Kritika Zinematografikoa: “El agua”
Kritika Zinematografikoa: “El agua” –
.
Zuzendaria: Elena López Riera
Urtea: 2022
Herrialdea: Espainia
-Barrena bete ur-
Ezer ez da dirudiena Elena López Rieraren lehen lan luze honetan. Berez Ana (Luna Pamiés, bera ere estreinako lanean), 17 urteko gaztearen bizitza ardatza bada ere, Valentziako herri txiki endogamiko baten errealitatea marraztuko zaigu, eta horretaz gainera dimentsio hertsiki naturaletik aparte dauden indarrak ere azalduko zaizkigu. Hain juxtu Cannes-eko errealizadore hamabostaldian edo Torontoko jaialdian onarpen ona izan du, errealismoari kutsu iheskor erakargarria eransten diolako zuzendariak.
Izan ere, El agua-k bidegurutzeen lurralde hauskor eta emankor horretan eraikitzen du bere funtsa nagusia. Fikzioaren irudiek eta dokumentalarenak bat egiten dute bere narratiban, kutsu naturalista duen bizimoduan errelato mistikoek pisua hartuko duten neurri berdintsuan (zinez adierazgarria errealitatea islatzeko erabili ohi den dokumentalak karga mitologikoa hornitzeko egiten den iraulketa). Eta behin lantzen diren gaien eremuan sartuta, gizon eta emakumearen inguruko bereizketa nabarmena dago, Ana eta Josek osatuko duten bikoteaz gainera ez baitago apenas neska eta mutilen arteko hartu emanik, bi herri desberdinetan biziko balira bezala. Eta erlazio gehiago ere egin litezke, hala nola, belaunaldi artekoa (Ana, bere ama eta bere amonaren familia horretako hartu emanek garai desberdinetako faktore komunak izango dituzte ardatz) edo herrixka gris horren eta etengabe eremuz kanpo egongo den gainontzeko munduaren artean.
Edonola, bidegurutzeak aipatu ditugu, eta ez hausturak. Izan ere, adierazi diren alor hauek guztiak konfrontazio zabala gauzatu gabe emango dira: Irudi (itxuraz) dokumentalak (plano ertainean kamerari begira hitz egiten duten emakume nagusiak, urak ezkontzear zegoen emakumea eraman zuen istorioa era bestelakoetan kontatuko dutenak) Ana edo Joseren eszena bitarteetan era naturalean sartuko dira, apurketa bortitzik gabe; eta ibaiaren irudi misteriotsuak, zenbaitetan uraren erdian egiten diren travelling suabeak, korronteak eramango bagintu bezala, pertsonaien ahotsa gutxinaka apaldu ondoren emango dira, batzuetan ibaiaren giro soinua baino entzungo ez dugula. Aldi berean, gizon eta emakumeen arteko tentsioan ez da eztanda bortitzik egongo. Hala ere, pelikulak ereindako guztiak azken herenean emango ditu bere fruituak, hain zuzen ere, uraren bitartez. Izan ere, ezaguna den bezala, bizitzarako premiazko den elementua bada ere, bere baitan osagai suntsitzaileak ere baditu. Pelikulan urak bizitza ematen duen edo dagoena apurtzen duen ez zaigu era gardenean plazaratuko.
(…)
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “El agua”
Hori guzti hori ezin zen euskaraz idatzi?