Durangotik nora

Durangotik nora –

Arrakasta eredua da Durangoko Azoka gaur egun euskaldunok bizi dugun sistema orokorrean. Ezin dugu, tamalez,  beste horrenbeste esan, oraindik behintzat, euskal kultura eta nazio barruko beste osagarri eta arlo garrantzitsu batzuei buruz, hala EITB nola EHU eta NUP, hala Ertzaintza nola Osasunbidea edo Osakidetza, hala euskalduntzea nola gobernantza, hala justizia soziala nola genero berdintasuna, hala hezkuntza nola zaintza, hala etxebizitza nola enplegua, hala laborantza nola turismoa, hala energia iturriak nola klima larrialdia, hala bake iraunkorra ziurtatzea nola gerra zitalak geldiaraztea… Eta horiek guztiak hobetzeko bide egokian ari garenik ere ezin dugu baieztatu.

Durangotik nora
Arg: @durangokoazoka

Durangoko Azokaren arrakasta, aldiz, neurgarria da eta goraka doa. Dagoeneko 59. azoka da aurtengoa, eta urtero egote hutsak frogatzen du euskara, euskal kultura, euskal nazioa egiteko modua dela Durangoko Azoka. Azokaren izena eta izana aldatuz joan dira, baina norabidea zehaztuz. Aspaldiko 1965. urtean sortu zenean Euskal liburu eta disko azoka zekarren kartelean, gero izena murriztu egin zaio, Durangoko Azoka, baina izana zabalduz joan da, eta Kulturaren Plaza ere deitua izan da. Azken urteetan DA akronimoak laburbiltzen du izena, baina edukia zabalduz eta sakonduz doa, norabidea zehaztuz.

Zer dakar aurten Durangok? Abenduko lau egunetan, 5etik 8ra, 200 ekitaldi, 724 erakusmahai Landako gunean, 153 partaide eta 933 ekoizpen berri. Liburutik eta diskotik euskal kulturaren arlo desberdinetara salto egin du XXI. mendearekin batera. Izan ere, euskal komunitatearen etorkizuna aurretik prestatu eta trebatzeko laborategia kontsidera daiteke Durangoko Azoka. Liburu eta diskoetatik hasi bazen, ikus-entzunezkoen eremura hedatu da gero, musikara, teknologia berrietara, pantaila eta plataforma desberdinetara, eta adimen artifiziala ere ate joka dauka. Euskal kulturaren eremuan habitus bihurtu zaigu azoka, baina laborategia izaten jarraitzen du, gune zehatz batean eta egun kopuru mugatuan. Frogatu egin du euskal kultura gai dela bere kultur polisistema propioa osatzeko, horretarako ezinbesteko diren osagarriak badituela: sortzaileak, instituzioak, errepertorioak, produktuak eta merkatua, eta azkenik hartzaileak, aurten modu berezian zainduko dituztenak. Sortzaileek, beren aldetik, oraingo egoeraren larritasuna agertu dute Euskararen Nazioarteko Egunean plazaratu agirian, sorkuntzaren egoera kontuan hartu eta plangintza eta egintza zehatz eta indartsuak erreklamatu dituzte administrazioetatik. Arrazoi osoz.

Etengabeko berrikuntzan eta aurrerabidean, uste dut urrats bat aurrera egiteko moduko baldintzak agertuko direla aurten. Kulturaren eremutik harago salto bat emateko puntuan dagoela Azoka esango nuke, eta saiatuko naiz hori azaltzen.

Laborategiko entseguaren emaitzak baikorrak dira, bai. Baina orain eguneroko bizitzara jauzi egin behar da. Euskal Herri osoan, euskaldunon komunitatearentzat habitategokia sortzea da ezinbesteko urratsa orain. Horixe izango da pauso erabakigarria. Eta zer izango da habitat hori, bada? Euskal nazioa bera. Euskal nazio demokratikoaren antolaketa burutu beharra dago.  Eta uste dut norabide horretan mugitzen hasiko dela Durango aurten. Zergatik diodan hau?  Azken urteotan Azokaren programazioak dimentsio oso handia hartu du, kultura polisistemaren neurri zabala agertzen duena, eta aurten kulturatik nazio antolaketara jauzi hori iragartzen duten arloak agertu dira Azoka inguruan.

Lehen aldiz, Naziogintza elkarte eraginkorrak abenduaren 5etik erakusmahaia jarri du eta lanen aurkezpenak burutu ditu abenduaren 6an. Horrez gain,  gaur bertan, abenduaren 7 honetan, eguerdiz Bat Gara Euskal Herri osoan garatzen ari den prozesuak nazio mailako lehen agerpena egingo du Durangon, eta arratsaldez Euskal Herrian Euskaraz erakunde herritarrak mobilizaziora deitu du, mailan gora egin eta espresuki eta argi azalduz: «Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika behar dugu».

Liburu eta disko azokatik euskal kultura polisistema osatzera, habitus izatetik habitat propioa osatzera, eta Durangoren arrakastatik Euskal Herriaren nazio antolaketa demokratikora doan bidean abiatu nahi dugula dirudi.

Euskal gizarteak hamaikatxo ekimen zabaldu ditu euskara gure nazio osora hedatu eta euskal herritar guztion hizkuntza unibertsala bihurtzeko asmoz. Hor ditugu lanean hainbat azoka, laborategi, gogoetagune, kluster, foro, kontseilu, topagune, biziberritze plan, erakustaldi eta ekimen, instituzionalak zein herritarrak.Hortxe euskaraldiak, euskararen egunak, ibilaldiakkilometroak, herri urratsakoinez eta euskaraz, errigora,bai euskarari, loraldia, korrikaeta hainbeste auzolan bikain eta indartsu. Orain, Durangoko Azokaren irakaspenen bidetik, horien guztien arteko sinergia, lotura eta nazio mailako auzolana garatu behar ditugu.

Euskara bera eta euskal kulturaren polisistema durangarra euskal nazioaren korronte nagusian sartu eta txertatu beharra daukagu. Nolabait esatearren, gure kulturaren piszina klimatizatu bikaina dugu Durango, eta euskal nazio osoa den itsaso zabalera jauzi egin behar dugu. Herri honen energia baliatuz horretarako. Euskara da energia berriztagarria, gaztelera eta frantsesa erregai fosilak dira, gure ekosistema kutsatu eta kaltetu egiten dutenak. Estatu bien biolentzia sistemikoari aurre egin, larrialditik indarraldira jauzi eginda. Erdarak utzi eta euskararen eta euskal kulturaren korronte printzipala indartu Euskal Herri osoan.

Durangotik nora  Durangotik nora  Durangotik nora

6 pentsamendu “Durangotik nora”-ri buruz

  • Oso ados.
    Dena dela, Durangoko murgiltze eremu klimatizatua urtean asteburu bakarrean dago zabalik. Abagune horretatik at apenas dagoen aukerarik, herri euskaldunetako liburudenda bakan batzuk kenduta. Euskal Herriko herri eta hiri gehienetan hotza eta giro arrotza besterik ez dugu zain euskaldunok.
    Hiriburuetan adibidez, ginkana bat osatu beharra egoten da euskarazko kultur eskaintza aurkitu nahi bada. Euskal liburudenda handi eta ospetsuenean ere, euskarazko eskaintza erdarazkoaren atzean dago, zokoratuta, eta gehiena sotoan, españolezkoak edota ingelesezkoak dendan sartu bezain laster begietara jauzi egiten dizun bitartean.
    Gero esango digute ez dugula euskal kulturarik kontsumitzen…

  • karmelo Landa 2024-12-13 12:17

    Egia da diozun hori, JJ. Baina nire artikuluan azaltzen dudan legez, Durangoko Azokaren esperientziak sakon aztertu eta hortik irakaspenak atera ditzakegu. Unibertsitateko ikertalde batekin urteak eman genituen Durangoko Azokaren azterketa sistemikoa egiten, metodologia akademiko egokia erabiliz, Kulturaren soziologiaren eta Polisistemen azterketa metodologien argitara, eta zenbait ondorio argigarri lortu genuen, bere garaian Gerediagakoen esku jarri genituenak. Besteak beste, euskararen inguruan kultura polisistema betea antolatzeko moduko osagarri guztiak baditugula (laburbilduz, sortzaileak> instituzioak>errepertorioak>produktuak>merkatua, eta azkenik hartzaileak), baina sistema propio hori antolatu ahal izateko gune zehaztua, legitimazio soziala eta botere maila instituzional osoa ezinbesteko ditugula. Horregatik, Durangon asteburu luze batez lortzen duguna, oraindik orain urtu edo disolbatu egiten zaigu Larrakotik kanpo bi pausu eman orduko. Zer egin orduan? Estrategia zehatz eta egokia behar dugu, baita horren barruan praktika eraginkorra garatu.

    Estrategia hori hasten da kontzeptu nagusiak zorroztuz eta argituz. Euskal Kultura Polisistema propioa garatu ahal izateko, euskara hartu behar dugu ardatz, ezinbestean. Gune zehatz horretan (tokikoa, eskualdekoa, lurralde zabalagokoa, nazio mailakoa) euskara izan behar dugu hizkuntza unibertsala (nagusia eta guztiok ezagutua). Baina gune horietan beste polisistema arrotza nagusi baldin bada une honetan, sistema bien arteko talka gertatuko da eta gatazka sortuko. Kasu horietan, euskal sistemaren alde ari garenok ezinbestean hizkuntza hegemonikoa gure jardunetatik baztertu eta euskarari eman beharko diogu lehentasuna eta are esklusibitatea gune horietan. Dilema hau agertu izan da Durangoko Azokaren garapenean, eta berriz ere agertuko zaigu hemendik aurrera euskararen alde jokatu nahi dugun toki guztietan. Bi adibide zehatz, nik bizi izandakoak eta oso argigarri gerta daitezkeenak: Sarako Euskal Liburu Azoka bisitatu, eta bertako liburu eta material gehienak frantsesez. “Histoire génerale du Pays Basque”, Goyhenetche, Jean. Bada, Azoka hori, era horretan gauzatua, euskal kultura sistemari egiten zaion eraso larria da, frantziar kultura kolonizatzailearen tresna. Beste horrenbeste gertatzen da bigarren kasu honetan: Izaro Andres, Mallabiko euskal kantari famatuak antolatzen du kantaldi bat Lekeition, gabon inguruan, herria euskaldunena den garaian, beraz. Aretoa bete-beteta, jende gaztea nagusi, eta Izaro hasi zaigu gazteleraz bere azken “esperientzia guai” bat kontatzen Madrila egin berri duen bira batean, eta kanturen bat gazteleraz ere tartekatzen du. Pentsa dezagun Izaroren ezjakintasun beatifikoa dela, asmoak onak direla, baina portaera horrek Lekeitioko euskara sistema zaurgarriari egiten dion erasoa eta kaltea izugarriak dira. i-zaurgarriak , esango nuke, hitz jokoaz baliatuz. Oraintxe zioen Fermin Muguruza handiak beste hau: “Haserretu egiten naiz musikari euskaldunak erdaraz abesten entzutean, talka kulturala eragiten dute eta niretzat oso mingarria da”. Intuizio bikaina Muguruzak. Haserrea baino are larriagoa da horrek sortzen duen kaltea.

    Ez da hau gaian kakondu eta luzatzeko toki egokia, baina euskal kultura polisistema eta are euskal nazioa modu eraginkorrean antolatzeak azterketa sakon kualifikatua eta praktika koherente sendoa behar ditu. Hori egiteko subjektu kolektiboak behar ditugu, herritarrak eta instituzionalak, eta Durangoko Azokatik haratago ekin.

  • Benat Castorene 2024-12-13 16:26

    Gainera, tristeena, Saran 1793ko deportatuen herrian bertan, ikusi eta aipatzen duzun frantsesezko historia iburu horrek ez ditu defendatzen Lapurdiko foruak eta lapurtarrak 1789ko iraultzalarien bortxakerien kontra. Alderantziz, Lapurdiko instituzioank belzten ditu eta konkistatazailean zuritzen. Horra zertaratu garen, den mendren zentzu kritikoa galdurik.

  • Mierda de ciudad, Don Vito y la revuelta en el frenopático, La familia Iskariote, El último ska…KORTATU, Fermin Muguruza. Ze hizkuntzatan daude abestuak? Agian, Fermin Muguruza ez zen oraindik euskalduna kantu horiek egin zituenean? Hala ere, ni ere, Fermin bera bezala, haserretu egiten naiz kantari euskaldun bat erdaraz kantatzen entzun-ikusten dudanean.

  • Karmelo Landa 2024-12-15 09:24

    Euskal kultura euskara ardatz hartuta egiten da, eta euskalduna euskaraduna da, hau da, euskara hizkuntza bere duena. Euskal Herria mende luzeetan deseuskalduntze eta asimilazio prozesu baten biktima da,

    Kezkatzen bait nau
    herstutzeraino
    neure Herriaren
    zoriak.
    Hautsiak ditu
    arraunak eta
    arrakak ditu
    ontziak.
    Zenbait lamina
    bihurtu ziren,
    zenbait badira
    arraiak.
    Baina zenbaitek
    euskaldun nahi du
    ta harenak dira
    larriak.
    Iraun nahi eta…”

    Gandiagak ezin argiago adierazia. Fermin Muguruzak, zorionean, euskararen lurraldera egin zuen jauzi eta orain euskal kantari, euskal kulturgile eta abertzale bikaina da. Abenduaren 20an Bilbon emango duen kontzertura joateko naiz, gara euskaldun ugari, Bilbon arrain edo lamia izaten jarraitu ez eta euskararen itsasoan murgildu nahi dugunok.

  • Ez, Jokin, Ferminek ez zekien euskaraz abesti horiek sortu zituztenean. Aek-n zebiltzan, eta lagunduta, euskarazko abestiren bat sortu zuten, hala nola, Sarri Sarri. Gogoan dut ETB-ko elkarrizketa batean esan zutela euskara ikasten ari zirela eta beraien asmoa zela laugarren diskoa osorik euskaraz grabatzea. Hirugarren LP-rako lortua zuten helburua. Geroztik, denok dakigun bezala, Ferminek euskaraz abestu du beti, euskaraz abesten duten taldeak bultzatu ditu, euskara mundu zabalera eraman du…

    Eredugarria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude