Energiaz kargaturik, goazen Amikuzerat!
Energiaz kargaturik, goazen Amikuzerat! –
Irailaren 30ean iragan den Biltzar Nagusian, bozka baten bidez EHZ festibaleko laguntzaileek EHZren hurrengo geltokia Arberatze izanen dela erabaki dute. 2024eko ekainaren 28, 29 eta 30ean, EHZ festibala Arberatzen (Amikuze) iraganen da.
EHZ Irisarrin egonkortu da
Irisarrin iragan den EHZren azken edizioa arrakastatsua izan da. Milaka jende bildu ziren Baiguraren pean, Irisarriko plaza eta pentzeari azken agurraren emaiteko. Publiko jendetsuaz gain, azpimarratzekoa da 500 laguntzaileek egindako lana, izan sukaldean, ostatuan, gunearen garbiketan, erasoen kontrako brigadan, eszena gibelean, zirkulazioan, etab.
Irisarrin 5 urtez egin diren 4 edizioek EHZren beste etapa bat marraztu dute. Berriz ttipitik eta xumetik hasi ginen 2019ko edizioan. Tartean pandemia izan zen ere, 2020koa bisio bilkura batean ezeztatu genuen. 2021ean musukorik gabeko oasia bilakatu zen EHZ, arnas gune bat euskara eta euskal kulturarentzat. 2022/2023an, Irisarrin erroturik, laguntzaile gazte-gazteekin eta programazio aberatsarekin iragan dira.
Irisarrik egonkortasuna eman dio festibalari, berriz laguntzaileak lotu ditu, eredu ekonomikoa egonkortu du eta publikoa ere hor zen. Jendeak galdetzen zigun”zergatik bazoazte Irisarritik? Bikaina da hemen!” Baina gu konbentzituak gira momentu ona dela. Toki batean egoteak arrisku bat du: erosotasuna, eta ondorioz gauzak handiago egin nahi izatea. EHZren historian ere usu eskutik joan dira belaunaldi aldaketa eta herri berria. Aurten ere hori dugu erronka: ahal bezain naturalki eta goxoki lekuko aldaketa egitea.
.
Energiaz kargaturik, goazen Amikuzerat!
Irisarri agurtu ginuen hastapen baten zaporea zuen bukaera batekin. EHZ Amikuzen izanen da lehen aldiz. Orain, ikustekoa izanen da zer ekarriko dion Arberatzek, Amikuzek festibalari. Eta festibalak zer duen ekartzeko Amikuzeko eskualdean, hau elkartruke bat baita.
Energiaz kargaturik, goazen Amikuzerat!