Ensemble Phantasyk inauguratuko du Miramongo Matinéeen ziklo berria larunbat honetan
Ensemble Phantasyk inauguratuko du Miramongo Matinéeen ziklo berria larunbat honetan –
Larunbat honetan, urriak 5, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko lehenengo hitzordua izango da. Bertan, Ensemble Phantasyk ‘Omenaldiak’ izeneko kontzertua eskainiko du. Euskadiko Orkestrako bederatzi kidek osatzen dute taldea: Virgile Demillac (biolina), Larraitz Oiartzabal (biolina), Justyna Janiak-Krymer (biola), Gabriel Mesado (biolontxeloa), Mehmet Sönmez (kontrabaxua), Pascal Laffont (oboea), Sara Zufiaurre (klarinetea), Yuan Dai (fagota) eta Ignacio Sánchez (tronpa).
…
Kontzertuaren lehen obra Richard Straussen Till Eulenspiegel (1895) poema ospetsuaren Franz Hasenohrlen berridazketa izango da. Lan honetan Tillen bihurrikeria alaiak aurkezten zaizkigu, Erdi Aroko kondairetan bufoi moduko bat bezala ezagutzen den iruzurgile batenak, alegia. Orkestra handirako sortuta dagoen jatorrizko obratik funtsezko bost instrumentu geratzen dira Hasenohrlen bertsioan: biolina, kontrabaxua, fagota, klarinetea eta tronpa. Hala ere, bertsio murriztu honek Straussen jatorrizko lanaren energia eta umore guztia gordetzen du.
Ondoren, Phantasy Quartet etorriko da, Benjamin Brittenek hari-hirukote eta oboerako konposatua 1932an, 19 urte besterik ez zituela. Kuarteto honek ere iraganeko obrak ekartzen ditu gogora, zehazki, XVII. mendeko konpositore ingelesek idatzitako ‘fantasia’ generokoak (inprobisazio-izaera duten irudimenez betetako obrak). Kuartetoan sekzio erritmikoak eta oboe-kadentzia inprobisatuak tartekatzen dira.
Azkenik, Jean Françaixen Nonetto obra entzungo dugu, hari-boskote eta haize-laukote banarentzat 1995ean konposatutako obra. Mozarten Piano eta haizerako kintetoa Kv452 lanaren moldaketa bat da. Françaixek piano-zatiaren ordez hari-boskote bat jarri zuen, Mozarten kintetoari ia orkestra-kolorea ematen diona.
Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku libreak geratzen badira.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
16 hitzordu berri Miramongo Matinéeen 24/25 Denboraldian
Urriaren 5etik aurrera 16 hitzordu berri ekarriko ditu Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo berriak, eta sarrerak eta abonamenduak dagoeneko salgai daude.
Pinchas Zukerman biolinjoleak, Amanda Forsyth biolontxelojoleak eta Christoph Sietzen perkusiojoleak ganbera-kontzertuak eskainiko dituzte orkestraren Denboraldi Sinfonikotik igaro ondoren, eta Euskadiko Orkestrako hainbat kidek hartuko dute gainerako programazioa.
Informazio guztia hemen