herrialdea suntsituta dago, guda zibila puri-purian baitago, baina Nedjmak bere lagunekin diskoteketara joateko adorea dauka gauero. Bertan salduko ditu bere sorkuntzak, eta askatasunaren aldeko moda desfile bat antolatuko du.
Mounia Meddour zinegile aljeriarrak zuzendutako lehen film luzea da, Cannesko zinema jaialdian aurkeztu ostean nazioartean hainbat sari eskuratu dituena.
.
Berlin, Berlin (Netflix)
Lolle bere lagun Hartekin ezkontzekotan da, baina Sven azalduko da ordura arteko planak aztoratuz.
.
La vie scolaire (Filmin)
Samia 30 urteko gazte bat da, Parisko Saint-Denis auzoan ospe handiko eskola bateko zuzendari bilakatuko dena. Diziplinaren arazo errepikakorrei aurre egin beharko die Samiak, eskolan eta auzoan dagoen errealitate sozialari, baina baita ikasleen eta gainerako irakasleen bizitasun eta umore sinesgaitzari ere.