Egiptorako espedizioen eta Euskal Herriko indusketen artean

Egiptorako espedizioen eta Euskal Herriko indusketen artean –

Bibat museoan egon ostean, Arkeologi Museoan Bilbon dagoen erakusketa bati buruz hitz egin nahi dizuet1.

Egiptorako espedizioen eta Euskal Herriko indusketen artean

XX. mende hasieran, Gasteizko elizbarrutiko kide batzuek Bilboko Urkixotarrekin eta beste handiki batzuekin batera, Ekialde Hurbilera eta Egiptora bidaiak antolatu zituzten. Hasieran euskal herritar ugari joaten ziren eta, ondoren, Espainiar estatutik ea Hego Ameriketatik ere. 200 pertsonatik gora joaten ziren, sekulako espedizioak osatuz. Bidaien helburua, erlijiosoa zen izan, baina Jesusen bizitzako Palestinako lurraldeak ikusteko eta Erroman Aita Santua ikusteko aitzakian, Europako beste herrialde batzuetako kide dirudunek egin ohi zituzten turismo kulturaleko bidaiak ziren funtsean: Baalbek, Atenas, Ponpeia, Konstantinopla, Egitoko piramideak, etab. ikusten baitzituzten. 1922an Carterrek, Carnarvonen diruaren laguntzaz, Tutankhamonen hilobia topatu zuenean, bidaia hauetako kideak Erregeen Harana bisitatzen hasi ziren, Sylvia Baleztena nafarrak bultzatuta. Sylvia Baleztena kultura handiko emakume iruindarra zen eta, Jerusalemgo kontsularen emaztea zen bitartean, Palestinako aztarnategiak eta bizimodua jaso zituen liburu batean eta bere alabak indusketa arkeologikoak eta antzinateko hizkuntzak ikastera bultzatu zituen. Ez zen bidaia hauen bueltan ibili zen euskaldun ezagun bakarra, besteak beste: Mateo Mugika apezpikua eta hiztegigilea joan baitzen, hau bidaiari; Lekarozko kaputxinoekin ere harremana izan zuten bidaiariek, eta Azkue berak musika konposatu zuen, orkestrarekin, telegrafoarekin eta kronista eta kazetariekin bidaiatzen zuten talde hauentzat. Beraiek izan ziren Jerusalemen dagoen azulejozko euskarazko Aita Gurea eraman zutenak.

Arkeologia kolonialistaren garaia da, baina hala eta guztiz ere, Tutankhamon aurkitu zen urtean independentzia lortu zuen Egiptok eta faraoi gaztearen altxorra independientziaren eredua bihurtu zen: lehen aldiz, aurkikuntza guztiak herrialdean bertan geratu ziren eta, gaur egun ere, izugarrizko altxor historikoa dira. Horrez gain, Carterrek Petrierekin ikasitako arkeologia zientifikoa erabili zuen hilobiaren indusketa egiteko eta eredugarria izan zen: beste kolaboratzaileekin batera, 10 urte egin zituzten industen eta aipatutako bidaiariak lekuko izan ziren lan haietaz. Indusketak modernizatu zituzten: elementu guztiak banan-banan industeaz gain, Burtonek pieza guztiei argazkiak egiten zizkien, zaharberritu egiten ziren piezak; argindarra eraman zuten Erregeen haranera lan egiteko; eta trenez hurbiltzen zituzten objektuak, gero Niloko ontzietan Cairoko museora eramateko.

Bien bitartean, indusketa diskretoagoak, baina baita kalitate handikoak egiten hasi ziren Euskal Herrian Barandiaran, Eguren eta Aranzadi. Gure arkeologia zientifikoaren sorrera izan zen eta bertako euskal historiaurreko gizakiaren ikerketa bultzatu zuten. Haien aurkikuntzak ez dirudite hain deigarriak, baina oso garrantzitsuak izan ziren Euskal Herriarentzat eta Europako puntaneko arkeologiaren parte izan ziren, norbere herrian lan eginez.

Ez galdu aukera, maiatzaren hasiera arte dago ikusgai.