Emak Bakia
Emak Bakia –
Gari Araolazak, Eibar.org komunitatean.
1926-ko Man Ray-ren film baten izena da, pelikula esperimental, artistiko eta surrealista bat. Emak Bakia etxea Lapurdin dago eta han grabatu zuen filma Man Ray-k.
Man Ray oporretan gonbidatu zuten Biarritz ingurura eta etxearen izenaren esanahiak lotu zuen itxura batean. Horregatik jarri zion euskarazko izen hori filmari.
Filma aitzindaria da, pentsatzen dut garai hartan ez zitzaiola askori bururatuko asmatu berri zegoen zinemarekin esperimentu artistikoak egitea. Autoreak “zine-poema” moduan hitz egiten omen zuen filmaz, eta horixe da filmaren funtsa. Irudi geometriko, hipnotiko eta kuriosoak azaltzen dira bertan.
.
Emak bakia filma
Vimeon (eta hementxe bertan) osorik ikusi daiteke filma:
.
Oskar Alegriaren dokumentala
Filmaren izenaren haritik tiraka, Oskar Alegriak dokumental bat egin zuen 2016an, ia gidoirik gabe eta kasualitateari bidea utziz. Dokumentalaren helburua etxe hori aurkitzea zen, badirudi galduta zegoela eta. Oso kuriosoa da dokumentala, etxearen bilaketako tentsioa ondo mantentzen du eta tartean pertsonaia interesgarri asko elkarrizketatuta ikusiko ditugu.
.
Emak Bakia etxea (spoilerra)
Behin bi filmak ikusita, emozio pixka bat bazuen etxera gerturatzeak baina nirea ere kasualitatea izan da. Banekien han inguruan nonbait zela baina asteburuan pareko hondartzatik begira deskubritu dut etxea.
Gaur egun elkarte profesional batek erosia du etxea, beraien bazkideentzat opor-leku moduan erabiltzen dutena. Bisitatu nahi baduzu, Oskar Alegriari baino lan gutxiago emango dizu etxea aurkitzeak, OpenStreetMap-en ondo gordeta bait dago.