Errautsak astindu, bizirik zauden jakiteko
Donostiako Gazteszenan eman dute asteburuan Errautsak antzezlana. Eta atzokoan bederen, lepo bete eta barrez lehertu zen aretoa. Odei hil da, eta haren gaztaroko lagunak, urtetan elkar ikusi ez dutenak, Odeiren hiletarako bilduko dira. Serio itxura zuen azken agurra, antzinako usantzara festa basati bihurtuko da Kortatu, Etxahun Iruri, Delirium Tremens, R.I.P., BAP!!, Mikel Laboa, La Polla Rercords, Itoiz, Xabier Leterekin… marra hona eta marra hara, sexua tarteko. Gaztaro galdua, errautsak astintzen dituzte bizirik ote dauden jakiteko.
70eko hamarkadan, mundua alda zitekeela uste zen garaietan jaioak dira Odeiren lagunak. Kaiet (Ximun Fuchs) aita familiako hipotekatua, antsiolitikoei lotua; Zigor (Ander Lipus) euskaldun zikiratua eta analfabeto sentimentala; Erramun (Manex Fuchs) Muskilditik irten gabea; Eider (Miren Gaztañaga) ama eta emazte perfektua; Pili (Ainara Gurrutxaga) marimutil ezdeusa eta Fermin (Urko Redondo) hemen egon ezinik bidaian dena beti. Koadrila normala, musikaz, drogaz eta errepresioz inguratua.
Ganberrada oso serioa iruditu zitzaidan. Benetakoa eta barrukoa. Tarteka, oholtzan ispilua jarriko balute bezala, mingarria, barrez lehertzeraino.
Zerbait nabarmentze aldera, elkarrizketen freskotasuna eta benetakotasuna nabarmenduko nituzke, Unai Iturriaga eta Igor Elortzaren eskua agerikoa da. Euskararen koloreak ere ederrak dira, Muskildikoa nahiz Markinakoa. Bisualki ederra iruditu zitzaidan: bai eszenografia aratza eta argiztapena, batik bat koadrila hilerrian dagoela egiten duen argi jokua. Eta zer esan aktore lanaz? Handi-handiak dira guztiak, baina niri, bereziki, Ainara Gurrutxaga gustatu zitzaidan.
Horra bada gomendioa. Datozen egunetan Larresoron (hilaren 10ean), Bergaran (12an), Gernikan (13an), Iruñean (18an), Azpeitian (19an)… egongo dira ikusgai.
Kronikaren gehigarri, hemen Agus Perezek BERRIAn egin duen kritika: http://paperekoa.berria.info/plaza/2010-11-09/035/008/aizkorakadak.htm