Dock of the Bay musika dokumentalaren Donostiako zinema jaialdiak egitarau osoa aurkeztu du

Dock of the Bay musika dokumentalaren Donostiako zinema jaialdia egitaraua –

Dock Of the Bay musika dokumentalaren zinema jaialdiak 20 proiekziorekin, erakusketa batekin, mahai inguruekin eta zuzeneko emanaldiekin aurkeztu du bere hamazazpigarren edizioa. Edizio honetan 20 film proiektatuko ditu Jaialdiak, hamahiru film luze eta zazpi film labur. Gainera, bat nazioartean estreinatuko da, hiru mundu mailan eta lau Espainian. Egitarauak zinemaz eta musikaz beteriko aste bat aldi berean osatzen duen jarduera sorta bat biltzen du esklusiboki: aurten, Elena Contreras, Julen Gorosabel, Cris Somavilla, Mariona Borrull, María Guerra eta Blanca Martínez izango dira protagonista Koldo Mitxelena Kulturuneko Solasaldietan (Santa Teresa komentua). Proposamen berezia da zinemara hurbiltzeko ikus-entzunezkoen azterketatik gertuago dagoen beste ikuspuntu batetik. Berrikuntza gisa, aurten Janela, leiho ireki bat Gorka Urbizuren sormen unibertsoari goiburuko erakusketa izango dugu. Erakusketa hau Gorka Urbizu musikariaren Hasiera bat lehen albumaren sorkuntza prozesuari eta lehen emanaldiei zabaldutako “leiho” txiki bat da. Erakusketak Ibai Arrietaren argazkiak eta Alexander Cabeza Trigg zinemagilearen ikus-entzunezko batzuk biltzen ditu, baita Kaier bat liburua eta Hasiera bat diskoa ere. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura departamentuarekin lankidetzan egingo da. Jaialdiko sail guztietan nabarmena da emakumeen presentzia, 11 filmetan emakumeak dira zuzendari eta 8 filmetan emakumeak dira protagonista. Halaber, sail paraleloetan nagusi dira emakumeak.

Dock of the Bay Musika Dokumentalaren Donostiako zinema jaialdiak gaur goizean aurkeztu du egitarau osoa. Aurten hamazazpigarren edizioa izango du, eta ekainaren 17tik 22ra egingo da Trueba zinema aretoetan, Tabakaleran, Principal Antzokian eta hiriko beste gune batzuetan, hala nola Le Bukowskin eta Santa Teresa komentuan.

Sail ofiziala: zortzi film luze lehian

Film luzeen sail ofizialean zortzi lan lehiatuko dira, eta horietako bat nazioartean estreinatuko da eta lau Espainian. Lehenengo proiekzioa ekainaren 18an, asteartean, egingo da, 21:00etan, Trueba zinema aretoetan, Philipp Fussenegger eta Judy Landkammerren Teaches of Peaches filmarekin. Peaches musikariaren 2022ko urteurreneko biran zehar filmatua, dokumental honek haren artxibategiko altxor esklusiboak eta birako irudiak uztartzen ditu. Musikari, ekoizle, zuzendari eta artista feminista gisa, Peachesek bi hamarkada baino gehiago eman ditu genero estereotipoei aurre egiten, eta ikur gisa finkatu da musikaren eta poparen industrian.

Ekainaren 19an, asteazkenean, 19:00etan, Toti García eta Lluís Prietoren Naturalesa morta, la història de Sexy Sadie filmaren txanda izango da. Film honek hainbat kontu planteatzen ditu, hala nola arrakasta zertan den, diskoak saltzean ala norberak egin nahi duen musika egitean. Gainera, Naturalesa morta Sexy Sadie taldearen barruko arrastoa da, adiskidetasuna eta jarraikitasuna bidea izan daitezkeelako erakusgarria.

Egun berean, baina 21:00etan, Jeff Dupre zuzendariaren This is a Film About The Black Keys filma ikusi ahal izango da. Zuzendaria bertan izango da filma aurkezteko eta, filma proiektatu ondoren, solasaldi bat egiteko. The Black Keys taldeari buruzko filma da, Dan Auerbach eta Patrick Carneyren bidaia guztiz berezia kontatzen duena Akron hiriko (Ohio) soto batean bi haur auzokide jotzen hasi zirenetik taldea rock ‘n rollean izar izatera iritsi zen arte.

Ekainaren 20an, ostegunean, emanaldi bikoitza izango da. Alde batetik, 19:00etan, Rocío Martín zuzendariaren Fernanda y Bernarda filma aurkeztuko da. Ahizpa banaezin horien historia kontatzen du, cante jondoenean inoiz izan diren emakumezko ordezkari eta abeslari handienetako biren historia. Gainera, 21:00etan Nicolas Jack Davies zuzendariaren Omar and Cedric: If This Ever Gets Weird filma proiektatuko da: Omar Rodríguez-López eta Cedric Bixler-Zavalaren (At the Drive-In / The Mars Volta) arteko harreman artistikoa eta pertsonala kontatzen du, ia hasi eta buka Omarrek berak azken 40 urteetan zehar egindako ehunka ordu grabazioren bidez.

Film luzeen sail ofizialarekin jarraituz, ostiralean hiru film ikusi ahal izango dira. Lehenengoa 19:00etan, César Martínez Herrada zuzendariaren Generación Lagartija filma izango da, eta bertan izango da taldeko abeslari Antonio Arias filma aurkezteko. Granadako Lagartija Nick taldeak leku surrealista eta berritzaile batera eramaten ditu ikusleak dokumental honen bidez, XX. mendearen hasierako abangoardia artistikoetako obretan eta pertsonaietan oinarritutako disko kontzeptualetan barrena ibilbide bat eginez. Saioan Martínez bera izango da aurkezpen lanak eta solasaldi bat egiteko, eta Antonio Arias izango du lagun.

Beste areto batean, 20:00etan, ostiralean bertan, Heiko Lange eta Gudrun Guten GUT filmaren nazioarteko estreinaldia egingo da. Dokumental honek erdigunean jartzen du Gudrunt Gut, Alemaniako musikaren izarra eta Einstürzende Neubauten taldearen fundatzaileetako bat. 40 urte baino gehiago underground munduan emanik, irudi nagusi gisa eta musikaren eta musika abangoardistenaren egungo agertokiko funtsezko osagai gisa azaleratzen da Gut.

Azkenik, 21:20etan, Antony Crook zuzendariaren Mogwai: If The Stars Had A Sound film britainiarra eskainiko da. Filmak Mogway taldearen ibilbidea erakusten du 90. hamarkadan hasi zenetik itxialdian zehar osatutako hamargarren albuma sortu arte, eta agerian uzten du nola taldeak 25 urte baino gehiagoan musika genero propioa sortu duen eta nola jarraitzaile leialen oinarri bat landu duen taldearen soinuari eta sustraiei eutsita.

Zazpi film labur lehian

Dock of the Bay jaialdiaren hamazazpigarren edizio honetan zazpi film labur eskainiko dira, horietako sei saio bateratu batean, ekainaren 20an, ostegunean, Tabakalerako zinema aretoan, zuzendariek aurkezpenak eta solasaldiak egingo dituztela.

Perlata taldearen (Jaione Martínez Saez de Maturana, Ane Garai Arrieta eta Maialen Oleaga Nuño) Punkaren beste aldea izango da egun horretan eskainiko den lehenengo film laburra. Honela definitzen dute taldekideek: “Jarrera eta gogo bizia, ez da gehiagorik behar bide propio eta bakarra egiteko. Itzalean dagoen andrea da punka, eta Jesusi Etxebarria du izena”.

Jarraian Rodrigo Jardón zinemagilearen El camino del ruido filmaren txanda izango da. Zati batean bideo esperimentala, zati batean dokumentala eta zati batean memoria, lan honek bi hamarkadatan zehar grabatutako materialaren bidez esploratzen du musika beren emozioak adierazteko erabiltzen dutenen arteko lotura.

Hirugarren emanaldian Diandra Arriaga zuzendariaren Un punk ejemplar lana ikusi ahal izango da. Lerro hauek idatzi ditu lanaren sinopsi gisa: “Ez genuen inoren adibide izan nahi, eta inork ez gintuen adibidetzat jartzen. Elkarrekin egindako lehenengo slam hartatik jakin nuen betirako lotuta egongo ginela. Zuk ere ulertzen zenuen katarsi horren eta ez konformatzearen indarra”.

Hurrengoa, Cleo Julia Mullisen If the clouds fall film laburra da, Damyren ingurukoa, Black Acid hip-hop taldeko abeslarietako baten ingurukoa. Orain dela lau urte lagun handiena eta jarraitzaile leialena galdu zuen, Rens, bere buruaz beste egin baitzuen, eta erruak ez zion hileta elizkizunetara joaten utzi.

Jarraian Xavier Estebanen Ressonàncies (d’una música callada) lana ikusi ahal izango da. Bartzelonan bizi den Ayako japoniarrak Frederic Mompou musikagile katalanaren musikarekiko sentitzen duen lotura estua erakusten du lanak. Antzinako oroitzapenen oihartzunak, denbora eta kultura oztopoak gainditzen dituztenak.

Pol Crosas eta Domenec Mirallesen Barranco, el regreso de la Filoxera dokumental esperimentala, Fiteroko (Nafarroa) Barranco Fest musika jaialdia erakusten duena, izango da saioari amaiera emango diona. Filmak Barranco aldeko errealitatearen fikzio bat planteatzen du galdera hau eginez: Zer forma hartuko zukeen XIX. mendeko filoxera izurriak 2023ko Nafarroako Fiteron?

Saio horretaz gain, film laburren sail ofizialak beste saio bat izango du hilaren 18an, asteartean, 19:00etan, Trueba zinema aretoetan, Dean Chalkley zuzendariaren Good For The Soul film laburrarekin. Film honek Northern Soul dantzatzeko poza goraipatzen du, eta musikaren eta dantzaren izaera emozionalarekin eta katartikoarekin bat egiten du.

Perfect Day

Urtero bezala, nazioarteko musika dokumentalik nabarmenen aukeraketa bat egiten du Perfect Day lehiaz kanpoko atalak.

Lehenengo proiekzioa, Ben Digiacomo zuzendariaren Bad like Brooklyn Dancehall lana, ekainaren 17an, astelehenean, 19:30etan, Trueba zinema aretoetan ikusi ahal izango da, Europan lehenengo aldiz. 90. hamarkadan Brooklynen barrena zabaldutako Dancehall jamaikarraren musika eta belaunaldi berrietan izandako eragina erakusten du.

Ekainak 18ko Good For The Soul filma proiektatu ondoren, Perfect Day atalaren barruan, Beatriz Echeverriaren Diego Vasallo, La Posteridad Para Más Tarde filma ikusi ahal izango da; ikusleari aukera ematen dio diziplina askotako artista horren sormen prozesuaren intimitatean sartzeko. Vasallo saioan bertan izango da aurkezpen bat egiteko eta, ondoren, solasaldi bat.

Asteazkenean, hilak 19an, 19:30etan, Tabakaleran, Virginia García del Pino zinemagilearen La estafa del amor filma proiektatuko da. Talde bat emakumeak maitemintzen zituen gizon bati buruzko film baten gidoia irakurtzera gonbidatzearen emaitza erakusten du. Emaitza hori maitasun erromantikoaren idealari eta gizonengan eta emakumeengan eragiten duten ondorio ikaragarri handiari (ez du zertan positiboa izan) buruzko kongresu antzeko bat da. Zuzendariak berak aurkeztuko du filma, eta ondoren solasaldi batean parte hartuko du.

Perfect Day atala ekainaren 22an, larunbatean, Principal Antzokian eskainiko den bi proiekziorekin amaituko da. Lehenengo filma 19:00etan hasiko da, eta Marco Spagnoli zinemagilearen Franco Battiato. La voce del padrone lana ikusi ahal izango da. Italiako iparraldetik hegoalderako bidaia bat proposatzen du Franco Battiatoren historia eta pop kulturan izan zuen eragina kontatzeko. 21:30etan jaialdiari amaiera eman ondoren, Euskadin lehenengo aldiz ikusi ahal izango da Alison Ellwood ekoizlearen Cyndi Lauper: Let The Canary Sing filma. Cyndi Lauperren osperako bide meteorikoa kontatzen duen filma da, eta bere musikaren, etengabe eboluzionatzen ari den bere punk estiloaren, bere feminismo hautsiezinaren eta aktibismo nekaezinaren bidez belaunaldietan izan duen eragina sakona.

Edizio honetan Jaialdiak, berritasun modura, ibilbide sorta bat proposatzen du publikoa tituluetan barrena murgildu eta nork bere proiekzio egutegia sor dezan. Hala bada, gaikako bost bloke handi eskaintzen dira:

  • Biografiak, talde edo musika eszenen historia handiekin: aturalesa morta, la història de Sexy Sadie, Omar and Cedric: If This Ever Gets Weird, This is a Film About The Black Keys, Bad like Brooklyn Dancehall, Mogwai: If the stars had a sound.
  • Musikaren divak: Teaches of Peaches, Cyndi Lauper: Let The Canary Sing, GUT, Punkaren beste aldea.
  • Musen jolasa: Diego Vasallo, La Posteridad Para Más Tarde, Franco Battiato. La Voce del Padrone, Generación Lagartija.
  • Soinu ikuskariak: Good for the Soul, Ressonàncies (d’una música callada f. (Barranco, el regreso de la Filoxera).
  • Pentsatu eta Maitatu (Un punk Ejemplar, El camino del Ruido, La estafa del amor, If the Clouds Fall).

Atal paraleloak

Atal paralelo hauek osatzen dute Dock of the Bay jaialdiaren egitaraua: Dock Live! Kontzertuek, Kokoshca eta Diego Vasalloren emanaldiek eta Dock of the Bay solasaldiek. Horiek guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura departamentuaren laguntzari esker antolatu dira, eta Koldo Mitxelena Kulturunean (Santa Teresa komentua) eskainiko dira ekainaren 20an eta 21ean.

Ostegunean, hilak 20an, 12:30etan, Lo itxurak egiten ari zinen bitartean esan nizuna-k 90. eta 2000. hamarkadetako mainstream ikonoetatik edaten duten irudi eta narratiba garaikideez solastatzeko eta pentsatzeko gune bat proposatuko du. Julen Gorosabel, Elena Contreras eta Cris Somavilla solastatuko dira.

Biharamunean, 12:30etan ere, Zer-nola eragin du digitalak zinema dokumentalaren kritikaren birkonfigurazioan? goiburuko mahai inguruaren txanda izango da. Kritikaren esparruko hiru ahots bilduko dituen mahai inguru horretan hainbat modalitate aztertuko dira, irudien hedapenak hedabide tradizionalen eta aldizkari espezializatuen mugak gainditu dituztenak, hala nola podcastak, sare sozialak eta plataforma digitalak. Mariona Borrull, María Guerra eta Blanca Martínez solastatuko dira.

Dock of the Bay musika dokumentalaren Donostiako zinema jaialdiak egitarau osoa aurkeztu du

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude