EHZ, egitarau osoa

EHZ, egitarau osoa –

Euskal Herria Zuzenean jaialdiak aurtengo egitarau osoa iragarri berri du.

Ekainaren 28, 29 eta 30ean lehen aldiz Arberatzen egingo den festibalean Gorka Urbizuk, Anarik eta Su Ta Garrek joko dute, besteak beste.

EHZ, egitarau osoa

Azken urteetan bezala, belaunaldi eta gustu guziei zuzendutako kalitatezko eskaintza oparoa proposatzeko xedea izan du antolakuntzak. Broken Brothers Brand Band txarangak festibalari hasiera emanen dio ostiralean Arberatzeko plazan. Pentzean, afrikar soinuak punk eta rock doinuekin nahasten dituen Tshegue bikoteak joko du, besteak beste, eta Meule taldearen musika hipnotikoak hetsiko du gaualdia.

Larunbatean, urririk izanen den Arberatzeko plaza afrikar dantza tailerrarekin irekiko da eta ondotik bertsu musikatuak herriko plaza errimaz jantziko du. Antzerki gunean, Cie ZeC zirko eta musika konpainiak bere ikuskizun berria aurkeztuko du. Arratsaldean, Anari artistak eta Buuzbu taldeak kantatuko dute. Tartean, hainbat txarangek eguna animatuko dute.

Pentzean, RTZ Ipar Euskal herriko rap kolektiboak bere lehen EPa aurkeztuko dio publikoari. Gorka Urbizu ere gurekin izanen dugu, beste hainbat artisten artean. Rave eta post-punk kulturatik hurbil den Vox Low laukoteak gaualdiari bukaera emanen dio.

Urtero bezala, Gaitero eta Ziganteekin hasiko da igandeko eguna. Arratsaldean, Beethoven artistaren akrobaziek publikoari bertigoa emanen diote eta Pantzo Man Show-k aktualitatea jorratuko du bere umorearekin antzerki gunean.

Par-Allèles konpaniak « Face à face » hip-hop dantza ikusgarria eskainiko du plazan eta ondotik, Cocanha okzitandar talde famatua oholtzara igoko da. Arratsean, orain arte iragarri taldeez gain, Katoum, Ezezez, Bloñ eta Ü taldeak ariko dira.

.

OSTIRALA 

Pentzea: Janus Lester, Sei Sega, Auhen, Pelax, Tshegue, Bananas, Belako, Benizze, Meule.

Plaza: Euskabaret, Broken Brothers Brass Band.

.

LARUNBATA

Pentzea: Libe, Karma, Haira, RTZ Kolektiboa, Gorka Urbizu, Harat, Su Ta Gar, Kimule, Lysistrata, Nakar, Süne, Ke Lepo, Vox Low.

Plaza: Afrikar dantza tailerra, Bertso musikatuak, Seguime (Cie ZeC), Zabala, Otonaia, Gaitamik, Anari, Punttu Kakotx, Buuzbu.

.

IGANDEA

Pentzea: Octopussy, Rüdiger, Katoum, Vincen García, Ezezez, Bloñ, Ü, Old School Funky Family.

Plaza: Gaitero eta Zigante, Amoba eskolako orkestra, Munhogain, Seguime (Cie ZeC), Beethoven, Euskorleans, Cie Par Allèles, Pantzo Man Show, Cocanha, DJ Reimy, Raimundo el Canastero.

.

Haurrek ere beren egitarau berezia izanen dute HAURREN XOKOAN: larunbatean eta igandean puzgarriak, jokoak eta beste hainbat animazio izanen dira bertan.

Arberatzeko eskola publikoan, aktualitateko hainbat gai eta erronken inguruan eztabaida eta mintzaldiak antolatuak izanen dira, hala nola: Palestinaren egoera, Europako paktua eta immigrazio legea, laborarien urte hastapeneko mobilizazioak, festibal eta musikagintzaren ereduaren inguruko hitzaldia, Ertzaintza eta teknologia berrien erabilpena, Marrazkirri erakusketa, Euskara iniziazioa etab. Eztabaida xokoko programazioa berantago zehaztuko dugu.

.

Izan laguntzaile!

Ostatua, zirkulazioa, janaria, sekuritatea, brigada berdea… urtero bezala, ehundaka laguntzaile lanpostu ezberdinetan txandakatuko dira festibala plantan ezartzeko. Denen beharra dugu. Motibatu lagunak eta izena eman ehz.eus webgunean aurkituko duzuen «IZAN LAGUNTZAILE» atalean. Baina EHZ ez da bakarrik hiru egunetara mugatzen. Gunearen muntaketa ekainaren 19an hasiko da eta deneri idekia da.

.

Aurresalmentak

Gaurtik goiti hiru eguneko bonoak 60€-tan salgai dira eta egunez eguneko sarrerak ere eskuratzen ahal dira. Tokian berean erosiz, hiru eguneko txartela 65€-tan izanen da, ostiral eta larunbateko sarrerak 25€-tan eta igandekoa 19€-tan.

.

Informazio praktikoak

Akanpalekuan lo egiteko aukera izanen dute festibalariek, urririk, baina soilik festibaleko pass-a ukanen duteneri idekia izanen da. Bertan, aparkalekuak aurreikusiak dira ehundaka autorentzat, guztiz urririk. Gune lasai bat izanen da aparkalekuetan hor lo egiteko, baina ez da furgoneta aparkalekurik izanen.

Aurten, iparraldeko leku ezberdinetatik autobusak antolatuak izanen dira, Atarratze, Baigorri eta Baionatik, egunero iriste eta partitze tenore desberdinekin. Bidaia bakoitza 1,20€ tan izanen da eta ekainaren 3tik goiti salgai izanen dira.

Informazio gehigarria ehz.eus webgunean edo ehz@ehz.eus helbiderat idatziz aurkitzen ahalko duzue.

EHZ, egitarau osoa EHZ, egitarau osoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude