Emozioen manipulazioa
Emozioen manipulazioa –
Joan den astean Operación triunfo telebista saioko argazki bat ikusi nuen. Bertan epaimahaikideen erabakiaren zain zeuden lau parteideak agertzen ziren. Zur eta lur geratu nintzen saioa irabazteko ‘aukera’ gehien dituen Amaia abeslariaren janzkerarekin, gainontzeko abeslarienarekin alderatuta.
Goian ikus dezakezuen irudian behintzat susmagarria da lehen saiotik ‘publikoaren faboritoa’ izan denak halako soineko dotore eta distiratsua janztea eta beste hiruek janzkera ganorabakoagoa eramatea. Une hartan kasualitatea litzatekeela pentsatu nuen, baina gaur kuriositateak jota argazkiak bilatzeari ekin diot eta hara non, behin baino gehiagotan gertakari bera eman den. Kuriosoa da erabat harrituta geratu naizelako nire teoria babesten duten irudi horiekin. Aitortzen dut ez nuela espero.
Horren ondorioz nire burua kitzikatu dut araketarekin jarraitzeko. Operación triunfo-ren inguruan zenbait artikulu topatu ditut hein batean ildo beretik doazenak. Batzuen ustez Gestmusic produktoraren helburua saio honen bitartez Amaia abeslari iruindarra musikaren izarra bihurtzea da, horretarako bere aktuazioetan musika estilo gutxien ukitu dituen abeslaria izan da, bere estilotik hurbilago egonik eta arrisku gutxiago hartuz, ondorioz akatsak izateko arrisku gutxiagorekin. Kazetari batzuen arabera, ez da kasu bakarra izan, antza denez, zortzigarren galan abeslari baten inguruko irudi positiboagoak atera zituzten beste abeslari batekin alderatuta. Kasu honetan biak kaleratzeko arriskuan zeuden.
Guzti honek burura ekarri dit Bilboko Gransan izeneko hip-hop abeslariak bere Payola abestian salatzen duena: “Musikak kontrolatzen duen dirua… Carmonatarrak bere ilobak multinazional batean entxufatzen dituzten bitartean artista hobeak kalean geratzen dira (…) Musika joko bat besterik ez da eta diruak kontrolatzen du (…) 40 Principales-en lehen postuak kostatzen duen 80.000 euroei buruz hitz egitera natorkizue (…)”. Halako esaldiak entzun daitezke Gransanen abestian.
Hain erraza al da gure emozioen-manipulazioa egitea? Gutxienez beldur pixka bat ematen du ezta? Nietzschek zioen bi pertsona mota esistitzen direla supergizon/emakumea eta artalde gizon/emakumea. Artalde gizon/emakumeak al gara? Medioek, musika multinazionalek, gure emozioekin joka dezakete gure borondatea manipulatzen, dohain berezirik gabeko abeslari baten arrakasta lortu arte? Zoritxarrez, erantzuna baiezkoa dela deritzot eta irakurleak ez haserretzearren ez dut izenik botako. Multinazionalek jakin badakite zer esan, nola esan, zer egin… euren interes propioak lortu arte.
Abeslariak ‘aurkitzeko’ azken urteotan telebista kateetan egon diren saioetan maiz entzun izan dira iruzur salaketak. Horren adibiderik nabarmenena La Voz saioa da. Formatu honetan partaide askoren artean hautaketa egiten dute epaimahaikideek abeslariari bizkarra emanez eta bere ahots-gaitasunak kontutan hartuta, irudiaren eraginik gabe. Baina hara ze kasualitatea hautaproba hauetan behin Jose Antonio Abellan kazetari famatuaren alaba Sharay Abellan hautatzen dutenean, edo iaz adibidez Malu abeslari eta epaimahaikidearen lagun batek sailkapena lortzen duenean. Matematikazaleek esango luketen bezala, probabilitate gutxi daude hautaprobetara aurkeztu diren milaka pertsonen artean hauek hautatuak izateko.
Informazioaren manipulazioa eta ondorioz emozioena aspaldikoa da. Informazioaren kontrolaren bitartez iritzi publikoa ere kontrolatzen edo bideratzen baita askotan. Litekeena da informazioaren erabilpenaren lehen kasuak aitzineko plaza publiko eta agoretan eman izana. Geroztik mundua asko aldatu dela argi dago eta gaur egungo komunikabideak: telebista, irrati, egunkari (ohikoak edo digitalak), manipulatzeko armak bihurtu dira, euskaldunok eta azken hilabeteotan kataluniarrek ere ondotxo dakite.
Bukatzeko itzul gaitezen Operación triunfo-ra. Jadanik badakigu Amaia Romero iruindarrak Espainia ordeztuko duela Eurovision lehiaketan aste honetan irabazitako lehiaren ondorioz. Astelehenean ere jakingo da nork irabazi duen Operación Triunfo saioa. Muturreraino eramango al du Gestmusicek bere ‘plan izkutua’? Aitortu behar dut aurten ez dudala saioa jarraitu aurrekoetan bezala, baina entzun ditudan aktuazioetan ez diot Amaiari ezer berezirik topatzen eta bera baino abeslari hobeak pasa direla saiotik deritzot. Egia da pertzepzio pertsonaletik ari naizela ez bainaiz musikan aditua, baina pertzepzioak garrantzia handia du komunikazioan sentsazio eta emozioekin lotura zuzena baitu, eta kasu honetan perzepziotik harago pistak nahiko argiak direla deritzot. Astelehenean ikusiko dugu!