Durangoko Azokak ohiko formatua berreskuratu du Ikasle Goizaren eztandarekin

Durangoko Azokak ohiko formatua berreskuratu du Ikasle Goizaren eztandarekin –

Durangoko Azokak ohiko formatua berreskuratu du Ikasle Goizaren eztandarekin

Azokak ohiko argazkia berreskuratu du bere lehenengo egunean, urte biko etenaldiaren ostean. Landako Gunea leporaino egon da, Euskal Herri osotik heldutako ikasleekin.

Biharko eguna sormen bekaren irabazlearen iragarpenarekin hasiko da. Ekitaldiak egongo dira Azokako gune guztietan. Autobus-zerbitzuaren lehenengo eguna izango da.

Durangoko Azokak ohiko formatua berreskuratu du Ikasle Goizaren eztandarekinDurangoko Azokak eztanda egin du bere lehenengo egunean! 10:30ean Landako Guneko ateak ireki dira eta, konfeti artean, milaka ikasle sartu dira Azokara. Bi urteko etenaldiaren ostean, Azokak ohiko argazkia berreskuratu du Ikasle Goizarekin, Euskal Herri osotik heldu baitira ikasleak. Landako leporaino egon da Azokako lehenengo orduetan, eta baita plaza ere, eguraldia lagun. “PortaDA!” erronkako lehiaketa, bere aldetik, Sopelako Ander Deuna Ikastolak eta Laudio Ikastolak irabazi dute. Arratsaldean hasiko da ohiko egitaraua Azokako gune guztietan, eta 19:00etan izango da inaugurazio ekitaldia, San Agustin Kulturgunean. “DrunDA!” izeneko ekitaldia Barrexerka taldeak gidatuko du, eta bertan parte hartuko dute Nerea Mujikak (Gerediaga Elkartea), Bingen Zupiriak (Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburua), Lorea Bilbaok (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko Diputatua) eta Ima Garrastatxu (Durangoko alkatea). Ekitaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da EITBren eskutik.

Gaur ere jarri da martxan Durangoko Azokako online denda www.durangokoazoka.eus webgunean, eta lehenengo eskaerak jaso ditu Azokak, Euskal Herri osotik (Arrasate, Iruñea, Sondika, Santurtzi, Irun, Hernani…) eta baita Euskal Herritik kanpo ere, Katalunia eta Madriletik esaterako. Kulturzaleek abenduaren 10era arte egin ahalko dituzte erosketak bertan.

Durangoko Azokak ohiko formatua berreskuratu du Ikasle Goizaren eztandarekinBiharko eguna Azokako sormen bekako irabazlearen iragarpenarekin hasiko da, 11:00etan San Agustin Kulturgunean. Bosgarren urtez, Azokak 15.000 euroko beka emango dio sortzaile hasiberri bati, bere ibilbide profesionalean laguntzeko, Durangoko Udalaren babesagaz. Aurtengo diziplina arte eszenikoak izango dira.

Bigarren egunean ere hamaika jarduera egongo dira Azokako gune guztietan. Szenatokian antzerki arinen egitarauari hasiera emango zaio. Hiru talde izango ditugu, ordu ezberdinetan zortzi saio eskaintzeko: Goitibera antzerkiaren “Zuri” lana, Anodino Teatroaren “Deus ex twingo” eta “Luze edo motz”, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairen eskutik.

Areto Nagusian “Talaia” gunearen lehenengo eguna izango da. Hainbat erakundek aurkezpenak eta mahainguruak antolatuko dituzte: Jakin, Klak!, Euskal Irudigileen Elkartea, EHU, UEU, Euskaltzaindia… 15:30ean “Txokomates: Txokolate zaporezko mate laborategia” liburua aurkeztuko da.

Saguganbaran umeentzako sei liburu aurkeztuko dira bihar, besteak beste, Labayru Fundazioaren “Munduenea, munduko ipuinen etxea” edota “Kixkur, Pinttoren arreba”, Iñigo Astiz eta Mikel Valvederen eskutik. 15:30ean Potx eta Lotx pailazoen ikuskizuna ere egongo da. Irudienean, bere aldetik, hainbat film proiektatuko dira goizean; eguerdian “Oltxiak” familientzako film emanaldia egongo da; eta arratsaldean film laburren txanda helduko da. 17:00etan “LaburmetraDA!” film laburren emanaldia eta ordu bi beranduago, Kimuak sailekoak.

Ahotseneako musika-maratoiak ez du etenik izango, goizeko 11:00etatik gaueko 23:00ak arte. Besteak beste, bertan arituko dira Willis Drummond, Kristonak, Neomak, Ines Osinaga edota Sutan taldeak. Disko aurkezpen guztiak streaming bidez Solasaldien kasuan ere, sortzaile ugari izango ditugu: Harkaitz Cano, Katixa Agirre, Leire Ibarguren, Unai Iturriaga… Egitarau osoa eta sortzaileen sinaduren ordutegiak www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daitezke.

Bihar izango da Azokako autobus-zerbitzuaren lehenengo eguna. Goizeko 10:30etik 20:00ak arte doan lotuko ditu Landako Gunea eta Durango eta Iurreta inguruko aparkalekuak, kulturzaleei bisita errazteko asmoz.

Durangoko Azokak ohiko formatua berreskuratu du Ikasle Goizaren eztandarekin