Elkarteko azterketa egiteko
Jesusek ez ditu bidali ikasleak nolanahi. Jainkoaren erreinuaz Jesusek duen egitasmoan parte hartu eta haren misioa jarraitu nahi bada, ezinbestekoa da biziera berezi bat. Horrela izan ezean, hamaika gauza egin ahal izango dituzte ikasleek, baina Jesusen espiritua munduan txertatu ez. Jesusen gomendio batzuk gogorarazi dizkigu Markosek. Azpimarra ditzagun banaka batzuk.
Lehenik eta behin, nor dira haiek Jesusen izenean hitz egiteko? Zein aginpide dute horretarako? Markosen arabera, Jesusek, bidali dituenean, «aginpidea eman die espiritu kutsatuen gain». Ez die eman aginpiderik bidean aurkituko duten jendearen gain. Jesus bera ere ez da baliatu bere aginteaz jendea gobernatzeko, sendatzeko baizik.
Beti bezala, mundu osasuntsuagoa du Jesusek bere gogoan, gizakia esklabo egiten duten eta gizatasuna kentzen dioten indar gaiztoetatik askatua. Ikasleek haren indar sendatzailea txertatuko dute jendearen artean. Jesusen ikasleak gizartean ikasle-bidea egin nahi badu, jendearen gain boterea erabiliz ez, baizik bizitzan gizatasuna ereinez burutuko du, jendearen sufrimena arinduz, askatasuna eta haurridetasuna handiaraziz.
Soilik, «makila» eta «oinetakoak» eramango dituzte. Bidaiari ikusi nahi ditu Jesusek ikasleak. Inoiz ez egonari loturik. Beti bidaiari. Ezeri eta inori atxiki gabe. Berekin behar-beharrezkoa bakarrik dutela. Jesusek berak zuen zalutasunez horniturik, beharrean den nornahirengana iristeko prest. Jesusen makila ez da agintzeko, baizik bidean lagun izateko.
Ez dute eramango «ogirik, ez bizkar-zorrorik, ez dirurik». Ez dute bizi behar beren segurtasuna burutik kendu ezinik. Gauza inportanteagoa dute berekin: Jesusen Espiritua, haren Hitza, haren Nagusitasuna jendearen bizitza humanizatzeko. Deigarria da, baina Jesusek ez du gogoan ikasleek zer eraman behar duten berekin eraginkorrago izateko; soilik zer ez duten eraman behar aipatu du. Izan ere, bestela ez ote dira halako batean pobreez ahaztuko, iritsitako ongizatean bertan goxo eginda.
Ez dute eraman behar «ordezko jantzirik» ere. Xume-xume jantziko dira, pobreak bezala. Ez dute eramango Tenpluko apaizek bezalako jantzi sakraturik. Ez dira jantziko basamortuko bakardadean Bataiatzailea jantzi ohi zen bezala ere. Jendearen artean izango dira profeta. Ikasleen bizitza seinale izan behar du Jainkoa guztiekiko hurbil dela, batez ere premiarik handiena dutenekiko.
Ausartuko ote gara egunen batean Elizaren baitan elkarteko azterketa egitera, Jesusek argitu gaitzan eta, kasik konturatu gabe, haren espiritutik nola joan garen urruntzen ikustera irits gaitezen?
Jose Antonio Pagola
BERRI ONAK Sare Ebanjelizatzailea
Egizu lan Jesusen biziera berreskuratzeko. Bidali hau
2009ko uztailaren 12a
Urteko 15. Igandea (B)
Markos 6,7-13