Sutagar: ekaitza eta barealdia
Atzo izan zen. Bart. Karmengo festak testuingurua eta arrantzalearen omenezko egun handian Sutagar genuen Donostiako kaian.
Lehenengo konpasak joak zituzten gu eta gutarrak iristerako. Kai ingurua lepo eta giroa busti antza. Ttantto batzuk erori ziren. Gaueko lehenengo begiratua bota genuen zerura, ez zen azkena izango.
Ausart xamar abiatu ginen jende uholdearen tartetik txoko dotore baten bila. Lehen ilarak dagoeneko errespeto bat ematen dutela eta atzerago jo genuen. Bateriaren atzean zegoen afixak ez zion gezurrik. 20 urte dira Sutagar-ek kaian jo zuenetik. Garai hartako lehen lerroko kamikazeak atzerago topatu nituen atzo, ile urdindua edota soilguneekin. 20 urte ez dira alperrik pasa!.
Metxa piztu zuten Gorosabel, Bastida eta konpainiak eta ekaitza berriz ate joka. Burrunba batean haseratik. Lehenengo kantuak “Hortzak estuturik” 2. diskokoak izan ziren. Disko borobila benetan. Kuadrilako eztabaidetan gehienetan disko hau Sutagar-eko harribitxitzat hartua izan da.
Jendearen haserako pasibitateak(ze jende hotza eta otzana garen donostiarrak!), ez zuen askorik iraun. Sutagar-en errepertorioko ereserkiek piztu zuten jendartea. Horrek eta ekaitzak. Ttantoek, tanto izaera hartu zuten eta laster eurite. Sutagar-en ekaitza gainean genuen. Demasa.
Ekaitzetan gertatu ohi denez, barealdiaren zai geratzea baino ez da geratzen. Hor etorri ziren “Itxaropena “, “Hitz margotuak” eta nostalgiarako tartea. Euriak ere etenaldi bat eman zuen ordurako. Bukaerako traka berriz handia. “Haika mutil”, “Jotake”…
Azken akordeak isildu zirenerako, mela-mela geunden. Bustita, pozik ordea. Oraindik orain Su ta Gar-en polbora kalitate bikainekoa dela ikusi ondoren. Txima luze haiek joan ziren, baina indarrak bertan dirau. Urte askotarako!