Done Miliagari zerga ordaintzea

Done Miliagari zerga ordaintzea –

Done Miliagari zerga ordaintzea

Duela 1000 urte, 1025ean, datatutako dokumentu bati buruz hitz egitera natorkizue. Ezaguna egin da (G)Ipuzkoa lehen aldiz jasotzen duen ezkribua, baina ez da urte horretako data ei duen bakarra. Aipatzera natorren hau ere garrantzi handikoa da, kasu honetan Arabarentzat: izena De ferro de Alaua dauka idatzi zen latinean eta gaztelaniaz “la Reja de San Millán” moduan ezaguna egin denez, “Done Miliagaren goldea” edo “golde muturra” gisa ezagutu izan duguna (nahiz aditu batzuen arabera, ‘Done Miliagaren burdina’ zuzenagoa den).

Dokumentu hau Done Miliaga Kukullakoa monasterioan gordetako Becerro galicano XII. mendeko eskuizkribuan kopiatuta dagoen agirietako bat da. Dokumetu horretan jasotzen den informazioa da, urte horretan, 1025ean, Arabako herriek Donemiliagari zerga gisa ordaindutakoa (ez dakigu zein zerga zen, ez eta haren jatorria, hamarrena zela esan izan den arren). Herriek ordaintzen zutena, gehiena, regga (‘golde mutur’) burdinan ordaintzen zuten edo burdinaren balioan (kontatzeko unitate moduan erabiliz) eta agiriaren izena hortik dator (nahiz batzuk aberetan ordaindu).

Dokumentuaren data zalantzan jarri izan da, baina edonola ere XI. mendeko dokumentu baten kopia dela ez dago zalantzarik.

Bertan, Arabako 307 herriren izenak datoz, 21 esparrutan banatuta, eta bakoitzak ordaintzen zuena. Herriek komunitate gisa ordaintzen zuten eta argi geratzen da, zerga kudeatzeko sortutako dokumentua izan zela.

Informazio oso garrantzitsua ematen du horregatik. Batetik, ez dira Arabako herri guztiak agertzen, baina agertzen direnak, asko gaur egun arte iritsi dira (batzuk hustutako herriak bihurtu ziren arren) eta adierazten du, XI. menderako, gaur egunera iritsi den Arabako herrien sarea sortuta zegoela eta oso zaharra dela, alegia, Europako mendebaldean VIII. mendetik datorren ekonomi hazkundearekin sortutako herrixken garaikoa. Gainera, bestetik, komunitate gisa izaera zutela ikusten da (ordainketa ez baita pertsonako egiten, herrika baizik) eta garaiko gizartea nolakoa zen erakusten digu. Azkenik, hizkuntzaz ere informazioa ematen du (gehienek euskal izenak dituzte eta).

Herri asko ari dira ospatu nahian eta oso ekimen ederrak sortzen ari dira. Adurtzakoa da adibide bat, herritarren aldetik sortutako ekitaldi sorta ederra prestatu baitu. Izan dadila aitzakia, berriro ere, komunitate eta elkarte gisa herriei indarra emateko.

Soinu erreproduzigailua

Done Miliagari zerga ordaintzea

3 pentsamendu “Done Miliagari zerga ordaintzea”-ri buruz

  • Pruden Gartzia 2025-04-08 09:36

    Benetan zehatza eta argigarria zure artikulua, Jaione! Mila esker.

    Nire aldetik eranskin txiki bat: kasualitate hutsez, aurreko astean eskuartean izan nuen dokumentu horren euskarazko itzulpen bat (latinez eta euskaraz, bi zutabetan), azpiko erreferentzian aurkituko duzue. Ez dakit gaur egun itzulpen horrek zein puntutaraino balioko duen, baditu 30 urte… itzultzaileak berak dio zalantza handiak izan dituela hainbat toponimo itzultzen; dena den, bitxikeria bezala, jatorrizko “regga” berak, euskaraz, “golde-nabar” itzultzen du: nik neuk ez dut uste itzulpen hori zuk aipatzen dituzunak baino hobea edo zehatzagoa denik, baina tira, aipa daiteke baita ere. Hona erreferentziak:

    “goldenabar” OEHn dago, hemen: https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_oehberria&task=bilaketa&Itemid=1694&lang=eu&definizioak=0&query=golde-nabar&sarrera=157561&mota=sarreraOsoa

    Eta testuaren latinezko eta euskarazko bertsioak bi zutabetan, hemen:

    Euskal Herria antzinate berantiarrean eta lehen ertaroan : materiale eta agiriak / Koldo Larrañaga Elorza ; Xabier Agirre-ren itzulpena.– [Leioa] : Servicio Editorial, Universidad del País Vasco = Argitarapen Zerbitzua, Euskal Herriko Unibertsitatea, 1992, 163-167. or.

  • Javier Cuadra 2025-04-08 15:04

    Arras jakingarria.
    Aipatuko nuke nahasmendu zerbait izan dela beti dokumentuak aipatzen duen “Aialha” horrekin, behin baino gehiagotan Nerbioi Goieneko “Aiara”rekin berdindu izan delarik (lehena, esango nuke, J. Galindezek “La Tierra de Ayala y su fuero”n). Iruraizko “Ayala” da Donemiliagako dokumentuak aipatzen duena, ez kantauriarra. Buruz diot (gaizki egina), baina “Hiraszaeza” irakurtzen zen “Iruraiz”, gaizki gogoratzen ez banaiz.
    Argibide zehatzik ez du Euskaltzaindiak nire jakitean eman, baina, erabileraz, irudi luke “Aiara” dugula bata, eta “Aiala” Iruraizkoa, gehienbat pertsona-izen gisa.

  • Golde nafarra, reja nabarra. Horrela deitu izan zaio mendetan erromatar goldeari Gurean. Kalekumeen artean ez bata ez bestea. Baina horretarako ez dira masterdu al behar. Galdetu edozein nekazari Nafarri. Bestela, Araba Nafarroa izan da 1200. urtea arte eta Donemiliaga Nafarroa. Hor ageri diren herrien izenak herri nafarren izenak dira. Kitto! Aymeric.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude