El Paíseko miseriak
Papereko egunkariak ez dauka erraza, denok dakigu hori, baina egokitu behar horretan paperak galtzen ditu batek baino gehiagok.
Duela bost urte inguru, El Paisek zeraman gainbeheratik libratzeko kontratatu zituzten bi buruak lagun onak ditut, eta haiei entzunda dakit zein zuten egitekoa: El Mundo egunkariaren edizio digitalak kendutako lehen postua berreskuratu eta El Pais egunkariaren antolakuntzari buelta eman, txipiroi bati egiten zaion bezala: 420 kazetari papererako eta 60 interneterako zeuden tokian, 420 interneterako eta 60 papererako lanean jartzea. Horixe. Batez ere.
Eta lortu zuten: El Paisek berreskuratu egin zuen gaztelerazko hedabideen arteko lehen postua sarean eta antolakuntza berri bat dago gaur ezarrita .
Eta zer? Lorpenak lorpen, nire lagunak kalean daude duela hilabete batzuetatik eta egun hauetan beste 129 kazetarik jaso du kaleratzeko agindua. Akordiorik onartu gabe, gainera. Ezpatak zorrotz dabiltza.
Arreta pittin bat jarri diot enpresak egindako eskaintzari eta diru kontuez haratago, gauza batek jo dit begian: kaleratutakoek kalte-ordaina jasotzen badute, ezin izango dute beste inon idatzi. Esan nahi da, Ramón Loboren tamainako idazle eta kazetari batek, eten egin beharko duela bizitza guztian egin duen gauza bakarra; Forges batek, ezin izango duela gehiago marraztu, Jesus Uriarte adiskideak ez argazkirik atera… Erokeria da, ez esan niri.
Gaur egun, aldez edo moldez, erraza dago argitaratzea. Interneti esker, denok izan gaitezke geure lanen editore. Ez dago urrutira joan beharrik hori egiaztatzeko, ez da?
Gainera, kaleratutako kazetarien adibide eder askoak badira sarean. Bat aipatzeko, hara hor Rosa Maria Artal handia, TVEtik kaleratu eta gero, sekula baino gehiago eta hobeto idatzi duena. Izugarria da erakusten duen adorea, independentzia eta idazteko grina.
Itsasoari olaturik ez egiteko eskatzea bezalako zerbait da, idazleari, kazetariari, marrazkilariari… dakientxo hori egiten debekatzea. Idaztea, eta oro har, sortze-lana, gai, produktu edo lan bat baino gehiago da; bizitzeko modu bat edo, nahiago bada, bizitzan egoteko modu bat, ezpal horretakoa denarentzat.
Juan Luis Cebrian espabilatua badakigu beste ezpal batekoa dela. Berdin debekatuko al diote urtean 13 milioi euro edo egunero 35.600 kobratzen jarraitzea?