Egin jauzi eta sortu uhin hedakorrak!

Egin jauzi eta sortu uhin hedakorrak!

  • Abian dira CAF-Elhuyar sariak. 2018ko otsailaren 15era arte aurkez daitezke lanak.
  • Zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko gizarteratzea aitortzea eta bultzatzea dira sariketaren helburuak.
  • Aurten ere izango da NEIKER sari berezia, lehen sektoreari lotutako lan onenarentzat.

Egin jauzi eta sortu uhin hedakorrak!

Harri bat uretara botatzen denean bezala, ideia, froga edo teoria on batek eragin handia sortzen du inguruan. Ingurua bera, edo hura ulertzeko modua, aldatu egiten du, eta uhinen antzera hedatzen da.

Hala, aurten uretara jauzi egitera gonbidatu nahi zaituztegu. Bota zuen ideia, proiektua edo artikulua, urrutira iritsiko diren uhinak sortzeko, ingurua edo pentsamendua aldatuko duten uhin hedakorrak.

Kategoria hauek ditu sariketak:

  • Dibulgazio-artikulu originalak. Bi azpikategoriatan banatuta dago: dibulgazio-artikulu orokorrak eta egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak. Azpikategoria bakoitzaren irabazleak 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegiren eskultura bat eskuratuko du.
  • Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak. 2.000 eurorekin eta eskulturarekin saritzen da.
  • Zientzia Gizartean sorkuntza-beka. Zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duen proiektuak onartzen dira kategoria honetan. Aukeratutako proiektuaren egileak hura gauzatzeko 5.000 euroko diru-laguntza jasotzen du, baita eskultura ere.

Horrez gain, aurten ere NEIKER sari berezia emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria 2.000 eurokoa izango da eta beste sariekin bateragarria; alegia, lehen sektoreko lan onenak beste kategoria bateko onena ere baden kasuan bi sariak jasoko ditu.

cafelhuyarsariak.elhuyar.eus helbidean dago informazio guztia, eta 2018ko otsailaren 15era bitartean aurkez daitezke lanak. Deskargatu oinarriak hemen.

Egin jauzi eta sortu uhin hedakorrak!

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.