Eskumuturren presioa

Eskumuturren presioa –

David Mangana, ALEAn.


Iaz bueltatu nintzen. Urteak ziren Mendizabala zapaldu gabe, diru zein gogo faltagatik. Primeran pasatu nuen. Sekulako kontzertuak: Warren Haynes maisua, All Them Witches, QUOTSA, Bala… Baina, batez ere, lagunekin gure pasioan murgiltzeko aukeraz gozatu nuen. “Murgildu” da hitz zehatza? Aspalditik, ahots kritikoak esnatu dira makrojaialdiak kolokan jartzeko. Han baieztatu nuen nire ARF baraua –edo lugorria– mahai gainean jarri diren arrazoi berberengatik luzatu dela. Plataformez jantzi den garaian, musikaren negozioak zuzenekoetara jo du. Eta gehiegi nabaritzen da.

Eskumuturren presioa
Argazkia: ARF

Oraingoak ez dira, hala ere, lehenengo kritikak. Duela hamar bat urte beste batzuk ziren. Non zeuden emakumeak kartelean? Etengabeko presioak eragina izan zuen. Egungo parekotasuna ez da, inola ere, bultzada artifizial bat, panoramaren isla baizik.

Zeintzuk dira gaurko arazoak? Niretzat garrantzitsuena tamaina da. Argi dut onena jaialdia txikitzea izango zela. Zenbat eta talde gehiago, orduan eta aukera gehiago, diozu? Zertarako? Kontzertuak ez ikusteko? Ordutegiak  gainjartzen dira. Egun, etengabeko migrazio batean bizi gara lau eszenatokien artean, merkatalgunetik paseatzen. Jendetzaren ondorioz, askotan taldeak pantailetan ikusten dituzu, aldi berean zerbait galtzen ari zaren sentsazioarekin. Talde batzuek ordu eskas bat daukate jotzeko, eskaletapean. Buffet antzeko menua, lagun gehiago erakartzeko. Ulertzen dut erraldoia bizirik mantentzeko garagardoa saldu behar dela, baina musika ezin da hainbeste ahaztu, eskumuturrek itota.

“Zergatik ez neurria birpentsatu? Kontsumitzaileak gizentzea besterik ez da kultura?”

Gai gehiago daude, eta ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula. Gure gobernu desberdinen diru laguntzak jaialdiak erosi dituzten funts putreetara doaz urtero; prezio igoerek baliabide gutxiko musikazale asko kanpoan utzi dituzte; ia obsesio bilakatu den turismoaren aztarna ekologikoa handitzen ari da; langileen egoera ez da kontrolatzen… Etekin hutsetara mugitu da iparrorratza, kartelburuen enkantera, enpresen borroketara.

Liburuak agertzen ari dira eztabaida zabaltzeko. Jon Urzelaik (Su festak) eta Nando Cruzek (Macrofestivales: el agujero negro de la música) gaia hitzaldi batean jorratu zuten, non eta –paradoxa!– ARFen lehenengo edizioaren egoitzan, Jimmy Jazzen, orduan Azkena izena zuen aretoan. Ekitaldia Youtuben dago, gomendagarria da, eta txalotzekoa Jimmyk hamabost urte ospatzeko halako proposamenak egitea, edo Helldoradok duela gutxi antolatu dituen musikari topaketak. Areto txikietan musika zaintzen da. Ez diot nik. Sortzaileek diote.

Egia esatea haterren diskurtsoa erostea ote da? Nire asmoa kontrakoa da. Bakarrik dakit, zale pila baten moduan, une ikaragarriak pilatu ditudala ARFen, eta orain sentitzen dugula plazer hori galtzen ari dela. Zergatik ez neurria birpentsatu? Kultura kontsumitzaileak gizentzea besterik ez da? Hau dena aldatu nahi nuke entzuten dut barnean. Liburuak. Ahots kritikoak. Salaketak, iaz jaialdiaren atarian banatzen ziren esku orrietan… Beti pentsatu dut boikota tresna indartsua dela, baina bakoitzak, bere kabuz, arduraz, ezarri behar du. Aurten, etxean geratuko naiz? DMBK, Lemon Twigs, Manic… Hertzainak isildu dira. Aspaldi konposatu zuten leloa errepikatzen da orain, beste behin, ni neu zalantzan jartzen.

Ko-ko-ko-ko-ko-ko-ko- koherentziaaaaa?

Eskumuturren presioa  Eskumuturren presioa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude